Nazioarteko preso politikoen eguna
Nazioarteko preso politikoen eguna –
1974ko apirilaren 17an Mahmud Baker Hijazi preso palestinarra askatu zutenetik, apirilaren 17a preso politikoen nazioarteko eguna izendatu zuen palestinar askatasun mugimenduak. Azkeneko urte hauetan Euskal Herrian ere, munduan zehar barrena kartzeletan dauden preso politikoen aldeko aldarrikapen eguna izan da. Oraindik ere, errepresioa, atxiloketak, torturak eta epaiketa politikoak nonahi aurki daitezkeen honetan kalera ateratzeko egun seinalatua da.
Askatasunaren alde borrokan ari diren mugimendu eta talde asko dira munduan. Euskal Herriak eta borrokan ari diren herri askok errepresioa jasaten dute besteak beste Palestina, Sahara, Kurdistan, Herrialde Katalanak, Kolonbia, Herri Maputxeak… Preso politikoen aldeko elkartasuna nahitaezkoa da, haiei elkartasuna adierazten ari garenean eta presoen eskubideak errespeta ditezela eskatzen dugunean, herrien askatasunaren alde ere ari baikara.
Munduko preso politikoen eskubideak erabat zapalduta daude. Palestinan esaterako, 4450 preso daude gaur. Haietatik 440 atxiloketa administratiboan aurkitzen dira, 37 emakume daude eta 140 ume. Palestinako lurralde okupatuetako 18 urtetik beherako 700 haur palestinar auzipetzen dituzte urtero Israelgo auzitegi militarrek, Israelgo armadak atxilotu, galdekatu eta atxilotu ondoren. Haurren aurka ezarritako akusaziorik ohikoena harriak botatzea da, eta delitu hori lege militarraren arabera 20 urteko espetxealdiarekin zigortzen da.
2000tik, 12.000 haur palestinar baino gehiago atxilotu dituzte. Haur gehienek salatu dute tratu txarrak jasan dituztela eta deklarazio behartuak sinarazi dizkietela galdeketetan. Soldadu israeldarrek ume baten atxiloketan eta galdeketan erabiltzen dituzten tratu txarren artean zaplaztekoak, kolpeak, ostikoak eta bultzada bortitzak eta ahozko abusuak daude. Gainera, Israelgo auzitegi militarrek 16 urte edo gehiagoko haur palestinarrak helduak bezala epaitu eta zigortzen dituzte.
Israelgo okupazio-indarrek eta espetxe-administrazioak ez diete jaramonik egiten presoen eskubideei eta egiten dituzten eskaerei: isolamendu-politikaren amaiera, Gazako Zerrrendako presoek beren senitartekoen bisitak jasotzeko duten eskubidea, osasun egoera hobetzea (Covidak larriagotu duena), presoen giza duintasuna urratzen duten miaketen amaiera eta atxiloketa administratiboaren politikari amaiera ematea.