Parke naturalen desegokitasun frogatua
Gizakiaren populazio gorakadak animalien eta basapiztien bizitzan eragin larriak izaten hasi zen joan den mendeko azken hamarkadetan. Egoerari irtenbide kontserbazionista ematearren sortu ziren erretserba naturalak; ama lurraren oasi bezala ia ia. Haatik, emaitza pozgarriak lortu beharrean, azken 30 urteetan, beherakada izugarria jasan du animali kopuruak Kenyan, Nairobiko ACC eta Bristoleko Unibertsitateak argitaratutako lanaren arabera. Ikerketarako, Kenyako 23 parke eta 26 erretserbetako azken hiru hamarkadetako inbentarioak aztertu dituzte. Emaitzak dio %40 murriztu dela basapiztien kopurua herrialdean, babestutako guneak barne hartuta; zenbat eta handiago izan parkea orduan eta galera maila handiagoa izan dutela ere azpimarratzen du ikerketak.
Lau kausa nagusi daude beherakada azaltzeko, adituen ustez:
- Lehorteak: Gero eta ugariagoak eta baita luzeagoak ere. Kalte ikaragarriak eragin dituzte.
- Urtaroko migrazioen blokeoa: Gune naturalak diseinatzerako orduan oso gutxitan izan zituzten kontuan animalien ohitura migratzaileak. Parke hauetako inguruetan nekazaritza ahalbidetzean bizirauteko beharrezko dituzten migrazioak oztopatu dituzte. Honek ere lehorteei aurre egiteko baliabideak ukatzen dizkie bertakoei. Honetaz gain, nahiz eta erretserba batzuk benetan handiak izan, elefanteek lur eremu ikaragarri handia behar dute eta, gehienetan, beharrezkoa baino gutxiago izateagatik kalte handiak eragiten dituzte jirafa eta inpalen bizitokietan.
- Bertako tribuen desadostasuna: Gune naturalak tribu askoren bizileku naturalean sortu ziren, hauen oniritzirik gabe. Nekazaritza eta abeltzaintza praktikatzeko ezinezkotasunak bultzatuta, isileko ehiza izan dute irteera bakarra.
- Parkeen tamaina: Erretserba gehienak kontrolatu ahal izateko tamaina baino askoz handiagoak dira; honek, bertako bizilagunen konplizitate eta sentsibilizazioa zaildu egiten du. “Nairobi National Park, Amboseli eta Nakuru parke txikiek, bertakoen laguntza dute ondo zainduak izateko”, David Western-en hitzetan, Kenyan Wildlife Serviceko zuzendari ohi eta ikerketaren egileetariko bat.
Ikerketak Kenyako datuak baino ez baditu biltzen ere, Afrika osora eta Ameriketara ere estrapolatu daitezke, Westernen arabera. Gainera, aurki argitaratuko duten beste ikerketa batetan argi uzten dute gune naturaleko komunitateekin harreman ona izateak ikaragarri laguntzen duela animalien bizi-kalitatean. Lortu beharrekoa “giza talde horiei honen garrantzia transmititzea da”, Westernen iritziz; “nekazal turismoaren onurak ezagutzera eman behar dizkiegu; basa bizitza salbatzea onuragarria izango da beraientzat ere bai”.