Non dira bakerako eta akordiorako deiak?

Non dira bakerako eta akordiorako deiak? –

Oso ohituak gaude gure agintariengandik bakerako eta akordiorako deiak entzuten eta zer-pentsa eman dit orain halakorik ez entzuteak. ETAk ez zuen frankismoan ere existitu behar; Kataluniak ere ez zuen bakea eta akordioa arriskuan jarri behar 2017ko udazkenean, zeren ez dago helbururik pertsona bakar baten heriotza zuri dezakeenik, baina oraingo honetan Errusiaren inbasioaren gaitzespenak baino ez dira entzuten Mendebaleko agintarien ahoetatik, denak batean, eta horiekin bat EAEko Eusko Jaurlaritza –Nafarroakoak ez dakit ezer esan duen–, eta inbaditzailearekin ulerkor, negoziatu beharra aipatzen duten bakarrik Txina, India eta Arabiar Emirerriak dira; giza sufrimendua arindu nahi balute bezala, inbaditzailea deabrutu gabe. Bakearen maitaleago ote dira Mendebaleko agintariak baino? Ezetzean nago!

Non dira bakerako eta akordiorako deiak?Behin eta berriz entzutera ohituta gauzkatenaren arabera, Zelenski Ukrainako presidenteak eta haren gobernukide eta gogaideek xede nagusitzat bakea arriskuan ez jartzea behar zuten izan; eta, horrenbestez, Donbassen beste modu batera jokatu behar zuten 2014tik hona, eta garrantzizkoena, bake eta akordio bila senperrenak eta bi egin beharrean ziren Errusiako agintariak, bereziki Putin, tsar berria, ez zirikatzeko eta bere onetik ez aterarazteko.

Bada, ikusten duzue, Mendebaldeko agintari boteretsuenak eta bigarren mailakoagoak ere armak ematen ari zaizkio Ukrainari Errusiaren inbasio inperialistari aurre egin diezaion;  jakinda, ondo jakinda ere, militar askoren eta zibil askotxoren heriotza ekarriko duela jokabide horrek eta desplazatuak bost bat milioi lagun izan daitezkeela; hots, sufrimendu eta ezinbizi itzela ekarriko diela ukrainarrei, gerrak aurrera egin eta amaitzen den bezala amaitzen dela ere.

Horretaraz gero, gori-gori den gerra honek erakusten digu estaturik gabeko nazioek men egin behar diotela menpean dauzkan estatu inperialistari, eta inoiz ez jo hartatik bereiztera; alabaina, delako estatu inperialista AEB eta NATOrekin lerrokatua ez dagoenean, orduan erabateko burujabetza nahi duen estatuak badu eskubidea estatu inperialistari armen bidez aurre egiteko; horretarako, zibilen erailketek eta haien erbesteratzeek dakarten sufrimendua onartu beharra badago ere, eta azken jokabide hau gainera, ukrainarrek egun erakusten ari direna, miresgarri ere bada Mendebaleko agintarientzat. 

Benetan, estatuen lehen xedea bakea balitz, armak suntsitzea izango lukete helburu nagusitzat.

Ez dakit zenbat gorabeherako izango duen gerra honek –2022-02-27an ari naiz idazten–; nolanahi ere, Ukrainari ahalik eta burujabetza handiena opa diot eta horretarako, nire iritzirako, AEB (+EB), Errusia eta Txinako estatu inperialisten interesekiko ahalik eta neutraltasun gehiena lortzea ezinbestekoa du. Ezin du burujabe izan Errusiak mendean duela, baina ezta AEBek eta EBk menpean dutela ere. 

Ukrainarrentzat honek guztiak ekar ditzakeen alde txarrak begi bistakoak dira; izan dezakeen alde ona izan liteke ukrainar identitatea sendotzeko baliagarri gertatzea; eta burujabetza politiko-kulturalaz kontzienteago, lagungarri gertatzea ahalik eta neutraltasun gehien lortzeko estatu interesatuen artean. 

Gora Ukraina burujabea!

Non dira bakerako eta akordiorako deiak?

Saiakera-idazlea

10 pentsamendu “Non dira bakerako eta akordiorako deiak?”-ri buruz

  • Alpargatero 2022-03-01 14:14

    Lokazti ederrean sartu da Putin! Ez dirudi hasitakoa labur eta azkar amaitzeko aukerarik izango duenik. Nork engainatu du tranpa horretan sartzeko? Ez bada berehala ateratzen sartu den ataka horretatik haren azkena izan daiteke, baita Errusiarena berarena ere, ezagutzen dugun moduan behintzat, eta hango lehengai-aberastasuna gutiziatzen duten txinatar eta mendebaldarrak, pozarren!

  • Benat Castorene 2022-03-01 17:05

    Alpartagero, kontziente izan behar gara azkena izan litekeela, ez bakarrik Putinentzat eta Errusiarentzat, baina gu guziontzat ere bai. Tristeena izan liteke batez ere belaunaldi berrientzat.

  • Alpargatero jauna, zuk idatzia irakurrita ondorengoa etorri zait gogora. Duela asko ez dela Putinek, “zertarako nahi dugu Errusia esistitzen ez deneko planeta bat?”. Ez da zaila zer esan nahi zuen antzematea. Agintean jarri zenetik egon da gerra hau prestatzen eta era askotariko abisuak emanez joan da, baina inork ez zion serio hartzen. Hainbeste urtez prestatzen egon ondoren, orain ez da geldituko. Eta Ukrainan arma nuklearrak erabiltzea beste aukerarik gelditzen ez bazaio, erabili egingo ditu ziur. Esperantza bakarra, Historia aldatu nahi izateko errusiar armadako norbaitzuk aginduak ez betetzeko erabakia hartzea, gizateria Errusiaren gainetik dagoelako.

  • Benat Castorene 2022-03-03 11:00

    Bai agian behar orduan izanen da jendea pentsatzeko “gizartea Errusia gainetik dagoela”. Gainera Errusia ere gizartearen zati bat da .
    Oraintxet Itzultzen ari naizen SWek erranen zuen ongia Errusiaren gainetik dagoela baina kasu honetan berdin heldu da.

  • Ez dakit Putinek behea joko duen. Iraken hogei urte daramatza AEBek; ez dakit esan litekeen, gaur dakiena jakin izan balu 2003an, AEB ez zela han sartuko, baina han iraun du, eta, oker ez banago, kalterako gehiago onerako baino.
    Putinek eta Errusiako agintariek, segur aski, ez dute amore emango Ukraina NATOn ez dela sartuko bermatu arte, eta, baliteke, gaur egunetik ikusita, oso probable ez badirudi ere, arrazoi ekonomikoengatik batez ere, azkenean, Europar Batasunak Ukraina konbentzitzea neutral hobe duela, hedabideetan nola edo hala mozorrotuko duten arren.
    Momentu honetan EBk politika militar propiorik ez duelako AEBen menpe dago, eta AEBen interesetarako ona da EBk Ukrainari armez laguntzea, eta batez ere AEB eta EB inoiz baino batuago egotea Errusiaren aurka.
    Irakurri ditudan hainbat artikulu oso faltsuak ez badira, AEBek Txina eta India ahuldu nahi ditu Pazifikoan, eta Errusia Atlantikoan, bera orain arte bezala, munduan jaun eta jabe izateko. Estatu Batuetako eliteei ez datorkie gaizki Europan gerra egotea.
    Orain arte esan dudanak ez du esan nahi Ukraina faxistez betea dagoenik –azken bozetan %2,5 atera zuten Vincent Partal-i irakurri diodanez; Espainian Voxek askoz boto gehiago du–, eta merezia duenik; inondik ere ez, baina dagoen tokian egonda, gaur egun, munduko potentzia handienen jokoa ikusita, ez zaio beste hauturik geldituko neutral gelditzea baino. Eta noski, larrutik ordainduko du Errusiari kontra egin izana alde guztietatik. Errusiak baino askoz gehiago, nire iritzirako.
    Guk ere, europarrok, ordainduko dugu ekonomikoki.

