Munduaz hitz egin edo mundutik hitz egin?

Munduaz hitz egin edo mundutik hitz egin? – 

Munduaz hitz egin edo mundutik hitz egin?Nahiko merke eta doakoa dugu hitz egitea. Honetaz, horretaz edota harako hartaz mintzo gaitezke lasai asko. Hitz egindako horren baitan mundua dago erdigunean, edo, gutxienez, hitz egindako horrekiko harremanean mundua dugu beti. Mintzo garenean, munduaz (edo mundukoaz) mintzo gaitezke, baina, bestetik, munduaz hitz egin bainoago, gaudeneko mundutik mintzo gaitezke. Hartara, hor bi hitz egiteko molde ditugu; munduaz hitz egin genezake, edota, gaudeneko mundutik hitz egin genezake. Berez ezein esanahirik ez duten adierazle mordoska dute hizkuntzek, hala nola, “hau”, “han”, “orain”, “atzo”…berez eta izatez esanahi-edukirik batere ez dutenak, baina arian-arain erabili ohi direnak munduko puntuak, zatiak edota zonaldeak seinalatzeko. Bestetik, zer edo zer adierazi nahi dituzten hitzak ditugu, hala nola, “txakurra”, “berdea”, “salto egin”, “pixkana”… hizpide dugun mundu hori kalifikatzeko erabili ohi diren hitzak ditugu bigarren motako hauek, munduari erreferentzia egiteko zein mundua bera egituratzeko.

Zer dugu, bada, partekatutako errealiatea multzo bateko hitzak bestekoekin ondo uztartzea baino? Hortaz, zer edo zer errealtzat joko da, baldin eta, batera, zer edo zer seinalatzen bada, eta, kasurako, hemen edo han dagoela esaten bada, eta gaur edo atzo gertatu dela zehaztaten bada, eta, hartara, nahi adin zehaztapen ematen badira, eta, bestetik, seinalutako dena delako horri esanahi duten eta kalifikatzaileak diren beste zenbait hitz egoki eratxikitzen bazaio.

Honela, bada, badirudi, edo gutxienez horren itxura egin ohi dugu, hizpidera eramandako mundu hori eta kokatuak gaudeneko mundu hori batera mundu bera direla. Ez dakit baina, kontuak hortik ote doazen; izanez ere, nago gramatika bera politikaren eskakizunetara makurrarazten dugula. Zinezko eta benazko mundua, zinetan ukitu-haztatu daitekeen hori, idealetik ez du deusik ere, eta ez du ideien ezein beharrik, hitz egiten ari gareneko mundu hau baino ez da, egon gaudeneko mundu hau baino ez da. Aurrez aurre, mutur aurrean, eduki uste dugun mundua ez da berez “mundua”, sistemak, zein bere gramatika ofizialak, ez dio mutur aurreko dena delako horri “mundu” kalifikatzailerik aitortzen, horretarako merezimedurik ez dio aitortzen. Halere, hor, bertatik bertara dugun zin-zinezko horretan gaude zu eta biok, zu eta biok eta denok, hor gaude kokatuak.

Bien bitartean, hor dugu denon mintzagai den mundu ofiziala, den-denok ahotan hartu beharrekoa. Aspaldiko elurteak hizpide badira, bada, horretaz hitz egin beharko dugu derrigor, edota, etokizunean lortuko den hotzean egindako fusioa mintzagai bada, hori hartu beharko dugu ahotan ezinbestean, edota zulo beltzak dirala, zein amaginarrebaren zimurrak direla, edota dena delakoa dela, bada, beste horrenbeste, horretaz mintzo behar denok, derrigor eta aitzakiarik gabe.

Guztiarekin ere, gu, zu, ni, denok, ez gaude mintzagai dugun mundu horretan. Eta gauden gaudeneko hori ez da mundu eurentzat, goiko horientzat. Ez da mundu, besteetan beste, zu eta biok ez garelako inor euren ikusirako, ez garelako inortxo ere, edo, izatekotan, beste edonor izan gintezkeelako, eta, guztiok batera, besteak, edo beste horiek, izan gintezkeelako, betiere zer edo zer izatekotan. Atergabe eta une oro beste horietariko bat izango gara, izatekotan, euren ikusirako.

Kontuak horrela, gogorik eza senti dezake nor bakoitzak, gogo falta. Izanez ere, nor bakoitzak, izaki erreal-erreal gisa, egon-egon nahi du, benetan egon, era guztiz haztagarri batean egon nahi du. Presente, oso presente, egon nahiko genuke denok. Horren truke baina, inortxo ere ez izateko arriskua hartu behar dugu. Bestela, estualdi hori eramanezin balitzaigu-edo, badugu betiere hor amore emateko alternatiba, eta, etsia emanda, prentsako, telebistako eta sareetako albistegietara eta beren profezietara bueltatu eta horretara eginez gero, mundu ofiazialeko beste “nor” zenbakarri bilakatu berriz ere.

