Pakistanen SMS mezuetako 1.600 hitz baino gehiago zentsuratuko dituzte
Bularra, kondoia, homosexuala, taxia, atzeko atea, ergela, hil, bortxatu, Satan, Jesukristo, esklaboa, frankotiratzailea, herpesa, hilekoa, mingaina, zuloa eta abar. Hitz horiek, hitz gordinez gain -bai ingelesez, bai urduz-, zentsuratuko dituzte Pakistanen SMS bidez bidaltzen diren mezuetan.
Pakistango Telekomunikazioen Agintaritzak (PTA) SMS mezuetako eduki “lizun, gordin, faltsu edo asmatuak” zentsuratu egin behar direla adierazi du. “Konstituzioak bermatzen dituen intimitate eta adierazpen askatasun eskubideak ez dira mugagabeak eta legeak ezartzen dituen zentzuzko murrizketen mende daude”.
Hala, PTAk sektoreko enpresa guztiei eskatu die 1.600 hitz eta esamolde baino gehiago erabiltzea galarazten duen sistema eraginkorra ezartzea telefono mugikorretako erabiltzaileen SMS mezuetako edukiak kontrolatzeko. Horrez gain, hilero, blokeatu dituzten mezu kopuruaren txosten zehatz bat aurkezteko eskatu die.
Eta galdera da: zer lortu nahi dute horrekin? Debekatutako hitz horiek SMSetatik erauztea lortuko dute, baina sekula ez solasaldi pribatuetatik.
Gezurra dirudi, debekatzeagatik debekatzea da. Ez det uste denbora askorik beharko dutenik “legezko” aldaerak topatzeko: bularrei madari, kondoiari poltsa, taxiari (edozein debekatzea eskizofrenikoa iruditzen zait baina zergatik debekatu taxi?) kotxetxo…. eta horrela 1600 hitzak ordezteko “bideak” segituan topatuko dituzte ta orduan zer? 1600 berri debekatuko dituzte eta ezingo du inork kotxez madariak erostera joan poltsarekin?