Post-zapaterismoa: suizidio politikoa edo hautagai aldaketa
Ez zuen asko itxaron Fernando Gareak, bere blogean, igandeaz geroztiko guztia post-zapaterismo bezala izendatzeko. Tomas Gomezen garaipena, PSOEren adar baten, ofizialaren porrota da. Gareak, galdera zorrotza luzatzen du: “Ze unetan eta zergatik utzi dio oinarrien babesa izateari Alderdi Sozialistaren buruzagi eta Espainiako Gobernuko presidenteak?”
Inkesten arabera, PSOEri bozka emango lioketenen kopuruak nabarmen egin du behera eta PP gainetik izateaz gainera, oso urrun du.
Baina krisi honek Zapaterori bakarrik eragiten dio ala bere laguntzaile eta ezinbesteko diren Jose Blanco eta Rubalcabari ere bai?
Zapateroren erantzuna
Igandetik igandera, Zapateroren etorkizunaz idatzi du gaur Azpioleak El Paisen. Bere hautagaitzaren erabakia pertsonala izango dela dio, besteak beste. Krisi ekonomikoari irteera emateko helburua du Espainiako presidenteak, eta horretara jarriko dituela asmo eta bitarteko guztiak dio, Azpioleak Zapateroren inguruari egindako galderetatik, irakurri daitekeenez.
Krisi ekonomikoari konponbide egokia emateak euskarri bat eman liezaioke Zapateroren ospe ahulduari, baina azken kolpea ere izan daiteke gaizki ateraz gero.
Euskal gatazkaren irtenbide positibo batek zer nolako eragina izan lezake Alderdi Sozialistaren izena ona eta hauteskunde itxaropenak igotzeko? Izan ote liteke gatazkarena Alderdi Sozialistaren ezkutuko karta?
Zapaterok ez du urtea amaitu baino lehen iragarriko hautagai izatera aurkeztuko den hirugarrenez.
Aurkezteari uko egingo balio Post-zapaterismoa indarrean litzateke eta PSOEk hautagaitza berri baten aukera aztertu beharko luke. Nor izango litzatekeen ez dago garbi: ahots batzuek Rubalcabaren alde egingo luketela diote, baina presidentetzarako karisma nahikorik ez izatea leporatzen dio gehiengoak.
Egun Espainiako presidente denak hauteskundeetarako bere hautagaitza onartuko balu, krisi ekonomikoari aterabiderik eman gabe, suizidio politiko ia ziur batean aurrean egongo litzateke.