Nazioarteko Olinpiar Batzordeak emakume boxeolarien kontrako bidegabekeriari eusten dio
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak joan den abuztuaren 2an emandako prentsaurrekoan, galdera gehienak emakumezkoen boxeo-lehiaketan onartuak izateko arauen inguruan izan ziren. Imane Khelif aljeriarrak bere estraineko borroka 46 segundotan irabazi berri zuen, Khelif benetan gizonezkoa den-ez den kezka-giro baten erdian. Mark Adams NOBko eledunari galdetu zioten ea nola uste zuen “NOBi atxiki zaion ospe txarra geldiaraztea, bi boxeolari horiengatik (1) eta, baita ere, gainerako boxeolariei erasaten ahal dien konpetenzia injustuagatik”. Haren erantzunetan, galderaren bigarren parteari igartzen zaion mespretxuan, ondoriozta daiteke segurtasuna eta justizia ezin direla inklusio maskulinoaren gainetik egon.
Mark Adams NOBren abuztuaren 1eko adierazpena irakurriz hasi zen.
“Mundu guztiak dauka diskriminaziorik gabe kirol egiteko eskubidea”.
Horregatik behar da, ia kirol guztietan, emakume eta neskentzako kategoria babestu bat. Kategoria bakoitzeko arauek kanpoan uzten dituzte kategoria horretakoak ez direnak. Emakumeen kategoria ez babestea emakumeen diskriminatzea da. Emakumeen inklusioa gerta dadin, ezinbestekoa da gizonezkoak kanpoan gelditzea.
“(Joko hauetako) Atleta guzti-guztiek betetzen dituzte onartuak izan ahal izateko arauak, izen-emateko erregulazioak eta dagozkien erregulazio medikoak”.
Erantzun horrek ez du inor asebetetzen, arauak ez badira bidezkoak. Zeelanda Berriko Laurel Hubbard pisu-jasotzailea onartua izan zen Tokioko Jokoetako emakumeen lehiaketan, baina orain ez zatekeen onartua izango, Nazioarteko Halterofilia Federazioak bere arauak aldatu baitzituen.
“Generoa eta adina pasaportean funtsatzen dira”.
Sexua errealitate materiala da. Paper batean idatzita dagoenak ez du aldatzen. Hori baldin bada baldintza edo betebehar bakarra, ez dago aski bermerik, justiziaz, borroka batean nor baino nor aritzeko.
“Paris 2024 Boxing Unit-ek (PBU) Tokio 2020ko arau berak erabili zituen”.
Baina hori ere NOBk gestionatu zuen (2).
“Rio 2016tik ondorengo arauetan oinarritu ziren”.
Garai hartan, NOBren politika zen botiken bitartez testosterona jaitsaraztea. Kazetari batek galdetu zion Mark Adamsi ea zein ote ziren Rio ondorengo arau horiek, baina ez zion galderari erantzun. Esan zuen arau horiek adierazpenarekin batera datorren hamar orrialdeko eranskinean daudela. Baina eranskin horietan ez dago ezer gizon edo emakumeen lehiaketetan onartua izan ahal izateko irizpideei buruz. Zerrenda luze bat da, eskularru, baskula eta uniformeei buruzko xehetasun teknikoekin. Gizon-emakumeek, ile luzea badute, bilduta eduki behar dutela, eta emakumeak ezin direla haurdun egon. Ez dago emakume edo gizonaren definiziorik.
“Bi atletak urte askotan aritu dira lehian emakumeen boxeo txapelketetan”.
2018tik, agidanez. Baina iraganeko hutsek ez dituzte gaurko bidegabekeriak zilegi bihurtzen.
“Bi kirolari horiek erabaki bat-bateko eta arbitrario baten biktimak izan ziren…”.
International Boxing Assotiation-en aktetan laboratorio batera bidalitako probak jasota daude. Edozein erabakik irudi lezake bat-batean hartua izan zela, baina horregatik ez da okerra edo arbitrarioa. NOBek ez duenez IBAren zilegitasuna ezagutzen, ez da harritzekoa IBAren erabakiak aintzakotzat ez hartzea.
“Bi kirolari hauen kontrako eraso berri hau…”
Amorrua batez ere NOBaren kontra zuzendu da, emakumeak egoera honetan jartzeagatik. Erasoa al da galdetzea zergatik lehen egokitasuna betetzen ez zuten boxeolari horiek orain lehia daitezkeen? NOBek ezin badezake aurkitu “haien pasaporteak dio emakumeak direla” baino argudio hoberik, ziur egon eztabaidak jarraituko duela.
“Arauak ebidentzia zientifikoan oinarritu behar dira…”
Azkenean, ados egon gaitezke gauza batean. Baina NOBen 2021eko Dokumentu Markoak dio atleta transgenero eta DSDei buruz ez litzateekela “batere abantaila-ustekizunik” egon behar. Hau da, ez dela pentsatu behar gizonezko atletek emakumeen aldean batere abantailarik daukatenik.
“NOB engaiatua dago Olinpiar Jokoetan parte hartzen duten atleta guztien giza eskubideak babes daitezen”.
Dirudienez, emakumeenak ez.
Prentsaurrekoan, moral bikoitz gehiago.
Adierazpena irakurri ondoren, Adamsek galderei erantzun zien. Zientziari buruz galdetu ziotenean, esan zuen:
“Ez dago adostasun zientifikorik. Baldin balego, NOBen gustatuko litzaiguke jakitea”.
