Negozio honek ez luke gurean funtzionatuko
Haiek europarrak dira, gu, onerako eta txarrerako, ez hainbeste. Ez behintzat haiek -europaren bihotz geografikoko biztanleez ari naiz- europar izateko moduaren gisako europarrak. Austriako hiriburuan (berdin Kopenhagen edo Rotterdammen) herritar “zintzoak” daude han eta hemen; taberna mahaian xuxurlaka dabiltza algaraka ibili ordez, haurrak eskutik helduta doaz bazterrak nahastu beharrean, metroa ordaindu egiten dute nahiz eta doan bidaiatzeko oztoporik ez izan. Eta, diru kontuekin segiz, egunkariak saltzeko tramankulu batek harritu ninduen.
Asteburuetan kiosko gehienak itxi egiten dituzte Vienan. Non erosten dute egunkaria? Seinale-tantaietan zintzikilatu egiten dituzte poltsa batzuk, eta barruan egunkariak uzten dituzte. Zutoinak itxulapiko txiki bat du erantsita, prezioa errotuladorez idatzita eta “Danke” dion mezua. Eta nola erosi? Hor dago koska. Txanponak ez dizu ezertarako balio. Egunkarien poltsa zabalik dago, eskua sartu eta kitto, zeurea da egunkaria. Alegia, euroa zirrikitutik sartzea zeure borondate onaren araberako hautua da. Horregatik diot geurean negozio horrek ez lukeela funtzionatuko.
Espainiar picardía, Hegoaldean gutxienez, jarrera normala da, jokamolde inteligentea ere bai askoren ustez. Zertarako ordaindu doan egin badezaket? Europarrek konpromiso zibikoa ikusten duten lekuan, guk poltsikoa ez arintzeko aukera ikusten dugu (#horihalada). Orokorkeriaz ari naiz, baina oso oker ez nabilela uste dut.
Bilboko metroan tornuak kenduko balituzte, arduratsuago jokatuko genuke? Tornuak egoteak dakarren arau hauste bihurriak egiten gaitu maltzur? Agian pixka bat bai, baina ez da oinarrizko arrazoia. Gaur gaurkoz, egunkari saltzaileek asteburutan zutoin sistema jarriz gero, kale egingo lukete. Bilboko tranbian hamar bidaiaritik bat debalde joan ohi da.
Alderantziz baina, elkarrekiko konfidantzarik gabe, ez dago gizarte zibiko eta arduratsu bat eraikitzerik. Tarteko bidea, balore zibikoen hezitzeak edo pedagogiak, luze joko du. Hain luze ezen ez dela enpresa pribaturik izanen giltzarrapo, barra kode edo kamerekin bere ondasunak are gehiago babestuko ez dituenik.
Tranbian dohainik bidaiatzea denon kalterako da. Kontua hori da: “denon” ondasunen gainetik gurea jartzea ez zaigula hain gaizki iruditzen. Ez gara larritzen, ez lotsatzen ezta oker sentitzen ere. Besteak beste, jarrera zibismoaren aurkako jarrerak ikusi arren, horiek aurpegiratzeko ohiturarik ez dugulako.
Norbegian gerezi postuak ikusi nituen errepide bazterrean, eta kobratzeko itsulapikoa ondoan, norberak dirua sartzeko. Hala ere tonto-tontoak ere ez dira, itsulapikoa giltzaz irekitzen den horietakoa zen eta postuan iltzatuta zegoen. Baserri baten ondoan azenarioak ere ikusi genituen, poltsatan jarrita txukun txukun eta kutxatxo bat dirua uzteko.
Ez luke funtzionatuko, baina kontu horiek ere ikasi eta irakatsi litezke pedagogia egokia erabiliz gero, eta hemengo agintariei ez zaie komeni. Ipar Europako herrialdeetan ohikoa da, adibidez, nominan erretentziorik ez egitea. Langileak berak egin behar dizkio ordainketak estatuari, enpresek BEZarekin egiten duten bezala. Hemengo sistema agintarien konfiantza ezari egotzi dakioke, bestela, iruzur gehiago izango bailitzateke, omen. Egia izan liteke, baina ez egia bakarra. Kontua ondo aztertuta dago: erretentzioak nominan eginez gero, langilearen pertzepzioa bere soldata kontu korrentean sartzen diotena dela da, hau da, soldata garbia, ez gordina. Horrela 1.000 euro kobratzen duela pentsa lezake, benetako soldata 1.500 izan arren. Orduan, estatuak kendu dion zatia bere sentitzen ez duenez, estatua libreago da diru hori nahi bezala xahutzeko herritarrak haserretu gabe, diru hori ez omen baita inorena. Alabaina, Europan bezala, hemengo langileak soldata osorik kobratu eta berak ordainketak egingo balitu, argi ikusiko luke diru hori berak estatuari egiten dion aportazioa dela, bere aportazioa; eta, noski, kontzientzia handiagoa izango luke, hobeto fiskalizatuko luke diru publikoaren kudeaketa. Orduan, hemen ere ez litzateke harrigarria izango txikleak erosteko kreditu txartel publikoa erabiltzen duen politikari bati dimisioa eskatu eta berak ematea, orain dela urte batzuk Alemanian gertatu bezala. Horrela kontzientzia sortzen da: zer den zurea, zer den besteena eta zer den guztiona.
