Obamari mania

Barack Obama, by Jurvetson, Flickr
Barack Obama, by Jurvetson, Flickr

Bush-en legatuak Obamaren mesederako jokatu zuen. Etsitako, nazkatutako gizartea topatu zuen hautagai demokratak. Are gehiago, mundu osoa zegoen garaiotan EEBBetako presidente zenaren gehiegikeriekin izututa. Haize freskoa bailitz heldu zen Obama.

Diskurtso lagunkoia zekarren. EEBBk munduan zehar zituen arazoei elkarrizketa bidez irtenbidea topatuko ziela zioen. Irak, Iran edota Kuba, guztiekin ongi eramateko prest heldu zen. Gaztea, guapoa eta beltzarana. Berlusconi bera ere konkistatu zuen. Eskuindar, zein ezkertiar, Obamak ahots larriz esaten zuenari erakarriak sentitu ziren.

Baina diskurtsoetatik haratago joateko ordua ere heldu zitzaion presidente berriari, eta orduan egin zuen topo errealitatearekin. Hau egin nahi eta bestea haserretu… Ezin denak kontent eduki. Munduak Obamarekiko izan duena erakarpena izan da, kasik beroaldi bat. Hotzean, ordea, aldaketa ez da hainbesterainokoa izan.

Eta hilabetez isil samar igaro diren errepublikarrak hasi dira mugitzen. Larunbatean milaka eta milaka bildu ziren Washingtoneko Kapitolioaren parean. EEBBtako txoko ezberdinetatik etorritako herritarrak. Haserretutako errepublikarrak. Ultrak zirela esan dute hainbat hedabideetan, baina ezin da ahaztu ultrak deitzen dien horiek ez direla kontuan ez hartzeko moduko gutxiengo bat.

Anti-Obama manifestazioa izan zen. Ez hark hartutako neurri jakin baten aurkako protesta, beraren aurkakoa baizik. Obamaren politika egiteko moduaren aurkakoa, hilabeteotan harturiko neurrien kontrakoa.

Errepublikarrengadik halere espero zen, lehenago edo beranduago kalera irtetzea edo protestan hastea. Baina herritarrengan eta munduan ere sortu du atsekabea Obamak.

Nazioartean ere ez ditu gauzak etxean baino samurrago. Azken liskarra Txinarekin izan du. Herrialde hartatik inportatutako neumatikoei %35eko muga zerga ezarri die eta horrek Pekinen haserrea sortu du. Kubarekiko harturiko neurriek ere oraingoz ez dute aldaketa handirik ekarri. Fidel Castrok ohartarazi zion hasieratik: “Kubak ez du limosnarik nahi, blokeoaren amaiera baizik”. Iranek ere aurrera darrai programa nuklearrarekin. Afganistanen egoera geroz eta larriagoa… Etabar, etabar.

Orain inork ez du Obamaren gaztetasun edo edertasunean arretarik ipintzen. Neurriak eta irtenbideak eskatzen dizkiote leku guztietatik. Ikusi beharko Obamania, Obama manian ez bilakatzeko zein estrategia erabiltzen duen…