Adostasun zabala dago NOB gai honetan oker dabilela. Ikerketa bat finantzatu zuen, beste akademialarien ustetan zientzia eskasekoa eta ondorio engainagarriak dakartzana. Beste ikerketa askok erakutsi dute gizonezkoak kanpoan uztea dela emakumeen arteko norgehiagoka bidezko eta segurua bermatzeko modu bakarra.
Sexua identifikatzeko probei buruz galdetu zioten Adamsi, eta honek bezperako erantzunak errepikatu zituen:
“Ez dut uste inork horretara itzuli nahi duenik… Hau zelai minatu bat da… adostasun batera irits bagaitezke, eta lan egingo dugu lortzeko, jakina aplikatzeko lan egingo dugula… hau kirol guztietan agertzen den auzia da… prest gaude konponbide bat daukan edonori entzuteko”.
Egia esan, ez da zelai minatu bat. Sexua hautemateko probak kotoi zati batez ahoa igurtziz egiten dira, besterik ez. Emakume kirolari gehienek nahi zuten, eta gaur egun ere nahi dute. Hori bada NOBren benetako asmoa, aski daukate emakumeei galdetzea eta erantzuna entzutea. Baita ere, galde diezaiekete World Athletics, World Aquatics eta UCIri (txirrindularitza), nola moldatzen diren emakumeen kategoria eta kategoria irekia kudeatzen.
“Badira, edo izan daitezke, pertsonen sexuaren inguruko susmoak. Ez dagokigu guri susmo horien guztien arabera jokatzea”.
NOBek dio ez dituela boxeo lehiaketaren arauak betearaziko, nahiz eta IBAren kontrola bere gain hartu zuen. Gauza bera egin izango al zuketen dopaje susmorik egon balitz? Adamsek galdera bati erantzun zion Txinako igeriketa taldeari egindako kontrolei buruz, eta ez zuen dudarik adierazi kiroletan joko garbia bermatzearen ardura NOBak daukala.
“Aljeriako boxeolaria emakume gisa erregistratua zegoen… ez da transexualitate auzi bat eta ez da emakume batekin borrokan dabilen gizon bat”.
Pertsona bat nola erregistratua dagoen ez da bere sexuaren froga. Gerta daiteke jaiotzean oker erregistratzea edo haien agiriak gero aldatu izana. Erresuma Batuan, nahikoa da mediku baten gutun bat pasaportean ageri den sexua aldatzeko.
Galdetu ziotenean zeren alde zegoen, atleten inklusioaren alde ala segurtasunaren alde, Adamsek erantzun:
“NOB beti saiatzen da inklusioa eta justizia orekatzen edo, modu zabalagoan esanda, baita segurtasuna ere. Gai zaila da, analizatu beharko duguna. Hemen gertatzen ari dena, ordea, erabat desberdina da: emakume boxeolari bat estigmatizatzen ari dira eta, beharbada, lehiaketa uztera bultzatzen”.
Segurtasuna inoiz ezin liteke inklusioarekin orekatu. Txalotzekoa da inklusioaren alde lan egitea, baina inoiz ez besteen segurtasunaren kaltean.
“Emakume asko dago gizonek baino testosterona maila handiagoekin”.
Hori gezurra da. Emakume osasuntsuen testosterona mailak (0,2 eta 1,4 nMol/L) eta gizon osasuntsuenak (10 eta 30 nMol/L) ez dira topatzen.
Zer gehiago falta da?
Urteetan zehar, kirol asko emakumeentzat bidegabeak izanda ere, gutxitan ikusi dugu halako mespretxu eta axolagabekeriarik segurtasunaren inguruan, “inklusio” gisa defendatuz. Gure bideoak hau galdetzen du: Zer gehiago falta da egoera honi aurre egiteko? https://www.youtube.com/watch?v=vBbjSZL4REY
Sex Matters-etik (Erresuma Batuko) Estatu Idazkariari eskatzen diogu behingoz onar dezan, auzi hau ez doala bide onetik kirol erakunde nagusien eskuetan utzita. Bada garaia gobernuak irmo ekin dezan.
Sex Matters-en txostena, Sexu Garapenaren Nahasmendu eta kirolaren inguruan (pdf).
Itzultzailearen oharrak:
(1) Aurreko egunetan jakin zen Imane Khelif aljeriarra eta Lin Yu-Ting taiwandarra, biak Paris 2024ko Jokoetan emakume gisa borrokatuko zirenak, Munduko Txapelketatik kanporatu zituztela, ustez XY kromosomadunak zirelako. https://reduxx.info/breaking-two-female-boxers-set-to-compete-at-paris-2024-were-previously-disqualified-from-womens-world-championship-for-having-xy-chromosomes/
(2) NOBek propio sortu zuen Paris 2024 Boxing Unit (PBU) organoa, Olinpiar Jokoetako boxeo lehiaketa antola zezan. Izan ere, berez lan hori hartu izan duen erakundea, International Boxing Association, NOBk aurrerantzean ez ezagutzea eta harekiko lotura bertan behera uztea erabaki baitzuen, ustelkeria eta irregulartasun salaketak tarteko zirela. https://en.wikipedia.org/wiki/International_Boxing_Association
Darrai? Elastikoak egiteko hagitz lelo pollita. Baina ez da euskara. Nori darraio, guri , zuri, hari. Ez dago ulertzerik. Zer soila eta erraza den segitzen du, dago, eutsi, tema,…..
Eskerrik asko, Nagore! Izenburua azken unerako utzi eta…
Zelako lan mardula, artikulu hau egiteko!
Nik dakidan bakarra da ez dakidala ezer.