Nazionalismo norgehiagokak Europan (Frantzia) II
Nazionalismo norgehiagokak Europan (Frantzia) II –
Nazionalismo norgehiagokak Europan (Espainia) I
Bigarren artikulu honetan, iparraldeko Frantzia atlantikoak hegoaldeko Mediterraneoko Okzitania politiko eta linguistiko-kulturalaren aurka buruturiko gurutzada-gerra izango dugu ardatz, kataroen heresia gudukatzeko aitzakian.
Aita Santu Inozentzio III.ak egin zuen gurutzadarako deia 1209an. Ordurako jada lau gurutzada eginak zituzten gurutzatu katolikoek musulmanen aurka, baina ordukoa ez zen hala, okzitaniarrak kristauak baitziren; armada batekin aita santuak ez zituen kataroak borrokatu nahi, kataroekiko toleranteegiak zekuskien Okzitaniako buruzagiak Erromaren mendeko eta esaneko bihurtu baino. Okzitaniako Tolosako Raimundo VI.a kondea ahalegindu zen zetorkion erasoa saihesten, leialtasuna aitortuz aita santuari eta atxikimendua fede katolikoari, baina haren aitortzei edo (trikimailuei) ez zitzaien kasurik egin; gurutzada geldiezina zen.
Lyonen, Frantzia iparraldeko 20.000 gurutzatu elkartu ziren, eta orduan 20.000 lagun inguru zituen Beziers herrian sartu ziren. Helburua kataroen heresia deuseztatzea bazen, lehenbizi, jakin behar zuten zein ziren sekta horretakoak; baina, begira zer esan zuen aita santuaren legatu Zisterko abade Arnaud Amary-k: “hil itzazue denak, Jainkoak bereiziko ditu bereak”. Maria Magdalenaren elizan, kasu, 7.000 herritar sarraskitu zituzten Petri Vaux Cernay monje historialariak idatzi zuenez; Amaury abade gotzaina bera ikaraturik gelditu zen jazotako masakrearekin. Sarraskiaren ondotik, su eman zioten Beziersi. Jainkoaren izenean, hiria hiltegi bihurtu zuten, Guilhem Figueira trobadoreak deitoratu zuenez.
Alde batera, ia ez zaigu sinesgarria egiten. Halabeharrez, duela gutxi meza bat entzun dut. Apaizak aldaretik gizakiok elkarri barkatzeak daukan indarraz hitz egin zuen. Adibide adierazgarri bat ere jarri zuen: Nelson Mandela jada presidente zela, bazkaltzen ari omen zen jatetxe batean. Han bertan gizon bat zegoen bakarrik bazkaltzen. Mandelak ezagutu eta bere mahaira etortzera gonbidatu zuen. Gizona dardarka. Mandela preso egon zela, torturatu zuen kartzelazain ohia zen. Mandelak lasaitzeko esan omen zion barkatzen ziola eta. Jakina, apaizak ez zuen aipatu Mandelak Afrikako Kongresu Nazional alderdiko beso armatua (Umkhonto we Sizwe, MK) sortu zuela eta haren buru izan zela. Zenbat aurpegi (izan) ditu historian zehar Eliza katoliko erromatarrak?
Aita santuak gurutzadara deitzen zuenean, esan nahi zuen gerra erlijiosoa zela, eta gerrariak erlijiosoak bihurtzen zirela -erlijioso askok parte hartzen zuten, aita santuaren ordezkari abade gotzaina buruetarik zela, buruzagi militarraz gainera-, hots, Jainkoak aginduta hiltzen zutela edo hiltzen zirela; hiltzen baziren, zuzenean zerura joango ziren, eta konkistatzen zutena berena izango zen, Jainkoak hala nahita. Frantziako iparraldeko jauntxo batek hegoaldeko jauntxo kataro (?) baten gaztelua konkistatzen bazuen, berea zuen handik aurrera, haren lur eta mendeko eta ondasun guztiekin.
Beziersen egindako sarraskia ahoz aho zabaldu zen. Asko errenditu egin ziren, kasu, Albi herria. Beste batzuetan sarraski itzelak egiten jarraitu zuten. Tolosatik 15 kilometrora dagoen Muret herrian gudu erabakigarria gertatu zen. Tolosako Raimundo VI.a kondeak eta Petri II.a Aragoiko erregeak armada handi bat bildu zuten gurutzatuei aurre egiteko. Baina Simon Montfortekoaren gurutzatuek birrinduta utzi zuten armada okzitaniar-katalana; guduan hil zen Aragoiko erregea eta Raimundo VI.a kondeak 1214an Ingalaterrara ihes egin behar izan zuen. Hogei urteren buruan (1209-1229) trobalarien Okzitania ederra, Frantziak baino kultura bikainagoa zuena, toleranteagoa kataroekin eta, erabat txikitua gelditu zen eta Frantziara anexatua konkistaren bitartez. Horrela, Frantzia, hurrengo bost mendeetarako Europako erresuma jendetsuena eta boteretsuena bihurtu zen, Atlantikoan eta Mediterraneoan zati ederra bereganatuz.
Zer zen Okzitania? Batez ere kultura bat, hizkuntza bat. Artean Okzitania terminoa ez zegoen. Frantzia eta frantsesa bai. Gerrako arerioak ziren, batetik, Frantzia, zeina lurraldeak eta monarkiak definitzen zuen, eta, bestetik, okzitaniarren lurralde ezberdinak, elkarrekin erlazionatuak baina botere bakar batek bildu gabeak. Hizkuntzak lotzen zituen. 1220ko dekretu batean, bandoetako diferentzien gainetik Okzitania osoa adierazi nahi zuela, Tolosako kondeak “gure hizkuntza honetako gizonak” espresioa erabili zuen. Okzitaniarrek nazio kontzientzia bizia zuten, gerrak areagotu ziena. Hizkuntza komunaren kontzientzia zen, “frantsesen” hizkuntzaren kontrara. Hala adierazi du Josiana Ubaud andre okzitaniar marseillarrak. Erromako Elizak Okzitania guztia Frantziari eman zion edota bi botere nagusiek elkarri.
