Nolako helburu, halako estrategia eta buruzagitza
Nolako helburu, halako estrategia eta buruzagitza –
“Zirt edo zart, ez dago beste aukerarik. Espainiako Estatuarekin hautsi eta Errepublika soziala aldarrikatu, desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidetik aurrera eginez, azken hilabeteetan erroturiko erakunde, mugimendu sozial eta politikoak zutabe izanik”(…) “Halako talka batean garaipena inoiz ez da gauza segurua, baina egoerari aurre egin ezean, porrota da seguru. Eta txarrean ere, kikildu ez izanak, aurrera begira borrokan jarraitzeko egoera hobean jarriko lituzke”.
Hauexek izan ziren Kataluniar errepublikaren aldarrikapenaren bezperan idatzi nituen hitzak. Harez geroztik ur asko eta uherra igaro da gure bi herrietako zubien azpitik. Alde batetik, independentismoak eutsi egin dio inposatutako hauteskundeetako erronkari eta Generalitatea berreskuratu. Horrek berebiziko garrantzia du aurrera begira. Alabaina, aldi berean ahulezia galanta azaldu du estrategiaren aldetik eta trinkotasuna galdu du batasun politikoaren alorrean.
Bestetik, Espainiako estatuaren aldetik gogorrenak etortzeko daudela nago, 1978ko Erregimenaren aldeko indarrek, nabardurak nabardura, azaldu duten adostasun kezkagarria ikusirik (155 delakoa jadanik Damoklesen Ezpata bihurtu da eta errepresio poliziala ohiko bihur dezakete independentismoaren aurka).
Zalantzak logikoak dira. Aurreko estrategia, “deskonexio prozesua” deitua zenak kaleko mobilizazioak eta instituzioen erabakiak uztartuz epe jakin batean Errepublika independentea gauzatu behar zuena, amaitu da. Eman zezakeen guztia eman du. Iraultza irribarretsuaren lehen urratsak oso arrakastatsuak izan ziren gehiengo bat metatzeko (guretzako nahiko nuke halako emaitza) eta bere molde baketsuekin Estatua larrugorritan uzteko. Baina estrategia hori bi arazoekin topatu da: Estatuaren oldarrari aurre egiteko ahulegia izan dela, eta nazio esparruan ez dela gai izan garai batean ezkerreko espainiar-katalanismoaren eremuak ziren auzo eta herriak bereganatzeko, edo neutralizatzeko. Jakina, En Comu-koek badute erantzukizuna sektore horren deriba horretan, baina baita independentismoaren ahulezia batez ere gai sozialetan.
Independentismoa bide gurutze batean dago. Aurreko estrategia amaitu dela esan dut, eta berria asmatzeko zailtasunak, normala denez, ez dira noranahikoak. Alde batetik, amaitu den fasean ezin izan da “Espainiako Estatuarekin hautsi eta Errepublika soziala aldarrikatu” ezta “desobedientzia eta erresistentzia zibilaren bidetik aurrera egin”. Hala ere, eta hau garrantzitsua deritzot, egoera zailagoan egon zitekeen Errepublika Aldarrikapenaren bezperan zegoen anabasan murgilduta jarraitu izan balu, edo esate baterako, Generalitateak berak hauteskundeak konbokatu izan balitu Errepublika aldarrikatzetik autonomia esparrura itzuliz. 155 artikuluaren aplikazioak ekarritako porrota taktikoa gogorra da, baina bestea gogorragoa izan zitekeen estrategiko bihurtuko zen, eta une honetan independentismoa buru ezin altxa egongo zen. Zorionez, gauzak ez daude horrela. Esan bezala, ezpatak gora daude. Zirt edo zart egin izanak horretarako balio izan du.
Taktika alorrean, Puigdemont Errepublikaren sinboloa izaten jarraitzen du eta gai da Estatuaren ahuldadeak agerian jartzeko eta garaipentxo mediatikoak lortzeko, sua pizturik mantentzeko. Alabaina, ageri diren arrakalak itxi beharko dira eta argitzeke dago epe ertaineko estrategia nondik nora joango den.
Irudimentsua iruditu zait bi Generalitate sortzea: barne eta kanpo, lurraldekoa eta erbestekoa, paraleloak. Bata Errepublikaren aldarriari eutsiko liokeena (kanpoan kokatua) kontra-botere sinboliko eta erreferente mobilizatzaile bihur litzatekeena hiritargoan errotuko balitz, eta, bestea, Generalitate legala, estatuak onartua, espainiar estatuaren zati dena, eraikuntza nazionala eta sozialaren aldeko gestio on bat egiteko erabiltzea (orain arte egin ez duena).
Bi taktika, estrategia bat. Konplikatua ondo uztartzeko baina kitzikagarria. Biek hala biek, zer egin desberdinekin eta zailtasunak zailtasun elkar elika daitezkeenak.
