Nola izan Herria?
Nola izan Herria? –
Maiatzaren 7an Txilen hauteskundeak egon ziren. Aldi honetan, legearen aldaketa dela eta, bozkatzea derrigorrezkoa izan zen. Hautaketan, bigarren aldiz, konstituziogileak aukeratu zituzten. Bigarren aldiz, lehenengoan izendatutako herritarrek osatutako konstituzioaren zirriborroa azken plebisziton ukatua izan baitzen. 2019-an, ikasleek hasitako erreboltaren magaletan metatutako indar politikoa trikimailu elektoralistetan galtzear dagoela esan liteke. Eta nola heldu gara egoera honetara?
Irakurketa arin bat eginez, dena alderdi politikoek borrokan zeudenei bizkarra emanez egindako akordioarekin hasi zela esan daiteke, “Acuerdo de Paz y Nueva Constitución” deiturikoarekin hain zuzen ere. Hura, gaur arte eraman dituen bide-orria izateaz gain, mobilizatutakoen aldarrikapenen kontrako akordioa izan zen; bakearen izenean beste behin ere, larrua jartzen ari zirenen ahotsa politikari profesionalek ordezkatu eta estali egin baitzuten. Adostasun horrek kalea kriminalizatu zuen eta konstituzio berri baten sorrerara mugatzen zuen Txileko auzo eta lurraldeetan indartzen ari zen benetako eraldaketarako giharra. Pausu hau gauzatzeko nahitaezkoa izan zen gaur egun agintean daudenen papera.
Guzti hau, bere garaian, herri mugimenduko espresio ezberdinek salatu zuten, baina anitzak izan ziren puntu honetatik aurrera politikarien jokaldiaren aitzinean hartutako jarrerak. Honek antolatzen hasiak ziren indarren arteko banaketa sustatu zuen.
Bestetik, borrokan zeudenentzat argia zena, ez zen horrelakoa “eztanda”-rekiko atxikimendua adierazten zuten zenbait herritar ez politizatu edota ez antolatuentzat. Konstituzioaren aldaketarako hitzarmen hura garaipen bat bezala bizi baitzuten. Sentimendu hau oso ulergarria da, azkenean, Pinocheten diktaduran sinatutako ituna gainditzeak garaiko neurri politiko, ekonomiko, juridiko eta kulturalekin bukatzea islatzen zuelako.
Ezarritako hauteskunde eta erreferendum hauetako batzuen parte hartzea neurtzen, irakurri daitezke ere zenbait gauza.
Hasteko, azken hautaketa konstituziogilean, bozka derrigorrezkoa izanda %22k ez zuen bozkatu eta bozka nuluen kopurua izugarri handitu zen, %17ra heltzen. Bi aukera hauek, prozesu hau errefusatu egiten duten eragileen apustu politikoa zen. Nahiz eta ezin den ulertu portzentaia horietan barnebildutako bozka guztiek eskakizun politiko honi erantzuten diotenik, bai ondorioztatu daiteke, jarrera populistak ez izanda, beraien oihartzuna izan zutela.
Parte hartze handiena bozka boluntarioa izanda, aurreko konstituziogileek proposatutako ituna errefusatu zen prozesuan izan zen. Mahaia osatu zenetik, eskuma, eta honen bozgorailua diren hedabide txiletar gehienek, planteatutakoaren kontra eta osatzen zutenen aurka oldartu egin ziren etengabe. Bozkaketaren aurreko hilabeteetan eraso hau indartu zuten eta jendartearen gehiengo baten beldurrekin konektatzea lortu zuten. Eskumaren mobilizazioa eta plangintza aztertu beharko genuke ulertzeko zelan asmatu zuten bi urteetan herrialdearen tendentzia eta ilusioari buelta emateko.
Hala ere, ez da erreza estrategia iraultzailea aurrera eramanda herritarren subjetibitatearekin konektatzea. Egunerokotasunean eta denboran zehar pairatutako asimilazio kultural basatia gainditzea litzateke hau bitarteko askoz gutxiago izanda. Baina egin daitekeelakoan nago eta egin izan delakoan baita ere. 2019an suertatutakoa honen adibidea izan zen. Momentu zehatz batean, aldarrikapen zehatz batetik abiatuta eta mobilizatutako gazteen ereduak eta jasandako errepresioak iritsi zen jendartearen parte handi baten bihotza eta burmuina ukitzera eta erreboltaren miraria eman zen.
Erronka da, Txilen, Euskal Herrian eta mundu osoan, bakoitza bere errealitatea izanda, herritarren subjetibitatearekin bat egitea eta iraultzaren zerbitzura jartzea etsaiak bidean jarritako oztopoak.
Munduan zehar garatzen den klase gatazka honen indar korrelazioan ez gara irabazten ari. Hala ere, porrot bakoitzaren atzean prozesu hori ahalbideratu duten antolakuntza, jakintza eta azterketa dugu altxor. Txilen eta Euskal Herrian indarrak langileon aldekoagoak izan diren garaiak gertu ditugu. Has gaitezen ia hauen ondarea berreskuratzen, antolatzen eta garaipenerako bidea marrazten. Irabaztea besterik ez dugu!