Militar baten iritzia

Militar baten iritzia – 

Militar baten iritzia

NATOren inguruko berriak aztertzerakoan, bere baitan lanean jardun duen goi-mailako militar baten hitzak izan daitezke egokienak egitura erraldoi horren bilakaera ezagutzeko eta bere etorkizunaz jabetzeko. Douglas McGregor jeneral estatubatuarrak urte asko eman du erakunde horretan goi-mailako ardurak betetzen eta analista politiko gisa dihardu gaur egun. Gako interesgarriak eskaintzen dizkigu bideo honetan.  

Britainiarrek eta frantsesek beren soldaduak Ukrainara bidaltzen badituzte, ergelkeria handia eginen lukete. Alemaniak atzerriko milaka tropa izanen lituzke hara-hona bere lurraldean eta errusiarrentzat lehentasunezko helburu bihurtuko lirateke. Alemaniako biztanleria dinamika horretan ez duela parte hartu nahi ohartzen hasia da. Polonian, berriz, denbora bat pasa da gerran parte-hartzearen aurkako jarrera hartu zutenetik.

Washingtonen bi sentsibilitate daude: bat, desastrea delako, NATO uztearen aldekoa, eta bestea, oraindik NATOren parte garelako, europarrak laguntzera behartuta gaudela defendatzen duena. Nire iritzia: britainiarrak eta frantsesak Ukrainan sartzeko bezain baboak badira, bakar-bakarrik utzi beharko genituzke. Oso argi utzi beharko genieke ez diegula horretan lagunduko.

Europarrek ez dute Europako eremuan aginte-sistema egokia ahalbidetuko dien komunikazio-kontrol, konputazio, inteligentzia, zaintza eta ikuskapen egokirik. Dena AEBen esku dago. NATOn lan egin nuenean, gabezia hauek gainditzeko plan bat egin nuen eta alemanek, britainiarrek eta frantsesek beren oniritzia eman zidaten, baina beren politikoek ez zutela horretan lamaikorik inbertituko ziurtatuz. Noizbait estatubatuarrak Europatik joan eginen zirela eta orduan ez zutela deus izanen erantzun nien. Orain egoera horretan geratzeko beldur direla uste dut. Hala gertatu ezkero, den-dena hutsetik eraikitzen hasi beharrean izanen dira.

Harald Kuhat alemaniarrak, NATOko batzorde militarreko buru izandakoak, inbasioa hasitakoan aurrez probokatua izan zela ohartarazi zuen eta Istanbulen bakea saboteatua. Gerra desastre masiboan bukatuko zela iragarri zuen eta, AEBek bertatik alde egiteko aukera izanen zuten bitartean, Alemaniak halabeharrez errusiarrei aurre egiten amaituko zuela, bake-hitzarmenak suntsitzeagatik nazioarteko zuzenbidea hautsi duen guda batean parte hartuz.

Europak AEBen lekua har lezakeen ideiak haien inteligentzia, logistika, armak eta plangintza ordezkatuz, fantasia da. Hori ez da gertatuko. Europarrek ez dute diru nahikorik, ez industria ahalmenik, ez borondate politikorik eta ez elkartasunik.

Europarrak Washingtonen aurka oso gogor agertu dira. Badirudi Trumpen bake ahalegina saboteatu nahi dutela.

AEBetara depresiotik gertu egon daitekeen atzeraldi ekonomiko handia dator. Europan geroa are larriagoa izan daiteke. Beraz, zentzugabea da ez dituzun eta sortuko ez dituzun ehunka mila milioi euro gastatzea eta gero Errusiako Estatuaren aurkako kanpaina militar handi bat finantzatzea. Ukrainan sartu eta Errusiaren aurka egiteko ideia fantasiazko zentzugabekeria hutsa da.

Jendeak galdetzen du Putin presidenteak zergatik ez duen modu erabakigarriagoan jokatu. Pazientziaz jokatzen ari dela uste dut.

2022ko urtarrilean, Errusiarentzat hau kontu existentziala dela esan nuen eta, beraz, Ukrainan sartuko zirela. Era berean, esan nuen zalantza handia nuela NATOk Errusiaren aurka jotzen bazuen, gerratik bizirik aterako ote zen. Gerra amaitzerako NATO ere amaitua egonen zela erantsi nuen.