Munduaz hitz egin edo mundutik hitz egin?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

4 pentsamendu “Munduaz hitz egin edo mundutik hitz egin?”-ri buruz

  • Sekulako maila, Igor, txalo bero bat!

    Egia da, joera dugu sinpletzat eta gardentzat jotzeko hizpidera eramandako munduaren eta kokatuak gauden munduaren arteko harremanak, baina oso problematikoak dira.

    Dena den, ondo ulertu badut, badira guztion mintzagai den mundu ofiziala erabakitzen dituzten pertsonak, “goiko horiek”. Duda pare bat:

    Lagun zehatz batzuk dituzu buruan “goiko horiek” aipatzen dituzunean? Eta zer mekanismoren bidez kontrolatzen dituzte gure solasak?

  • Igor Goitia Mora 2024-09-10 19:33

    Kaixo Markos,

    Mila esker zure hitzengatik!

    Goiko horiek zeintzuk diren? Bada, agian ez zaitu asetuko nire erantzunak…ezen, nago, badirela nor oso zehatz batzuk, baina, aldi berean nago ez direla nik/guk ikusi uste ditugun ageriko horiek. Agian, are agintaritzat ditugun horien atzekoen atzeko beste batzuk ere izan daitezke, edota, baita horien artean sorturiko botere-kontelazio-modutsuko bat.
    Dena den, “goiko horiek” delako kategoriaren bidez, gizartearen benetako kontrola duten eliteei egin nahi diet erreferentzia. Elite delako horren parte diren subjektu politiko, eokonomiko eta kulturalak ditu gogoan, gizarteari euren arauak, ideiak eta baloreak ezartzen dizkiotenak, askotan, horren lausoki, oharkabean irensten ditugula. Halere, eta artikulu azken honek zioenari estuago lotuta, goiko horiek inposatzen eta kutsatzen diguten horretatik guztitik gehien kezkatzen nauena, zera da; unean unean zer izan behar dugun mintzagai eta kezkagai ezartzen digutela, gerora, nola ez, agenda horretako gai bakoitzean, iritzi bakarra ez bada, zeintzuk iritzi ditugun aukeragai (horiek eta soilik horiek aukeratu ahal ditugularik) ere aurre-ezarrita.
    Behan aldiz, gehiengoa dugu, herria, manipulazio guztizkoaren pean bizi dena, manipulazio horretatik ezin eskapo eginda.
    Agian ez dut/dugu jakingo zeintzuk diren “goiko horiek”, baina horien presentzia, askotan ikusezina, nekez ukatu daiteke. Gutxi dira, nire ustetan, eta gizarte jerarkizatuaren logikak mantentzen ditu hor goian, eta “behekoak” (ia gizarte osoa) hankaperatuak ditu, askotan ageriko politikariak berak ere. Estatua eta bere azpiforma guztiak, diruaren goi esparruak, erlijiotutako ideologiak …dira goiko horien baliabideak.
    Potere hauek gure egunero bizitza baldintzatu ez ezik, gaur egun, gure egunerokotasuna bera zer-nolakotzen dute guztiz, berorretan zer den normala eta eta zer ez ebatzita, hainbesteraino non, materialki aske senti badezakegu ere geure burua, subjetiboki gero eta gatibuago gauden.
    Badakit agian ez zaitu asetuko nire erantzunak…baina hori esango nuke nik.

  • Irudimen falta dateke, Igor, baina zaila egin zait beti tankera horretako elite bat irudikatzea, “zer mintzagai eta kezkagai ezarriko diegu behekoei” eztabaidan, azkenik erabaki bat hartu eta, dirua, ideologia eta estatua baliaturik, munduan zabaltzen.

    Egongo da horrelako zerbait, baina, azalpenen artean, ez nieke garrantzirik kenduko kasualitateari, apetari, mugimendu ulergaitzari, giza ergelkeriari eta giza argitasunari.

  • Igor goitia 2024-09-10 22:08

    Bale…
    Ba, kendu nahi baduzu subjektu hain eratu baten ideia…
    Baina ni nago beti daukagula zerbait esku artean sakonean gurekin berez zerikusirik izan beharko ez lukeena, “moldez,” sartua bezala..
    Gero familia konbentzionalaz hitz egingo dute…bakarrik familia? Kasik txisatzeko era ere dugu-eta konbentzionala…
    Sin mas, agian zuk arrazoi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude