Nazionalismo norgehiagokak Europan (Espainia) I

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Espainia) I –

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Espainia) IBerriki argitaratu du Joxe Azurmendik Haritz Azurmendiren eskutik, Europa bezain zaharra izenburu eta Topoi nazional eta nazionalistak Erdi Aroa eta Ernazimentua ezkero  azpi-izenburu (Jakin. 2023) dituen liburua. Haritzek paraturiko hitzaurre bikainean, Joxeren liburu hau nazioen handikeria gehienak Europako historia kulturaleko motiboen egokitzapen interesatuak direla erakusten duten idatzien azken katebegi bezala agertu du, Espainolak eta euskaldunak (1991), Espainiaren arimaz (2006), Volkgeist (2007) eta Historia, arraza, nazioa (2014) liburuek osaturiko katean, azken emaitza gisa. Ideia nagusia: nazionalismoa ez da XIX. mendekoa; askoz lehenagokoa da.

Eta Joxeren naziotasunaren inguruko kezka horren jatorria honela laburbiltzen du Haritzek aipaturiko hitzaurrean: desobedientzia epistemiko bat jatorrian. Zer esan nahi du izendapen dotore horrekin?

Joxe Azurmendi eta bere belaunaldia ia zerotik aurkituz joan da frankismoak suntsituriko gerraurreko Pizkundea eta ordurainoko euskal transmisio kulturala, eta aurkitu ahala euskarazko kultur jarduera hartan zeuden mitoak kritikatuz ere bai (bat baino ez aipatzearren, gogora Zer dugu Orixeren kontra (1976) eta Zer dugu Orixeren alde (1977) liburu esanguratsuak), jaioarazi nahi zen euskaltasun moderno baten faboretan, baina lan hori egin ondotik, hara non egin zuten topo eurek kritikaturiko euskal mitoez gaztelaniaz trufatzen ziren intelektual metropolitarrekin, iritzi publiko espainiarraren aurrean, berriz ere euskaldun irrazionalaren sanbenitoa berritzen, nazionalista irrazional etnizista vs zibiko arrazional konstituzionalista dikotomia hauspotzen, euskaldunei beren kultura modernoa beren hizkuntza partikularrean lantzeko gogoa kentze aldera, eta horrenbestez, euskaldunok espainiar kultura unibertsalean murgil gintezen. Interpretazio eta planteamolde horrekiko izan da desobedient Joxe Azurmendi; gorago aipatu ditugun liburuak dira lekuko.

Hemen, liburua irakurtzera gonbidatzeaz gainera, lagin bat aurkeztera mugatuko naiz, espainol tubalismoari dagokiona hain zuzen.

Erromatarrentzat barbaroak ziren herri germanikoak (suaboak, bandaloak, alanoak eta bisigodoak) VI. mendean 200.000 inguru omen ziren, eta Hispaniako erromatarrak 5 milioitik 10 milioira, iturri ezberdinen arabera -germaniko gutxiegi Ortega y Gasset filosofoarentzat!-. Gehiengo handia bisigodoa zen. Sevillako Isidororen aita hispano-erromatarra baina bisigodoen zerbitzari omen zen, eta ama bisigodoa. Bere anaia zaharrago Leandrok eta berak paper garrantzitsua jokatu zuten Hispania politikoki eta erlijiosoki batzeko bisigodoen mendean. Sevillako artzapezpiku Leandro buruzagia izan zen errege bisigodo Recaredok 589an deituriko Toledoko III, Kontzilioan, non gotzainekin elkartu zen erregea eta, arrianismoa kondenaturik, katolizismoa onartu zuen, eta Sevillako Isidoro IV. Kontzilioan (633), Sisenando errege bisigodoaren presentzian.