Barneko Generalitatea, legala egungo baliabideak gehiengo sozialaren aldekoa, independentziara erakartzeko helburu izango duena; eta bide batez, legalitatearen marra gorriak igaro gabe, mugaren ertzean mugitzen jarrai beharko duena, estatuarekiko harremanak tentsionatuz. Hots, herritarrak ontzat har ditzaketen lege berrien inguruan subiranotasun talka legalak areagotuz, eta okasioak okasio ondo neurtutako pase foralak eginez.
Kanpokoa, Errepublikarena borrokarako ispilua, herri erakunde, sindikatu, eta era askotarako komiteekin konplizitateaz kontra-boterea eraikiz joango dena, batzuetan legalitatean eta beste batzuk ilegalitatean “Errepublika soziala, eta ez liberala, Kataluniako herria behartsuen interesekin lotuz, herriz herri eta auzoz auzo antolatuz, errepresio polizialari eta politikoari aurre eginez” talka horretan sortuko diren presoen askatasunaren aldeko mugimendua indartuko duena.
Presoak! Independentziaren alde kosta ala kosta, hala Jeltzaleen antzeko autonomismora itzultzen dira. Hor datza independentismoaren gakoa.
Irriparra, alaitasuna, biolentzia eza, eta abar, mugimendu horren ezaugarri garrantzitsuak izan dira. Ondo legoke bere horretan jarraitzea, baina intsumisioa, desobedientzia, indarkeriarik gabeko kale borroka, galdeketa ez legalak, ekar lezakeenarekin uztartuz. Jano jainkoaren bi aurpegiak azalduko dira ezbairik gabe. Izan ere, izan ziur, estatuaren zigorra gora egingo duela eta horren jabe ez den mugimendu independentistak ez du aurre egingo. Eta ez da Independentzia izango.
Mugimendu sendo, estrategikoki argi, erdi epera eta luzera antolatzeko gai izango dena da Kataluniako independentismoak duen erronka. Batez ere bere ezker hegalarentzat. Mugimendua diogunean, eutsiko dioten buruzagiak ere esan nahi dut.
Ni ez naiz nor nori esateko nola jokatu beharko duten errepresioaren aurrean. Pertsonalki uler dezaket zigorra baztertzeko egin diren zenbait damu aitorpenak. Aurrera begira, nago kaltegarria litzatekeela atxilotzen dituzten bakoitzean buruzagiek damu eta ukazioetan murgiltzea. Kaltegarria irudiaren aldetik eta batez ere injustua, zeren herritar eta aktibista asko eta asko izango baitira zigortuak damurako aukerarik gabe. Eta denak izan behar dira berdinak, etsaiaren aurrean eta batez ere herriarengan. Nolako borroka halako borrokalariak eta buruan daudenak areago! Gandhik intsumisio ez biolentoa bultzatu zuen, baina tinko eutsi zion bide horrek ekarri zizkion zigorrei.
Historian zehar ezagutzen ditugun Estatu independente berrien sorrera hiru motakoak izan dira: gutxi batzuetan, bi aldeen artean adostutako hitzarmenaren bidez: Norvegia- Suedia, Txekia-Eslovakia… Gehienetan gerra edo borroka armatuen bitartez, kolonietan batez ere. Eta askotan inperioen gainbeheran ondoren (Sobiet Batasunean adibidez).
Kataluniako egoera ez da sartzen hiru horietan. Espainiako Estatuak arazoak ditu, baina ez behar beste, eta ez da Kanada, Britania Handiaren antzekoa, eta gutxiago Suediarena.
Beraz, higidura edo posizio borroka estrategia izan beharko du Kataluniakoa (eta gure, bide batez, nahiz eta askoz mantsoagoa izan) behintzat epe jakin baterako. Jakina, beti dago ezohiko gertakizunak eztanda egitea eta une horretan jauzi emateko aukera izatea.
Bien bitartean, barne sendotasuna indartu beharko du eta, bide batez, Estatua higatzeko barne (sektore subiranista ez independentistekin) eta kanpo (erabaki eskubidearen aldeko espainiarrekin) aliantzak sortu 1978ko erregimena ahultzeko.
Estrategia horrek alde batera utzi beharko ditu eztabaida antzuak, hala nola, Podemosek mahai gainean jartzen duena (Estatua ahuldu arte itxaron mesedez nazionalismo espainiarra indartu ez dadin) edo askotan abertzaletasun hertsi batetik esaten dena: geu geuriari eta Espainakoa bost axola! Geu geuriari, eta gure martxan, jakina! Baina baita ere Estatu mailako nazio zapaldu eta benetako herri ezkerrarekin zenbat borroketan elkarganatuz.