Nezionalizazioa
Argentinak YPF nazionalizatuko du. Zer egin katastrofe honen aurrean?
– Katasfrofea da, munduaren amaiera ia, eraso jasanezina demokrazia, askatasuna eta bakeari. Nazionalizazioa? Zer ote da hori? Zertan dabiltza argentinar ezjakin hauek?
Katastrofea bai. Nork ez du Repsolen akzioak dituen lagun xume eta zoritxarrekoren bat? Zer egingo dute orain, golf kluba utzi? Txoferra kaleratu? Belaontzia saldu? Pertsona bat ezin da kondizio tamalgarri horietan bizi.
Espainiar biztanle orori eginiko eraso onartezina da hau. Gobernuak gogor erantzun behar du derrigor. Nazionalizatu, a zer tontakeria! Galbidera eramango dute haien herrialdea ere, korrupzioa eta burtsaren erasoak egingo die gainezka. Zenbat duten ikasteko indigena hauek, espainiarron eredua jarraitu behar lukete.
Zer egin baina biktimak lasaitu eta merezi dutena emateko? Badakit! Nolatan ez zait lehenago bururatu? Espainiako hezkuntzaren kudeaketa utziko diogu Repsoli. Nork jakingo du hobeto urre beltza azken tantaraino ustiatzen, behar bezainbeste estutu eta ikasleen sakoneneko iluna kanporatuz? Maisuak dira gainera, belar txarrak baztertu eta lehengaia purifikazioraino refinatzen.
Baina, onartu behar, petrolioak erraz hartzen du su. Txispazo txiki batek dena nahas lezake Repsolen esku utziz gero… Baina, horrek ere badu soluziorik. Zein ona naizen! Iberdrolako buruei dei pare bat egingo dizkiet, edozein sute itzaltzeko moduko uholde eraginkor bat prestatuko dute, hezkuntza sistemaren akzioen %15aren truke. %20aren truke asko jota.
Propagandarako rotuladore eta karpetak ere merkeago aterako zaizkigu ziur, baita rektorearen bulegoko sauna ere. Ideia bikaina da! Ekonomiaren Nobel Saria emango didate berandu baino lehen. Zer diot, Bakearen Nobel Saria ere bai! –