Nazionalismo norgehiagokak Europan (Frantzia) II
Egun on Pako
1940 eta 1942ko arte hortan, Simone Weilek pasio handi batekin deskubritu eta estudiatu zuen azaltzen hain ongi diguzun Okzitaniaren historia hori. Hortik datorkio “L’inspiration occitane” testua. Historia hortan ikasi zuenak errola handia ukan zuen seguraz ere bere ideietan gertatu zen aldaketan, bere gaztaroko pazifismo “irrealistatik” ongi ulerturiko patriaren defentsara. Ene iduriko, erran daiteke sobera tronpatzeko arriskurik hartu gabe Okzitaniaren historia horrek asko inspiratu zuela Maiatzek berrikitan argitaratu du “L’enracinement ” testu famatua “Askatasunaren erroak ” izenpean. Pako eta Simone borroka bera! Animo!
Milesker Benat. Diosal sinpatiko bat
Interesgarria, guztiz ere, Pako. Dudarik gabe, orduan sartu zuen eskua Frantziako erregeak Akitanian (Guienan…). Amaitu zen, halaber, Aragoiko Erresumaren piriniotar bokazioa, eta sendo heldu zion Penintsulako gurutzadari, Bortuetatik hegoaldera.
Kataroak Biarnon ere bazeuden.
Nafarroa bere itsasaldeko Gaztelaren konkista leheneratzen saiatzen ari zen orduantxe. Tamalez, Ximenitz Arradakoak, Gaztelaren zerbitzuko nafar jatorriko mandatari bizkorrak, arrakasta izan zuen Europan “mairuen” kontrako gaztelar gurutzadarentzako babesa bilatzen, eta nafar erregeak bere etsaiekin bat egin beste aukerarik ez zuen ikusi, Navas de Tolosako Guduan (1212).
Kinka larri horretan, zein posizio hartu zuten nafarrek albitarrei buruz? Segurtasun handirik gabe, albitarren aldekoak ez zirela izan esango nuke (zer gerta ere…), baina haien kontrako kanpainan parte hartu ote zuten?
Eskerrik asko Iñaki. Azken galdera horri erantzuteko ez naiz gai. Diosala.
Beñat Castorenek Simone Weilen “L´Enracinement” testuaren itzulpen den “Askatasunaren erroak” liburuan (Maiatz, 2023, 107or.). Simone Weilek 1942-1943an idatzi zuen:
“XIII. mendearen hasieran, frantziarrek egin zuten Loire ibaiaz haraindiko eremuen konkista izan zen kasik pare gutiko edo gabeko basakeria. Lurralde horietan bazen kultura, tolerantzia, libertate, bizi izpiritual maila altu bat; horkoek erakusten zuten abertzaletasun bizia <> hitzarekin deitzen zutenerako, hau da aberrirako; horientzat frantziarrak arrotzak eta basak baizik ez ziren, orain guretzat alemaniarrak diren bezala. Frantziarrek izu-ikara segituan eragiteko, Besiersko hiri osoa xehatu zuten hasteko eta nahi zuten efektua lortu zuten; lurraldea konkistatu ondoren, inkisizioa ezarri zuten; populazio horietan, nahasmen larri batek segitu zuen azpiz eta ezkutuan irakiten; eta horrek geroago bultzatu zituen suharki protestantismoaren besoetara zeina d´Aubignék erranik albitarretatik zuzenean zetorren doktrina biziki desberdina baitzen…”
Lengoaia, hizkuntza, falta da mako artean
“…protestantsmoaren besoetara zeina (protestantismoa), d’´Aubignék erranik, albitarretatik zuzenean zetorrela, nahiz haien doktrina (katarismoa) biziki desberdinak izan…” itzuli behar nuen egia erraiteko .
Baina halaere bi doktrinek amankomunean bazuten Elizaren desbideraketak zuzentzeko nahia, indulgentzien komertzio lotsagabea adibidez
Gorputz politikoa Akitaniaren inguruan (gero eta izen desberdin gehiagoz eta zatikapen handiagoaz) hartzen zuten okzitaniarrak alienatzeko arma bat ere ekarri zuten gurutzatu frantsesek: Erromaren dogma ortodoxoaren arabera, latina izango zen engoitik liturgia hizkuntza, herri hizkuntzatik urrun.
Rikardo Lehoibihotza berak, Leonorren semeak, okzitaniera zuen berezko hizkuntza. XIII. mendean eratzen hasi ziren Estatu Nagusiak, Nafarroakoen nahiko antzekoak, akitaniarren askatasunak babestu zituzten bi mendez, eta Plantagenet leinuarekin aliantza bat josi. Leinu horrek, Ingalaterrako koroaren jabe, Akitaniako duke gisa zuen zilegitasuna Akitanian. Behe Erdi Aroan, aldi labur batez, Akitania/Guiena burujabe izatera heldu zen.
XVI. mende amaiera arte, errebolta giroaren erdian, gaskoiek (okzitaniarrek ere bai segur aski) Loiraz iparraldekoak/oïl hizkuntzakoak soilik jotzen zituzten frantsestzat, gutxienez harik eta 1595 aldera Nafarroako gure Henrike III.ak/Frantziako IV.ak adierazi zuen arte “gaurgero frantsesak besterik ez dira [gara] izango”. Dena den, ideia horrek XVII. mende osoa behar izan zuen, artean ere, sustraitzeko.
Goraintzi