Produktibitatearen paradoxa. Kooperatibak eta enpresa publikoak
Produktibitatearen paradoxa. Kooperatibak eta enpresa publikoak
- Badakigu kapital-enpresen inbertsioa sustatzeko mekanismoak eta enpresa kooperatiboen eta enpresa publikoen inbertsioak sustatzekoak erabat ezberdinak direla. Interesgarria da aztertzea zer lotura duen bereizketa horrek garai neoliberaleko «produktibitatearen paradoxa» deritzogun arazoarekin.
- Printzipioz, produktibitatearen paradoxa, funtsean, diruzko edo merkatuko produktibitatearen eta produktibitate sozial edo materialaren arteko bereizketa bat bada, ikusi dugu inguruabar hori aurrerapen teknologikoek prezioen murrizketan izandako inpaktuaren ondoriotzat jo daitekeela, batez ere. Horrek, gelditu egingo luke merkatuko produktibitatearen hazkundea.
- Ikuspegi horretatik, badirudi ez dagoela alde garrantzitsurik dinamika horrek kapital-enpresen eta kooperatiben inbertsiorako pizgarrian duen inpaktuan. Merkatuko produktibitatearen bilakaera eskasak bi enpresa-mota horien inbertsiorako pizgarria murriztuko du, zaila izango delako bakoitzaren inbertsio produktibitateari errentagarritasuna ateratzea. Merkatuko produktibitatean islatzen ez den produktibitate sozial edo materiala ez da «errentagarria» ez kapital-enpresentzat ez kooperatibentzat. Bi kasuetan, prezioaren murrizketen onura soziala enpresatik kanpora eramaten da (bezeroengana, batez ere), eta aurrerapen teknologikoetan lider diren enpresek baino ez dute errentagarri egiten[1].
- Hala da; bi enpresa-mota horietan, errentagarritasuna lortzeko itxaropen urriagoek merkatuko batezbestekoa islatzen dute, eta batezbesteko hori ezin zaio kasu zehatzari aplikatu. Nolanahi ere, arlo teknologikoan aurreratuta dauden enpresek beti izango dute inbertsioak errentagarri egiteko gaitasun handiagoa, hasierako prezioan saldutako produktu bihurtzen baitituzte, merkatuak aurrerapen teknologikoak berak lortutako kostu urriagoen inpaktua deskontatu baino lehen. Era horretan, enpresa teknologikoki aurreratuek –kooperatibak zein kapital-enpresak– inbertsio-pizgarri altua mantenduko dute.
- Badirudi egoera erabat ezberdina dela enpresa publikoen kasuan. Enpresa horien xedea beti da interes orokorra, enpresa sortu duen edo ikuskatzen duen organismoak harentzat ezarritako helburu berezien bidez zehaztuta.
- Horrek esan nahi du enpresa publikoek aukera dutela inbertsio produktiboek sortutako produktibitate soziala edo materiala «errentagarri egiteko», eta ez soilik diruzko produktibitatea errentagarri egiteko. Enpresa horiek ikuskatzen dituzten erakundeek haien inbertsio produktiboa sustatu ahal dute nahiz eta ez lortu errentagarritasunik merkatuko produktibitatearen bidez. Horretarako, oinarri izango da produktibitate sozialaren edo materialaren aurreikusitako gorakaden interes orokorra. Halako motibazio publikoen inpaktuak lotura zuzena izan dezake erakunde ikuskatzailearen lurralde-eremuarekin. Lurralde-eremu hori zenbat eta txikiagoa izan, zailagoa izan daiteke bakoitzaren lurraldeak berez errentagarri egitea produktibitate sozial edo materialaren gorakada horiek.
[1] Salbuespen teoriko gisa, aktibo ugari dituzten interes orokorreko kooperatiba «industrialen» edo zerbitzuen kooperatiben kopuru urria aipa dezakegu. Bezeroak dira enpresen jabeak, banaketa-sareen jabe diren banaketa elektrikoko kooperatiba batzuetan gertatzen den bezala. Halako kooperatibetan, bazkideek beren kabuz egiten dituzte errentagarri inbertsio produktiboaren bidez lortutako kostuen murrizketak.
PDF: drive.google.com/file/G8xwHHLrRjNF8gY8D/view
Produktibitatearen paradoxa. Kooperatibak eta enpresa publikoak