Politikarien amnesia
Politikarien amnesia –
Osasunerako Mundu Erakundeak oso serio hitz egin beharko luke gaiaren inguruan: botereak amnesia larria sor dezake. Indarrak batu, tabua gainditu eta gaixotasuna plazaratu egin behar da lehenbailehen, gizartearen hobe beharrez. Argitara atera den azken amnesia kasua Espainiako agintari berrien artean dago. OMEak oso larritzat jo du, lotsagabekeria bista-bistakoa baita.
Duela hilabete batzuk -oposizioan zeudela-, zergak igotzea sutsuki gaitzesten zuten, horrek krisia areagotu egingo baitzuen eta, hara! Orain, boterera heldu bezain pronto, zergak igotzearen alde daude guztiak. Larria, oso.
PPkoak ez dira agintera heldu eta oroimena galdu duten lehenak, ezta azkenak ere, tamalez. Gaixotasunak gogor jotzen omen du eta, batzuetan detektatzea zaila den arren, agintarien %89k dutela uste da.
Arazoa larria da, ez da txantxan hartzeko modukoa. Zer ote du oposiziotik agintera pasatzeak, oroimenean gisa horretako txikizioa sortzeko? Columbiako Unibertsitatean dagoeneko ari dira txerto baten bila ikerketak egiten.
Politikarien amnesia