Munduko preso politikoak kalera!
Munduko preso politikoak kalera! –
Beste urte batez, joan da apirilaren 17a, nazioarteko preso politikoen eguna eta, bereziki, Kurdistanera bidali nahi ditugu indar internazionalista guztiak, borroka eta konpromisoaren eredu diren ehunka gose grebalarik tinko baitarraite, egunak joan eta egunak etorri. Leyla Guven parlamentari kurdua da horren adibiderik gordinena, 150 egun baitaramatza gose greban. Protestaren aldarria argia da: Abdula Ocalanen isolamendu egoera etetea eta herri kurduaren aurkako errepresioa salatzea. Horregatik, gaurko lehen lerroak borroka azken muturreraino eraman eta bizitza eman duten hoientzat: Zülküf Gezen, Ayten Beçet, Zehra Saglemek, Ugur Sakar, Prendy Cinar, Yonca Akici, Sirac Yuksek…
Euskal Herritarroi ezagunak zaizkigu Leyla eta beste borrokalari kurduen aldarriak, eta hemen ere makina bat borroka izan dira, eta egun ere badira, antzeko aldarriekin. Ezin ditugu ahaztu, esaterako, 1999 eta 2000. urteen artean Daniel Dergik egindako 63 eguneko gose greba, 56 egun iraun zuen Josetxo Arizkurenena, edota urte batzuk beranduago Iñaki De Juana Chaos nahiz Lorentxa Gimonek egindakoak. Neurri berean, ez ditugu ahaztuko 1981n Bobby Sands eta beste hainbat borrokalari irlandarrek Long Kesh eta Mazeko espetxeetan muturreraino eraman zituzten gose eta higiene grebak ere. Zerrenda luzea da, ez du etenik eta ezin ditugu iraganeko pasarte gisa soilik ulertu.
Itxasoaz bestalde ez da gehiegi aldatzen egoera. FARC-EP eta Kolonbiako estatuaren arteko bake negoziaketetan buruetako bat izan zen Jesus Santrich espetxean dute 2018ko apirilaren 9a geroztik. Muntaia polizial hau salatzeko Santrich bera 41 egun izan zen gose greban, Estau Batuetara ez estraditatzea eta bake akordioa errespetatzea exigitzeko. Hantzera dabiltza preso politiko zapatistak ere, haien aurkako muntai poliziala salatzeko Chiapasko espetxeetan bahiturik dauden 6 burkidek pasa den martxoaren 15ean abiatu baizuten gose greba.
Datu batez laburbiltzen den anikilazio politika bat ere aipatu nahiko genuke gaurko egunean, Israelgo estatu sionistak Palestinar herriarekiko daraman zapalkuntza gupidagabearen datua: 2018. urtean, gutxienez 271 ume atxilotu zituzten israeldar indar okupatzaileek. Ia egunero haur bat.
Baina goazen begirada etxera gerturatzera, Europara. Europa omen da demokraziaren eta giza eskubideen jaioterria, askatasunaren eta pertsona askeen bizileku. Bada zer gezurtatu. Europan, preso politikoek erresistentzien eta gainditu gabeko hainbat gatazkaren ondorio izaten jarraitzen dute: Andaluziako sindikalistak, kataluniar independentistak, Gaztelako, Italiako nahiz Greziako antifaxistak edota jaka horiz egunero neoliberalismoaren aurka dabiltzanak, eta jarraituko dutenak.
Presoak politiko dira ezarritako sistema itogarri honen aurka borrokatzeagatik, kapitalak herriak ito ez ditzan antolatzeagatik. Eta garaiotan, neoliberalismoa gure bizitzen gaineko neurriak zorrozten dabilenotan, erresistentziak eta antolaketak jarraitu behar du, bizirik atera nahi badugu behintzat. Ekialde Hurbileko kideek sarritan dioten gisan, erresistentzia bizitza baita. Eta erresistentzia horrek ezinbestean izango du erantzuna, ordenatik eta kontrolpetik ateratzen duen orok izango baitu bere zigorra.