Texaseko herri bateko ikasleak Mexikoko ereserkia kantatzera behartu dituzte gaztelaniazko klasean
Texaseko herri bateko ikasleak Mexikoko ereserkia kantatzera behartu –
Brenda Brinsdonek 15 urte ditu eta Texaseko MacAllen herrian bizi da, Mexikoko mugatik 10 kilometrora. Pasa den irailaren 16an, Mexikoko independentziaren egunean, bere gaztelaniazko irakasleak Mexikoko ereserkia kantatzera eta Mexikoko banderaren zina egitera behartu zituen Brenda eta bere ikaskideak. Baina neska gazteari ez zitzaion ideia ona iruditu eta eserita geratu zen eta guztia telefonoarekin bideoz grabatu zuen.
“Gehiegizkoa zela pentsatu nuen, ez nuen uste ondo zegoenik. Mexikori leialtasuna zin egiteak ez du zerikusirik gaztelania ikastearekin”, zioen gazteak. Irainduta sentitu zela gehitu zuen, irakasleak jarduera hori AEBetako “Askatasunaren Astean” bete-betean proposatu zuelako, irailaren 11ko atentatuen 10. urteurrena ospatzen zen astean. “Zergatik ari gara ospatzen beren independentzia hemen Askatasunaren Astea denean?”.
Brenda eta bere aita Achieve Early College High School ikastetxeko zuzendariarengana jo zuten kexuka, baina hark jarduera ikasgaiaren curriculumean jasota zegoela esan zien eta, horrenbestez, Brenda parte hartzera behartuta zegoela. Mexikoko ereserkia ikasleei hizkuntza gaitasunak hobetzen lagunduko dizkien “hitzak soilik” direla gehitu zuen.
“Gure seme-alabek ez dakite AEBetako ereserkia kantatzen ere; eta hori gutxi izango ez balitz bezala, Mexikoko ereserkia ikastera eta errezitatzera behartzen dituzte. Atzera egiten ari gara”, kexatu zen Brendaren aita.
Baina buelta gaitezen etxera eta ikus ditzagun gauzak hemendik. Zer irudituko litzaizueke zuen seme-alabei Ingalaterra, Frantzia edota Espainiako ereserkia (tira, Espainiakoari noizbait hitzak jartzen badizkiote) kantatzera behartuko baliete hizkuntza trebakuntza eta kulturen ezaguera jarduera gisa? Inongo minik egingo al die horrek? Deseuskaldudun egingo al ditu?
1848an Mexikok bere lurren erdia galdu zuen, AEBek konkistaturik. Bi herrialdeen arteko gerraren arrazoietako bat izan zen Texas Mexikotik bereiztea. Geroztik, muga Rio Bravon dago.
Bideo hori behar bezala ulertzeko, beharbada ikusi behar litzake chicanoak konkista hartaz gogoratzen diren.
Gertakari honek Mexikoko iparraldean eta AEBko hegoaldean maiz entzuten den esaera ekartzen dit gogora: “Yo no crucé la frontera, la frontera me cruzó” (Neuk ez nuen muga zeharkatu, mugak zeharkatu ninduen).
Agerikoa da, Texaseko eskola batean Mexikoko banderari zin egitea eta zutik ereserkia kantatzea ez dela ohiko hizkuntza-jarduera, baizik beste zerbait. Holako gauzak ez dira inozenteki egiten. Pentsatzen dut inguru hartan jende asko mexikar bezain estatubatuar sentituko dela, gutxienez.