PowerPointen Aurkako Alderdia sortu dute Suitzan

APPPAlderdi Pirata, Zezenketen Aurkako Alderdia, Cannabisaren alderdia… Alderdi txiki eta xelebreak, botoa ematera goazenean eta haien txartelak ikusten ditugunean, irribarretxo bat sorrarazten diguten alderdiak dira. Eta hala da jaun-andreok, demokrazian, guztiek (ia guztiek) beren kausa defendatzeko alderdi politiko bat sortzeko eskubidea dute. Eta eskubide horri helduz, PowerPointen Aurkako Alderdia (APPP) sortu dute Suitzan, eta laugarren indar politikoa izan nahi dute!

Suitzan PowerPoint aurkezpenak deuseztatu nahi dituen alderdia sortu dute eta erreferendum baten bidez horien debekua proposatu nahi dute. Izan ere, haien webgunean azaltzen dutenez, PowerPointeko aurkezpenen erabilerak 1.780 milioi euroko galerak sortzen ditu Suitzan, eta 110.000 Europa mailan.

Gainera, alderdiaren arabera, jendeak PowerPoint erabiltzen du beste metodo batzuk hiru aldiz eraginkorragoak direla jakin gabe, betidaniko arbelak, adibidez.

Beraz, oraingoz, alderdi berri honen egiteko nagusia Microsoften produktu hau mugatzea da. Komunikatu batean adierazi dutenez, Suitzako laugarren indar politikoa izatea espero dute eta Europa osora zabaltzeko helburua dute, baita Euskal Herrira ere.

APPPren kalkuluak astero aurkezpenak ikusten dituzten langile publiko eta pribatuetan oinarritzen dira.  Haien arabera, langileen %85ek ez du probetxuzko ezer ateratzen aurkezpen horietatik, denbora galdu besterik ez dute egiten. Beraz, APPP “munduan egunero lanean edota unibertsitatean aurkezpen aspergarriak ikustera behartuta dauden eta orain arte ordezkaritza politikorik izan ez duten 250 milioi pertsonen defendatzailea da”.

Taldearen estrategia komunikabideetan agertzea da eta, horretarako, “nazioarteko alderdi politiko bat osatzea beharrezkoa da, komunikabideen arreta hobe erakartzeko”. Suitza aukeratu zuten mugimenduaren egoitzatzat han “munduko edozein pertsona alderdi politiko baten kide bihur baitaiteke”. Gainera, beren mezua ahalik eta urrutien iris dadin kolaboratzaileen laguntza eskatu dute edukiak ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzeko.

UDAZKEN KOLOREAK

2 pentsamendu “PowerPointen Aurkako Alderdia sortu dute Suitzan”-ri buruz

  • HAu duk, hau, jotakeria galanta!

  • Gonzalo Etxague 2011-07-06 20:13

    Hau guztiau gizarte endekatu baten ondorioa da; bestela, ez da ulertzen. Eta gizartea esaten dudanean, mendebaldeko edo “lehen munduko” gizarteaz ari naiz. Askotan pentsatu dut teknologiaren lilurak bizi gaituela, demontrezko aparailua edo baliabidea erabiltzeagatik funtsa baztertzen dugula; esaterako, aurrez aurrekoaren ordez on line-eko jarduna hobesten denean, modernoagoa eta txumatxa delakoan. Horri aurre egin behar zaio: teknologia bitartekoa dela aldarrikatu, ez helburua. Baina hortik alderdi politikoa ateratzea frikikeria hutsa da. Gainera, boto asko jasoko ditu, ziur. Kontua txantxetan har liteke, baina oso larria da. Gaurko mundu honetan, oraindik XXI.mendean goseak (mendebaldeak) jendea hiltzen duenean, arinkeria barkaezina da!