Pais petit

Pais petit –

“Nire herrialdea hain txikia da, ezen eguzkia, lotara joaten denean, inoiz ez da guztiz seguru ikusi hura ikusi izanaz”

Pais petitEta egun hauetan are txikiagoa da nire bigarren aberria, are txikiagoa da 12 aulkitan kabitzen baita herrialde oso bat eta bere duintasun guztia.

Eguzkia ezkutatu da gaur ere, eta ez dago ziur ea herrialde txiki hori ikusi duenentz, izan ere, gaur ez da egon betiko tokian, gaur lekuz aldatu baitute; bortxaz, poliziaren ibilgailuetan atxilo eta derrigorrez.

Egun oso bat, eta eguzkiak, lotara joan aurretik, ez du jakin izan norantz begiratu, herrialde oso bat galdu baitu ziega eta Tribunal Gorenaren itzaletan.

Hala ere, ilunabarrean, zazpiak aldera, izan da itxaropenik eguzkiak egunez galdutako herrialdearen izpi zantzu ahul batzuk sentitu baititu, txiki baina ozen, umil baina harro.

Tamalez, gaua heldu da, eta denok gure etxeetara erretiratu ahala, eguzkiak bere herrialde txikia galdu du berriro, eta hamabi auzipetuak beren ziegetara bueltatu behar izan dute.

 

El meu país és tan petit

que sempre cap dintre del cor

si és que la vida et porta lluny d’aquí

i ens fem contrabandistes,

mentre no descobreixin

detectors pels secrets del cor.

 

Eta horretan gabiltza gau eta egun, bihotzeko sekretuen muga-pasan, elkartasun trukean.

Pais petit

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz