Militarismo yankia
Militarismo yankia –
II. Mundu Gerraren amaieratik, Europar Batasunak, Japoniak eta Estatu Batuek osatutako triada da zentro inperialista, azken hori zentroaren zentro izanik. Baina, Sobietar Batasunaren gainbeheratik eta gerraosteko bipolaritatearen amaitu zenetik, Estatu Batuak da mundu mailako superbotere, proiektu neoliberalaren buru.
Hala, zentro horren zentroak botere ikaragarria pilatu du, historian aurrez sekula izan gabeko dimentsioetaraino. Botere hori izatearen arrazoi nagusienetako bat, munduko superpotentzia militar bakarra izatea da; armetan gastatzen duena ia-ia gainontzeko nazio guztiek gastatzen duten adina da. Argi eta garbi dago, beraz, keynesianismo militarraren aldeko apustu irmoa, eta horren adierazle da 128 herrialdetan dituen 750 base eta misio militarrak. Militarizazio gogorraren bitartez Monroe Doktrina mundu osoan zehar zabaltzeko intentzioarekin, “gerra prebentiboaren”, “terrorismoaren aurkako borrokaren” edota “esku hartze humanitarioaren” diskurtso legitimatua erabiltzen ari da nonahi, bereziki, 2011ko irailaren 11ko atentatuen ostean inposatu zen diskurtsoa, eta bloke inperialistan apenas pitzadurarik izan ez duena.
Baina, nazioarteko instituzioak (NBE, NDF…), Japonia eta Europar Batasuna Estatu Batuen konplexu militar-industrialaren eta gobernuaren lehentasunen mende gelditzen badira ere, ez dago antzekotasunik menpekotasun horren eta menpeko herrialdeek herrialde inperialistekiko duten menpekotasunaren artean. Inperialismoen arteko menpekotasun-egoera bat da, interes estrategiko komunetan oinarritzen dena. Estatu Batuetako jendarmeak nazioartean babesa ematen die gero eta transnazionalago diren klase dominatzaile guztiei.
Bestalde, menpekotasun hori ez da absolutua; izan ere, AEB mundu mailako ekonomian nagusi izan arren hainbat sektoretan (teknologia berrikuntzan) enpresa oso nazioartekotuak dituelako eta munduko sistema finantzario eragileena (dolarra da moneta erreferentea) duelako, AEBk baditu beste faktore batzuk bere aurka: iraganarekin alderatuta, mundu mailako zordun handiena ere bada, merkataritza defizit altua du eta produktibitatean eta lehia industrialean jaitsiera esanguratsua ere izan du. Hau da, Estatu Batuek haren nagusitasun militarrari eusten zion gailentasun ekonomiko irmoa galdu dute. Boterearen oinarriak aldealderantzikatu egin dira, eta gaur egun, abantaila militarrak beherakada ekonomikoa konpentsatzen du.