Nobela bikaina
Nobela bikaina –
Santi Leonek, Argia aldizkariko Gaizki Erranka blogean.
Duela bi aste gertatu da. Jordi Évolek elkarrizketa egin dio Alfonso Guerrari La Sextako Salvados saioan. Independentistei kolpistak deitzea lagungarria ote den galdegin dio kazetariak Guerrari, eta honen arrapostua berehala etorri da: “Patriako apeza bezala ari zara, senarra ETAk hil dion emaztekiari leporatu baitio herrira itzui izanak ez duela gauzak konpontzen laguntzen”. Eta orduan, kazetariak: “Ez zaizu iduritzen Kataluniakoa Aranbururen nobela bikainak deskribatzen duen egoerarekin alderatzea gehiegi dela?”.
Nobela bikaina. Balorazioa, halere, ez da literarioa, Aranbururen liburuak literatura utzi eta neurgailu moral bihurtua baita aspaldi honetan. Kontsentsu berria osatu du: norbait noraino den demokrata erakusteko, ez da Patria irakurri eta gustatu izana baino seinale argiagorik. Nobela bikaina dela adieraztean, erreguka ari zaio Évole Guerrari berriz ere demokraten komunitatean onar dezan, honek kanporatzeko mehatxu egin baitio Aranbururen liburua solasera ekarrita. Edo, bertzenaz adierazita, Évolek zalantzan jarri nahi izan du PSOEko agintariaren sen demokratikoa prozesu katalana estatu kolpe batekin konparatzean, eta orduan Guerrak zakila mahai gainean paratu du, zeinen handia duen erakusteko. Eta Évolek erantzun zezakeen ez zuela erantzun zaharmindu hori onartzen, Patria Kataluniarekin deus ikustekorik ez duen erdipurdiko fikzioa dela. Baina, horren ordez, berak ere mahai gainean paratu du bere zakil demokratikoa, zeinen polita eta leuna. Nobela bikaina, Aranbururena.
Salvadoseko pasarte horretan ikusgai dugu gaur egungo ezker jakin baten problema nagusia: jarrera eskuindarrei, are jarrera ez demokratikoei erantzuten saiatzen zaie aldez aurretik eskuinak ezarritako markoa eta erreferentziak onartuta. Nobela bikaina dela aitortuta.