  • Ona, Pako!
    Josep Borrellek, Europako Kanpo Harremanetarako Goi Komisionatuak, eta “diskrezio” kontzeptua ezezaguna zaionak, esana du: gerra batean gaude. Eta gerran gaudenez, etsaiarekin bakea eskatzea traizioa da. Okerrena da NATO hila zegoenean Putinek hura berpizteko asmoarekin sortutako tranpa aktibatu duela.
    Europar Batasuna da Errusiarekin harreman txarrak izan nahi duen azken potentzia: lehengaietan munduko erreserba handienetakoak eskura izatea, teknologia beharrean dagoen herrialde oso bati makinaria eta erremintak saltzeko 300 milioi biztanleko merkatu bat, elikadura beharrak asetzeko nahi adina kilometro koadro, energia zer esanik ez… Europar eta errusiarrentzat abantailak besterik ez. Lankidetza hori ordea ez zaio deus interesatzen Washingtoni.
    Eta hara, azkenean lortu du Washingtonek EB eta Errusia gutxienez belaunaldi baterako aldentzea (II. mundu gerraz geroztik AEBn helburua dena), eta EB bere menpeko izango duela bermatzea. SESB erori ostetik AEBen amesgaiztoa zen EB eta Errusiaren arteko harreman onak eta lankidetza eragotzi dira puska baterako.
    Horretarako 2014an Ukrainako gobernua indarrez kendu zuen Euromaidan mugimendua finantzatu du Washingtonek (5.000.000.000 dolar, AEBko Estatu Idazkariordearen arabera), elementu naziek eta faxistek (ez baitira gauza bera Ukrainan) osatutako iraultza batekin. Sirian egindakoaren antzera, hasieran protesta baketsuak zirenak infiltratu, (Sirian elementu fundamentalista fanatikoekin, Ukrainan elementu nazi eta faxistekin), protesta baketsu horiek indarkeriara bideratu horretarako armak emanez eta gobernuaren erantzun biolentoa baliatu, krisia eragin eta gobernua eroriarazteko.
    1953an Iranen Mossadegh (Irango 3.000 urteko historian demokratikoki hautatu den pertsona bakarra) kentzeko CIAko agente Kermit Rooseveltek estrenatu zuten taktika berbera da. Ez dira oso originalak. Kuban ere saiatu ziren uztailan, eta berriki Kazakhstanen. Bitartean NATOren lagun diren erregimenak lasai jarrai dezakete bonbardatzen: Maroko Saharan, Saudi Arabia Yemenen, Etiopia Tigrayn… Horientzat ez da eraikinetan banderarik proiektatuko. Ez da santziorik. Ez da deus. Nobel saria, izatekotan.
    Ukrainan 2014an lortu zuten 2010eko hauteskundeetatik ateratako presidente errusiarzalea kentzea, alderdi komunista ilegalizatu zuten, errusierazko hainbat medio itxi (ez zaizue ezaguna egiten hau?), errusiarren dendak seinalatu…
    Eta gerora ezaguna da: estatu kolpearen ostean Errusiak Krimea okupatu zuen, Donbasseko populazioak gobernuaren aurka portesta hasi zuen (hau ere errusiak infiltratua, eskalatu arte), ukrainar armadak bonbardaketekin erantzun, eta Donetsk eta Luhansken independentzia aldarrikatu zuten.
    2014 osteko ukrainar gobernu guztiak NATOren aldekoak izan dira (nazi bat ere izan dute ministro), Donbass bonbardatzen segitu dute, eta Zelenskik (hasiera batean errusiarekin ondo moldatzearen aldeko kanpaina egin zuena, eta NATOn sartzeko erreferendum bat agindu zuena, gobernura iristean posizioa aldatzeko (hau ere ez zaizue ezaguna egiten?) https://www.elconfidencial.com/mundo/europa/2019-04-22/un-comico-para-gobernar-ucrania-zelenski-el-favorito-del-euromaidan_1903114/ ) galdeketa gabe NATOn sartzeko aukera pentsatzen ari zela adieraztean, NATOk publikoki erabateko laguntza inkondizionala agintzen zion bitartean, Putinek erabaki du Donetsk eta Luhansk militarki laguntzea soilik ez zela nahikoa, eta inbasioa zela geratzen zitzaion aukera.
    Errusiako tropak 2014ko estatu kolpe ostetik zeuden Ukrainako mugan. 7 urtez egon dira hor. 7 urtez egon da negoziazio zain Errusia, eta NATOk berekin jolastu du. Errusiak (ez Putinek, edo Yeltsinek, edo besteak, ERRUSIAK) ez du inoiz onartuko bera etsaitzat duen aliantza baten misilak Moskutik 600 kmra egotea. Eta horrekin jostatu du NATOk. Putin beretzako prest zegoen tranpan erori da. Erdi hila zegoen NATO berpiztu da, Errusia ogro gisa geratu da (badelako), Putinen erregimena krisian sar daiteke, eta Suitza bera bere neutraltasun politika errebisatzen hasi da. Aldaketak datoz munduan. Eta Washingtonen azken kezka Ukrainako herritarren ongizatea eta demokrazia nahia dira.
    Baten batek planteatuko du Putin gaiztoak Ukraina gaixo eta txintxoa herra eta maltzurkeria hutsagatik inbaditu duela…

  • Suediak hartu duen erabakia burutsua eta egokia. Egur gehiago ez bota sutara! Chapeau!

  • Zergatik ez da ikusten Ukrainako gerra amaitzeko modurik? Egia da Zelenski oso gogor agertzen dela, baina nire hipotesia labur-labur adierazita: amerikanoen itzal luzeagatik. Elite amerikarra, militar-ekonomikoa, eta haien europar filialak, esan dezagun.

