Munduaren historia, xake-taula batean
Munduaren historia, xake-taula batean –
“64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan” argitaratu berri du Gari Berasaluze Ostolazak UEUrekin. The Queen’s Gambit telesaila ikusi eta xakearekiko sukarrak zeharo harrapatu ondoren idatzi du liburua. Bertan, dokumentazio-lan mardul baten ondorioz, xakea ardatz duten 64 istorio harilkatu ditu. Bere esanetan, “munduaren historia biltzen du xakeak”.
Gari Berasaluzek liburu hau idazteko ideia nondik sortu zitzaion azaldu du: “The Queen’s Gambit telesaila ikusi, xakearekiko sukarrak zeharo harrapatu, eta xakeari buruzko 64 atal idaztea zen asmoa, baina berehala ohartu nintzen munduaren historia biltzen zuela bere horretan xakeak, eta xakea abiapuntua eta aitzakia besterik ez zela liburu honetan beste hainbat konturi buruz hitz egiteko”.
Xakeari baino gehiago munduari begiratzen dion liburua dela aipatu du Berasaluzek, bere ustez xake-taularen zuri-beltzetan barrena munduaren historia ikusten baita: ezagutza gorteetatik hiri handietara eta ondoren langileen artera heldu izana; azken mendeetan emakumeek jasandako bazterkeria, ikusezintasuna eta zapalkuntza; Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko borroka edota sobietarren eta amerikarren arteko Gerra Hotza; xakeak kazetaritzan, zineman eta literaturan utzitako arrastoa; Nafarroako Erresumaren garaietatik hasita xakeak Euskal Herrian izan duen bilakaera; xakea eskoletara iristeak heziketan izan duen eragina; eta abar luzea.
Berasaluzek xakearekin lotutako istorio asko bildu ditu liburu honetan, eta bere esanetan, bakoitzaren gustuen arabera atal bat edo bestea gustatuko zaio irakurleari: “Historia zaleari gustatuko zaio Nafarroako Erresuman xakean jokatzen zutela irakurtzea, batez ere gortean. Filologoari gustatuko zaio Landucciren, Larramendiren eta Pouvreauren hiztegiek xakeari buruzko euskarazko aipamenak zituztela jakitea, edota Euskalzale aldizkariak 1897an xakeari buruzko zenbait orrialde argitaratu zituela irakurtzea. Errusiako Iraultzak xakea eskoletara eta langileen artera eramatea zergatik erabaki zuen ezagutzea gustatuko zaio beste bati. Edota zientziak argi eta garbi nola erakutsi duen neurosexismoa dela emakumeen eta gizonen garunen ezberdintasunaz hitz egitea. Mendeetan barrena zenbat eta zenbat emakume aritu eta gailendu den xakean, haien izenak isildu eta ezkutatu dizkiguten arren. Beste istorio batean xakeak hezkuntzari eta heziketari zer-nolako ekarpena egiten dion azaltzen dut. Bertsolarien eta xake-jokalari handien garunen artean dauden antzekotasunak azaltzen ditut, bai eta munduko txapeldun handi askok Euskal Herriarekin izan duten harremanaz. Eta abar”.
LIburua UEUren DENDAN eskuratu dezakezu
Munduaren historia, xake-taula batean