New York: Zero Gunea zeru bila
Ia hamarkada osoa igaro da bi hegazkinek 417 eta 415 metro luzeko WTC dorreak txikitu zituztenetik. Bin Laden itsasoan behera eta etxeorratzak zeruan gora; samin arrastoaren aurkako sendagaiak. Ikusi amerikarren hurrengo harribitxiak.
Lau etxeorratz, memoriaren parkea eta Santiago Calatravaren geltokia izango dira Zero Gunearen elementu fisiko berriak. Edonola ere, AEBko memoria kolektiboan itsasita dagoen zorigaiztoko espazio horrek santutegi izaera du, bai hondakinez beteta, baita etxeorratzez berreraikita ere.
Kontua da politika, finantziazio iturri edo legedi traben erruz hamar urtean ez direla gai izan kokaguneko proiektua martxan jartzeko. Hala ere, lanak hasiak dira, eta martxa azkarrean, asteko solairu bat gehitzen zaio WTC1 eraikin berriari; zuzenean lanak ikus daitezke webcam bidez.
Datuei jaramon eginez gero, hauek dira Zero Gunearen zenbaki berriak:
- Memoriaren zelaia: Dorre bikiak zeuden tokian urez beteriko bi zulo eraiki dira. I11an eta 1993an WTCk jasan zuen atentatuan hildako 2.981 pertsonen izenak idatziko dituzte goialdeko horman. Izenen lekutik ur jauzi batek igerilekura ura jarioko du. 10. urteurrenerako prest egon behar luke. Horren inguruan zuhaitzak landatu dituzte, eta bisitarientzako harrera zentroa eraiki asmo dute. Memoriaren Museoa ere izango da gune honetan.
- WTC1: 104 solairu eta 541 metro antenaraino; AEBtako eraikin garaiena izango da. Dagoeneko 60. solairuraino heldu dira.
- WTC 2: Norman Fosterrek diseinatu du eta 408 metro garai izango ditu puntaraino. Goialdea WTC zaharrei begira dauden lau erronbok osatzen dute.
- WTC 3: 382 metroko garaiera izango du eta Richard Rogersek diseinatu du. Egituran garrantzi handia du kanpo eskeletoak eta kristalak.
- WTC 4: Fumihiko Makik diseinatu duen etxeorratza da, besteen aldean txikia. Orotara dituen 64 solairutik 56 bulegoak izango dira.
- Garraio geltokia: Santiago Calatravaren diseinua izango da egunero 200.000 pertsonak erabiliko omen duten garriolekua. Altzairuz eraikiko dute triku antza izango duen eraikina.