Munduaren kontrola
Munduaren kontrola –
Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzan.
Kasualitatez ezagutu nuen XXX —ezin dut izenik eman—, lehengusu-lehengusinen bazkari batean, nire lehengusina batekin zebilelako garai hartan, gero erromantzeak gutxi iraun bazuen ere.
Alkoholez alaitutako sabel asebeteak eta bazkariko giro onak horretarako lagun genituela, solasaldi labur baina mamitsua izan genuen bazkalostean XXX-k eta biok. Geldi egotetik orduko 220 kilometroko abiadurara segundo gutxitan igarotzen den autoaren antzera, tarte laburra behar izan genuen bazkariari buruzko komentario kulinario arruntetatik munduaren gaur egungo martxa kezkagarrira pasatzeko. Inondik inora ere espero ez nuen aitorpena egin zidan orduan: “Ez zenuke hainbeste kezkatu behar, munduaren martxa zuk uste duzuna baino kontrolatuago baitago”.
Hori esatean erakutsi zuen ziurtasunak harrituta utzi ninduela ikusirik, aurrekoa baino harrigarriagoa zen baieztapena egin zidan: “Ez nazazu zorotzat hartu, badakit zer esaten ari naizen, munduko gizakirik boteretsuenen adiskide eta lankide bainauzu”.
Txantxetan ari zelakoan, Bilderberg biltzarreko kide ote zen galdetu nion, irribarrez. “Ez du izen hori zehazki, eta ez da esan ohi den bezalakoa”, esan zidan, serio, “baina bai… funtsean Bilderberg esatean irudikatu ohi denaren antzeko foro bat dago, eragin eta botere handikoa, eta kideen artean nago”.
Gustura entzun nizkion ondorengo azalpenak. Ez soilik XXX oso hizlari atsegina delako. Baita esaten zidana entzun ahala munduaren etorkizunari buruzko kezkak arindu egiten zitzaizkidala sentitzen nuelako ere.
“Aberatsak eta boteretsuak gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu, ez diegu gure pribilegioei uko egin nahi, eta horrek bidegabekeria handietara eramaten gaitu sarritan”, azaldu zidan. “Baina ez gara herri-iruditeriak marrazten gaituen bezain doilor eta bihozgabeak”.
Adi-adi entzuten harrapaturik nindukala, ohartarazi zidan gero eta zailagoa dela munduaren martxa kontrolatzea, globalizazioaren, teknologia berrien zabalkunde bizkorraren eta energia kontsumoaren hazkunde ikaragarriaren ondorioz, besteak beste. “Zailtasunak erabaki gogorrak hartzera behartzen gaitu sarritan, ulertzen eta onartzen zailak direnak, baina argi dugu gure iparra: Lurraren eta Lurreko gizakion iraupena, ahalik eta ongizaterik handienarekin”.
Noren ongizateaz ari zen galdetu nion orduan, ironiaz: mundu osoko biztanleenaz, Mendebaldeko herrialdeetako klase ertainarenaz ala soil-soilik beraienaz. Haserretu gabe, irmo erantzun zidan: “Mundua gaur egun dagoen moduan, zuk aipatu dituzun ongizate horiek guztiak estu lotuta daude, eta bati kalte edo mesede egiten dionak besteari ere kalte edo mesede egingo dio”.
Informazioaren nahasmenaren eta teoria konspirazionisten gorakada ere —Bilderberg taldearen mitoa barne— “zorrotz bideratutako estrategiak” omen dira, “mundu osoko herritarrak paralizatu egiten dituztelako, zalantzara eta elkarren aurkako talkara eramanda, eta horrek eskuak libreago uzten dizkigu mundua behar den lekura gidatzeko”.
Agurtu aurretik, galdetu nion ea bere bikotekideak —nire lehengusinak— ba ote zekien hori guztia, eta ezetz esan zidan, oso kontu sekretua delako.
“Nolanahi ere, zuk kontatu lasai dena, nire baimena duzu, ez baitizu inork sinistuko”.
Munduaren kontrola