Naufragioa?
Naufragioa? –
Axier Lopezek Argia aldizkariko Begizta.net blogean.
Goiko irudia Joniar itsasoan hartu zuten Greziako kostazainek hilaren 14an. Ehunka pertsona –400 eta 750 artean, hainbat txostenen arabera– ageri dira arrantza-ontzi batean, hondoratu baino ordu batzuk lehenago. Horietako gehienak eta itsasontziko sotoan zeuden emakume eta umeak hilda daude egun. Itsasontzia goizaldean hondoratu zen, zaintza protokoloa aktibatuta egon arren. Itsasontzitik 15 orduz laguntza eskatu zieten agintariei. Greziako hegoaldeko kostaldetik 80 kilometrora zeuden.
Alarm Phonek, Mediterraneoan arriskuan dauden errefuxiatuei laguntzeko erakunde independenteak, itsasontzitik ordu luzez bidali zituzten laguntza-eskaeren erregistroa erakutsi du. Alarm Phoneko boluntarioek Grezia, Italia eta Maltako agintariei ere pasa zieten laguntza eskaera. Greziako kostazainek eta Mugetako eta Kostaldeetako Guardien Europako Agentziak (FRONTEX) asteartean aurkitu zuten ontzia, baina ez ziren haiek laguntzera joan, berandu izan zen arte. Greziako kostazainek erantzukizunak saihestu dituzte, eta ohar baten bidez adierazi dute itsasontzikoek laguntza ukatu zutela Italiaraino jarraitu nahi izan zutelako.
Bizirik atera ziren 104 pertsonak –gehienak Siria, Afganistan, Egipto eta Pakistandik etorritako gizonak– Greziako Kalamatako portura eraman zituzten. Desagertutako zenbait pertsonaren senide batzuk ere hara joan ziren. Horietako batzuek oztopo burokratikoak salatu dituzte beren senideen gorpuak hildakoen artean ote dauden egiaztatzeko. Gorpuak aberriratzea nahi dute, ez ditzaten Grezian lurperatu identifikatu gabe. Oraingoz 78 gorpu aurkitu dituzte eta gainerako ehunka pertsonek itsasoan desagertuta jarraitzen dute.
Errefuxiatuentzako NBEren agentziaren arabera, baliteke hau bigarren hondoratze hilgarriena izatea. 2015eko apirilean, Libia eta Italia arteko bidean ontzi bat hondoratu zen eta, kalkuluen arabera, 1.100 pertsona hil ziren orduan.
Hau dena gertatu da hiru hilabete pasa ez direla beste ontzi bat Italiako Calabriako hondartza batetik metro gutxira hondoratu denetik. 94 gorpu erreskatatu zituzten, 30 haur baino gehiago barne, eta horiez gain, beste dozenaka batzuk daude itsas hondotik atera gabe.
Hondoratzeez hitz egiten jarraitu dezakegu, laguntza behin eta berriz ukatzen dutenean? Eta Europar Batasunaren jarrera ofiziala baldin bada industria militarrera diru gehiago bideratzea pertsonak mugetan edukitzeko eta Hegoaldeko herrialdeei are diru gehiago ordaintzea migratzeko eskubidea eragotz dezaten?
Naufragioa?
Globalismo neoliberalari stop!