Nazionalismo norgehiagokak Europan (Germania) eta IV

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Germania) eta IV –

Liburuaren azken atala Germaniari eta germanismoari eskaintzen dio Joxe Azurmendik. Alemania Germaniaren ondorengo historiko zuzena bai, baina germanismoa zabalagoa da, Europako iparraldeko eta herrialde protestanteak ere hartzen baititu bere baitan (Eskandinavia, Ingalaterra, AEBak).   

Kornelio Tazito politikari eta historialari erromatarrak K.o. 98. urtean idatzi bide zuen De origine et situ germanorum deritzan 20/25 orrialde eskaseko saio laburra, baina nazionalsozialistentzat testu sakratua bezalakoa izan zen, nazio alemanaren testu fundazionala, sekulako propagandak hala ulertarazia. Alemanian testu horren itzulpenak eta iruzkinak bazeuden baina “erlikia” bera ez. Italian zegoen erlikia, eta 1936an Mussolinik agindu bide zion Hitlerri baina promesa ahaztu bide zuen, eta 1943an Himmlerrek SSen komando bat bidali zuen bila, eta ez zuten aurkitu. Sotoan zegoen nonbait.

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Germania) eta IVTestu horrek garrantzia Errenazimentuan eta humanisten artean hartu zuen. Berez, idazkitxo historiko-etnografiko horrek, Azurmendik dioskunez, erabilera kontrajarriak onartzen ditu, norberaren sinpatiaren edo antipatiaren arabera. Bidea eman dezake germaniarrak barbaroak izan zirela baieztatzeko edota jainkoenganako oso zintzoak, kastoak edo familiari atxikiak, edo landa lanetara emaztea bidaltzen zuten alferrontziak; gerrari gogorrak, edo indisziplinatuak eta mozkorrak, etab. Eta ezin da erabaki, ezta ere, Tazitok zein asmorekin idatzi zuen: germaniarrak erromatar biziatuei eredutzat jartzeko edota haiek inperioarentzat zein arriskutsuak ziren ohartarazteko. Funtsean, Tazitorentzat, germaniarrak zibilizazio gabeko basatiak ziren. Baina hori baino garrantzizkoagoa da zer-nolako irakurketa izan duen historian, eta handik humanistek oinarrizko zein topiko hartu dituzten (lehenik, italiarrek eta gero alemanek).

Lehenbizikoa autoktonia edo indigenismoa da, hots, germaniarrak ez dira beste inondik etorri, bertakoak dira. Ez dira inoiz menderatuak izan, topiko oso inportantea gerora, eta haien irudia osatzen duten beste ideia batzuk hauek dira: bertute primitibo sanoak dituzte (kastitatea, zintzotasun erlijiosoa, leialtasuna, etab.) eta bereziki ohore gosea eta gerrazaletasuna. Germaniarra, oroz lehen, gerraria da.

1515ean, Erromara Ulrich von Hutten-ek (1488-1523) egindako bisita kultural batean, Tazitoren Annales-en aurreneko liburukiak aurkitu zituen, eta han Arminio izeneko germaniar adoretsu batek, inperioaren gailurrean, Varo jeneral erromatarraren hiru legio eta sei kohorte (hamabost mila soldadu eta beste bost mila osagarri, esklabo eta beste) sarraskitu zituela ikasi zuen. Tazitok Arminio horri “Germaniaren askatzailea” irizten zion. K.o. 9. urtean gertatu zen balentria hura. Arminiok tribu germaniarrak bateratu zituen eta Erromako legioei sekulako sarraskia eragin zien hango baso sarrietan. Aukera polita U. von Hutten-entzat antzinako germaniarren apologiari ekiteko.

XVI. mendean, alemanak (humanistak, protestanteak) askatasunaren aldeko borrokan ibili ziren Erromako Elizarekin, baina nagusitasun harroarekin; jada ez ziren “barbaroak” sentitzen. Protestanteek Tazitoren argitalpenak, itzulpenak eta iruzkinak tolestu zituzten. Heroi germaniar nazionalaren izena latinezkoa izatea onartezina zenez, Luterok berak izen berri bat ipini zion alemanez: Hermann, hots, Heer-mann, gerraria, eta laster izen horrekin ezagutu da Alemania guztian.

Laster, germanismoa eta protestantismoa bata bestearekin uztartzen joango dira. Berehala herrialde germaniarren nagusitasun kultural, ekonomiko, militarra ebidentzia bat bezala ikusiko da, batez ere 1870-1871ko gerra franko-prusiarrean alemanek armada frantsesa aisa zanpaturik, eta Kubako gerran iparramerikarrek armada espainola barregarri utzirik. Gertakari horiek arraza (eta erlijio) kategoriatan interpretatu dira: arraza latindar katoliko kaskarrak vs. arraza germaniar protestante azkarrak. Frantsesek eta espainolek berek sinetsiko dute arraza latindarraren gainbeheran eta ahulezian, eta germaniar eta anglosaxoien nagusitasunean (H. Taine, E. Demolins, Ortega Gasset…).

Buruenik, germanismoa alemantasuna baino zabalagoa izan dela garbi gera dakigun Nurembergeko Legeak aipatzen ditu Joxe Azurmendik (naziek arraza ariarraren odol garbitasuna -“higiene arraziala”- ziurtatzeko eman zituzten lege eta arauak, alemanen eta juduen artean ezkontzak debekatzeko batez ere).

Ezin ahaztu, baina, “giza genetika” nazionalsozialista AEBetako eta Ingalaterrako ereduari ikasia eta erradikalizatua izan dela. Sir Francis Galton ingelesa izan da, Darwinen lehengusua, “eugenesia” hitzaren eta proiektu eugenesikoaren asmatzailea. XX. mendean, 20.000tik gora pertsona “ezgai” izan da Ipar Amerikan antzutua; naziek 400.000tik gora esterilizatu dituzte, esterminaturiko milioiak aparte. Arraza anglosaxoiaren (germaniarraren) odol garbitasunari eta osasunari eustea zen beti helburua.

Alemanian baino lehen, teoria eta programa eugenesiko arrazista erabat onartua egon da AEBetako, Erresuma Batuko eta Suediako Medikuntza eta Antropologiako fakultateetan, eta iritzi publikoan. Haren defendatzaile izan dira, esaterako, Sir Winston Churchill eta Theodore Roosvelt presidentea. Garai hartan pentsaera supremazista anglosaxoia unibertsala izan da AEBetan bezala Ingalaterran. Idazle eta publizista handi eta ugarien artean aipagarri dira Thomas Carlyle, Charles Kingsley, Rudyard Kipling, arraza germaniar edo anglosaxoiaren lehentasuna mundu guztian aldarrikatu dutenak. Ipar Amerikako immigrazio arauetan ere ikuspegi horrek eragin itzela izan du, eta du egun ere.

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Germania) eta IV Nazionalismo norgehiagokak Europan (Germania) eta IV

Saiakera-idazlea