Nork daki non Serbian

Telebista eta irratian gerran desagertuen bila. Urrundu edo galdu zirenak aurkitzeko esperantza elikatzen. Eta gerrak banandu ziren herri eta nazioak elkartzeko saiakera eginez 18 urte beranduago.

Potraga (Bilaketa) izena du Belgradeko B92 kateak eskaintzen duen saioak eta 400.000 ikusle ditu. Serbia, Bosnia, Kroazia eta Montenegron ikus daiteke. Bederatzi hilabete daramatza antenan, eta 470 kasu aztertu dituzte. Gerran hil eta desagerrarazi zituztenen kasuak izan daitezke, baina baita harremana galdu duten senideen artekoak ere.

Kasuak

Zoran Djurovicen kasua izan daiteke aipagarrienetako bat. Sarajevoko polizia zena desagertu egin zen 1993an. Hura bilatzeko senitartekoek agintari bosniar eta serbiarrengana jo zuten, baina alferrik. Saioan kasua aztertu eta bost minutura deitu zuten Serbian bizi zela esateko. Djurovicek, bere arrebaren erreguei muzin eginik, nahiago izan zuen pantailaren aurrean ez agertu.

Djurovicen kasuak ez zuen aterabide ona izan, baina saioak zortzi pertsona aurkitu ditu eta beste sei aurkitzeko bidean dira. Baina kasu bakoitza arretaz aztertu beharrekoa da, gehienetan nahita desagertu baita pertsona.

Datu ofizialen arabera, 18.000 dira Balkanetako gerran desagertutakoak. Gehienak gerrako frontean hildakotzat jotzen dira. Potragak ezin du kasu horietan ia ezer egin. Bada beste drama bat ordea Balkanetako herri horietan. Drama hori giza trafikoarena da.

Ekaineko saioetako batean, duela zazpi urte Pancevon desagertu zen zazpi urteko neska baten informazioa eskatzen zen. Egun batzuk geroago desagertuaren email bat jaso zuen saioak. Bertan, giza-trafikoaren ondorio izan zela, eta modu ilegalean Italian bizi zela esaten zuen.

Gerra bukatu bazen ere, gerraren itzalak hor jarraitzen du.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.