Bi kontzilio horiek erabakigarriak izan ziren estatuaren antolaketan eta harrezkero nagusitu den estatu ideologia espainolean. Toledoko IV. Kontzilioan 69 gotzainek hartu zuten parte. Arau erlijiosoak hartzen ziren baina politikoak ere bai, esaterako, juduen aurkako erabakiak. Arau politikoek balio kristaua hartzen zuten, hau da, estatua erlijiosoa bihurtzen zen. Katolizismoak egiten zuen estatu bisigodoaren sagaratzea; estatu bisigodoak katolizismoari hartzen zion bere legitimazioa. Batasun nazionalaren kontzeptu espainol erlijioso-politikoa. Esan liteke, aldeak alde, Recaredoren ondorengo bat Franco izan dela, eta Sevillako Leandro eta Isidororena Isid(o)ro Gomá Espainiako primatua. VI.-VII. mendeetan jada ernamuina.

Sevillako Isidororen obra historiko interesgarriena Historia gothorum (vandalorum et suevorum) da. Godoak garaileak dira, eta onak eta zintzoak. Italiarrentzat (Petrarca, Boccacio eta humanistak) barbaro ezjakinak, baina Isidororentzat ez; konkistan ere, gerran aritu arren, elizarekiko eta katolikoenganako begirunezkoak. Sevillako artzapezpiku Isidororentzat Hispanian guztiek herri bakarra osatzen dute, “Hispania bisigodoa”, eta munduan ez du parekorik. Godoen historia “Laus Spaniae” Espainiaren gorazarre nazionalistarekin irekitzen da:

Lurralde guztietan, sartaldetik Indiaraino daudenetan, zu zara ederrena(…) Hispania sakratu hori, printzeen eta herrien beti zorioneko ama. Zu zara orain probintzia guztien erregina(…), mendebaldeak soilik ez, baita ekialdeak ere zure argiak jasotzen dituzte. (…)

Godoen historia horretan sekulako laudorio ilara idatzi ondotik, San Isidorok gailurra Etimologietan jo zuen, lurralde horretako populu ezberdinentzat arbaso amankomun bat aurkiturik: Tubal, Noeren biloba, Jafeten zazpi semeetako bat. Espainolen jatorria omen den hori Flavio Joseforen esaldi labur batean idoro zuen, eta gero San Jeronimoren exegesi biblikoetan. Baina aspaldidaniko iberiarren asaba Tubal baldin bada, nola esplikatzen da Iberiara etorri berri ziren bisigodoena?

San Isidororen soluzioa da, diosku Joxe Azurmendik, godoak Tubalen anaia baten -Magog- ondorengoak direla. Beraz, herritar guztiak familia batekoak dira; elizak sagaratzen dituen errege bisigodoek gobernatzen duten familia/nazioa, Hispania bisigodoa:

Eliza da benetan estatu bisigodoa eratu duena, erregeen eta nobleen konbertitzetik arau erlijioso hala zibilak diktatzen zituzten kontzilioetara -biltzar erlijioso politikoak-, horietan gotzainekin batera errege eta noble bisigodoek parte hartzen zutela.

Sevillako San Isidorok aurkitutako soluzio horrek jarraitzaile asko izan du Erdi Aroan, eta Errenazimentuan oso ondo etorri da humanista italiarrek godoak barbaro hutstzat jotzen zituztenean, haien kritiketatik defenditzeko esanez godoen ondorengoak bazirela espainolak baina batez ere Tubalenak zirela; hura izan zela Hispaniako lehen erregea, eta Tubal hori oso kultua zela, Erromako zibilizazioa baino askoz lehenago filosofia eta arteak irakatsi baitzituen Hispainian.

Espainolei ikasita, euskaldunak ere harrotu izan gara Tubalez (Lope Gartzia Salazar, Martinez Zaldibia, Esteban Garibai, etab.)

Eta Antonio Nebrijak, famatua gaztelania hizkuntza inperiala bilakatzeko (que siempre la lengua fue compañera del Imperio; Gramática de la lengua castellana liburua, besteak beste, los vizcaínos, navarros… ikas zezaten idatzi zuenak) Espainia kolonizatzen eta eskolatzen Tubal ez ezik Noe bera ipintzen du.

Nola esan nazionalismo espainola XIX. mendekoa dela?

.

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Frantzia) II

Nazionalismo norgehiagokak Europan (Espainia) I Nazionalismo norgehiagokak Europan (Espainia) I

Saiakera-idazlea