Baina ez da harrigarria hegoaldeko herrialdeetan horrela ibiltzea. Nire ustez, arrazoia historikoa da, herrialde hauetan erromatarren garaitik ondo antolatutako estatuek agindu dute, Elizarekin batera, noski. Agindu eta herritarrei ahalik eta gehien lapurtu diete, normalean inperioak finkatu eta zabaltzeko gerrak finantziatzeko. Infrentzuan, herritarrak ahalik eta gutxien lapurtu diezaieten saiatu egin dira. Orain jokaera hauek gure kulturaren ezaugarri ikusten ditugu, akats edo bertute, baina ohikoak, normalak. Eta estatuek ez dute lotsarik errua jendeari egozteko, lapur arima daukagula eta ahal duenak lapurtzen duela hemen. Agian lapurrak gara, baina estatuak egin gaitu lapur.
Gasteizen bizi nintzen etxearen parean egunkariak saltzen dituen denda handia dago (Beyenaz ari naiz, gasteiztarrok ezagutuko duzue, Gorbeia kalean…). Tira ba duela 25 bat urte (90. urteaz ari naiz, txo!) egunkariak banatzen zituenak kalean uzten zizkion (kiosko guztietan banatzaileak egunkariak uzteko “kaiolak” jartzen hasi baino lehenago zen). Harira, garai horretan, jendeak denda ireki baino lehen egunkaria nahi bazuen, paketea ireki, egunkaria hartu eta dirua bertan uzten zuen, kalean! Uste dut nahiko gauza berria dela gauzak hartu eta ordaindu gabe joatearena.
Beste alde batetik tabernetako pintxoei buruz zer esan? Europan kafea zerbitu baino lehenago kobratzen dizute, hemen tabernariak “Zer hartu duzu?” galdetzen dizu. Eta koadrilan goazela bakoitzak erronda bat ordaintzearena? Non ikusi duzue antzeko zerbait?
Igual ez gara hain ez europearrak
“Botea” kontzeptua oso gurea da, guztiok dirua jarri eta euro batzuk gorabehera ez zaigu axola dirua “galtzea”, taldearen izenean. Europan, esaterako, afalostean zerbitzaria banan banan doa kontutik gauzak ezabatzen eta kobratzen. Diru kontuetan disziplina gehiago daukate. Nik esango nuke hemen ez dugula inondik inora hurbileko denda/tabernetan inor engainatu nahi, ondraduak gara horretan. Baina, ondasun publikoaz ari garenean (edo kalteduna ez zaigunean hurbila) axolagabekeriak gora egiten du.
Gizarte guztietan ikusiko dituzu horrelako kontraesanak diruarekin.
Herrialde “musulmanetan”, adibidez, edozein gauza erosteko “erregateo” egin behar da, ematen du jende guztiak ahalik eta diru gehien atera/aurreztu nahi duela, eta ordu erdia egon zaitezke eztabaidatzen zentimo batzuk gora behera. Hala ere, eta itxuraz kontraesankorra, oso erraz ematen diote limosna behar duenari, eta nekez ikusiko duzu lapurretarik, oso leku turistikoetan izan ezik…
Hegoaldean espainiar “picardía” normala izango da, espainiar asko baitaude, baina, bere ondoan, esukaldunon maltzurkeria ere gongo dela pentsatzen dut. Hala ere, gure herrian egunkariak saltokiaren atarian uzten dira oraindik, eta jendeak dirua uzten du fardelaren gainean. Bestalde, entzunda nago Europan barrena (non nago? nor naiz?) ez duela mundu guztiak egunkaria ordaintzen horrelako postuetan, baina egunkariak saltzeko modu bakarra denez, albiste-saltzaileei onuragarriagoa zaiela zerbitzu hori ematea, nahiz eta irabaziak urriagoak izan. Nik, ahal dudan guztietan, Euskotreni ez diot ordaintzen, tren azkarraren txikizioak duen inplikazioarengatik.
Tabernetako buila eta haur barrabasei buruz, isilka hitz egiten duen jendeari beldurra nabaritzen diot, edo, gutxienez, lotsa (ez dadila entzun zer esaten dudan, badaezpada). Eta lotsak beldurrarekin zerikusi zuzena duela ongi dakite iparraldean. Haurrak kaletik eskutik helduta eta zintzo-zintzo ibiltzeak sortzen dit niri beldurra. Ez, ez naiz arau sozial estuen zalea.
Utikan germanoen erpin zorrotzeko karratuak!