    Ez da erraz ulertzen eta sinesten. Frantsesek 40 egunetan eman zuten amore alemanen inbasioaren aurrean II. Mundu Gerran. De Gaulle Londresera erbesteratu zen, eta Lehen Mundu Gerrako heroi Pétain-ek negoziatu eta armistizioa sinatu zuen. Paris salbatu nahi zuten, frantses hiriak eta herritarrak salbatu nahi zituzten, eta beste erremediorik ez zuten, alemanak hobeto prestatuta baitzeuden gerrarako.

    Europar Batasuna, baina, Ukraina armatzen eta Zelenski heroi mediatiko gisa goraltxatzen ari da. Mariupolen 100.000 herritar goseak eta urik gabe daudela! Ukrainarrek modurik ez badute hiri hori berreskuratzeko, eta ez dute izango, dagoeneko amore eman beharra zuten. Mariupoleko herritarrak ezin dira martiri bilakatu. Ezin da Mariupol II. Mundu Gerrako San Petersburgo bilaka, non milioi eta erdi herritar hil ziren goseak ahiturik!

    Perspektiba historiko jakingarria plazaratu du Onintza Enbeitak Berrian (2022-03-24). 1933an New Yorkeko juduek manifestazioan aleman produktuei boikota egitea galdegin zuten. Egun, Israelek Palestinaren aurka zernahi sarraski eginagatik, amerikanoen babesagatik, israeldarrak ukiezinak dira. Orain piztia beltza Errusia da. Errusia egun erregimen autoritario inperialista okaztagarri bat da, baina horrek ez du Israel, AEBak edo Europako ezein estatu prestu eta onest bilakatzen.

    Arma industriak eta berreraikitze industriak aberastuko dira, baina europar gehienontzat, ukrainarrengandik hasita, kalterako baino ez da gerra hau, eta amaiera emateko Errusiarekin negoziatu beste biderik ez dago. Europako estatuburuek, amerikanoenganako morrontza hautsirik, Zelenski negoziatzera bideratu beharko lukete, armak eman beharrean. Ez dutela egingo?; orain arteko estrategiak gerra luzatzeko baino ez du balio izan.

    Negoziazioaren bidez gerra amaitu! Zenbat eta lehenago hobe!

  • Mikel Haranburu 2022-03-24 12:24

    Ez dut nik ukatuko analisi politiko historiko horietan esaten dena, baina iruditzen zait beste gauza asko falta dela, gertaerak interpretatzeko eta ulertzeko, eta ondorioz jarrera batean ala bestean izateko.
    Ez dut uste Errusiak Mariupol suntsitu duenean, ate aurrean “haurrak” jartzen zuen eraikina bonbardatu duenean, asko inporta zuenik ez Txina (Txina S.A.) eta ez AEBren interesak, Europar Batasuna tartean. Ez zait iruditzen Europan barrean bizi diren Ukrainarrak eta Ukrainar jatorriko herritarrak Errusiarren aurka borrokatzera beren herrialdera itzuli direnak kezkaturik daudenik Washingtonek eta Moskuk dituzten ‘eztabaidak’ direla eta. Areago, planeta osoa hartu nahi duen teoria geopolitikoak ez du azaltzen ze demonio suposatzen duen Errusiak Luhansk eta Donetsk errepublikatzat jotzeak, ez eta zer ekartzen duen Krimeaz jabetzeak; ezin dut asmatu planetaren barne (jakina) antolaketan zer garrantzi duen Ukrainako eskoletan Errusieraz ikasaraztea apirilaren lehentik aitzina. Ez dut ulertzen zergatik nazi ustezko ergel batek, KGBn luzaro ikasitakoa, desnazifikatu nahi duen ondoko herrialdea, nazi eta faszista izanagatik ere, armada Errusiarena baino hamar aldiz txikiagoa duelarik.
    Ez dakit nola josi gauza horiek guztiak; ez dakit, azken batez, nola AEBk EB eta EF eta biak batera engaina ditzakeen, NATO, misil eta beste parafernalia guztia gorabehera, gehi munduko beste hamaika herrialde, bene-benetako etsai ekonomikoa Txina denean, Txinak bitartean AEBn enpresa mordoxka erosita duelarik, bai eta Afrikako herrialdeen aberastasunen puska ederra ere. Hori dena eta herri-hirietatik ihes doazen herritarrak tirokatzearekin ezin dut josi.

  • Bai, egia da une honetan inperio inbaditzailea Errusia dela, eta bera ari dela dena txikitzen, Txetxenian eta beste leku batzuetan bezala, eta hori ezin zaiola NATOri egotzi. Inperioak utikan, gora Ukraina!