NATOk aspaldiko urteetan ez du helburu arrazionalik izan. Eta are gutxiago izateko arrazoirik. 1992an, nazioarteko baldintzak ikusita, denok esan genuen egin genezakeen onena Europatik alde egitea zela. Kasu horretan, gaur beste panorama bat egonen litzateke Europan.

NATO, Europar Batasuna bezala, egitasmo irrealista da. Izan ere, Europako historian, Berlindik etorritako perspektibak beti izan dira Parisko perspektiben oso bestelakoak. Munduaren ikuspegia Erroman eta Stockholmen ez da berdina. Bestela esanda, bizi zaren lekuaren arabera ikusten duzu mundua. Desafiatzen dituen edonorengandik defendatzeko, europar guztiek harmoniaz eta betirako bat egitearen ideia ez da errealista. Inoiz ez dituzu espainiar, portugaldar, italiar eta frantziarrak liluratuko Balkanetako, Asiako edo beste lekuren bateko gerretan borrokatzeko ideiarekin.

Mendebaldeko Europako ekonomiak kolapsatu eginen dira eta gobernuak eroriko. Une honetan, politika globalista hondoratzeko arriskutan da, eta Europarentzat eta guretzat oso gauza ona dela uste dut. Baina, aldi berean, aurretik egun zailak izanen dituzte frantziarrek, alemaniarrek eta britainiarrek. Merz, Macron eta Starmer eta buruzagi globalista guztiak baztertuak izanen dira. Pazientzia izan behar dugu, besterik ez. Globalismoak ez du funtzionatu. Estatu subiranoen planeta baterantz goaz.

Europaren patua lehenik zatikatzea da. Aurrerago, hainbat eskualde elkartuko dira. Irudika nezake Eskandinavia Finlandia, Suedia, Danimarka, Lituania, Letonia, Estonia eta Alemaniarekin elkartzen Europako ipar-ekialdeko segurtasun-eremu batean. Mediterraneoan sor litekeen beste aliantza bat ere ikus dezaket, eta ipar-mendebaldean beste bat, non norvegiarrek nahiago izanen luketen britainiarrekin, AEBekin eta Kanadarekin aliatuta egon. Gauza horiek urte askotan zehar izandako garapenaren ondorio natural gisa gertatuko direla esanen nuke. Munduko ordena zaharra dagoeneko joana da.

Gero eta europar gehiago konturatzen ari da Europan gerrara joanda ez dagoela deus irabazteko. Zelenski kargutik kendu behar da. Gizon honek Ukrainaren eta bertako biztanleen azken apurrak suntsituko ditu. Hori ez zaio inori interesatzen. Ezta errusiarrei ere, zeren, nahi izan balute, oso bestela eramanen zuketen gerra. Ukraina berreskuratu nahi dugu. Ahal den neurrian biztanleria itzultzea nahi dugu. Herrialde emankor eta arrakastatsua izatea nahi dugu. Zelenski hor dela ez ditugu helburuak lortuko.

Beste lidergo bat behar da Kieven. Zenbat eta beranduago egin aldaketa, orduan eta gehiago aurreratuko dute errusiarrek eta handiagoa izanen da kolapsoa Ukrainan. Hori gertatu ezkero, ia ezinezkoa izanen da Ukraina suspertzea. Egonkortasunerako ez da errezeta egokia herrialde oso bat suntsituta edukitzea.

Ez dugu beste gerra bat eraginen duen egoerarik nahi. Badirudi britainiarrek, frantsesek eta, neurri txikiagoan, alemaniarrek interes handia dutela egungo suak piztuta mantentzeko. Beraz, suaren zatirik handiena itzaltzea lortzen baduzu ere, gerora susper daitezkeen txingarrak dituzu. Honek ez du zentzurik. Kanoi-haragi gisa erabiliak izaten ari direla ohartzen hasiak dira ukrainarrak.

NATOk ez du luze iraunen. Kezkagarriagoa da politikari batzuek sortzen duten atmosfera pozoitsua, errusiarrei ez dituzten asmoak egotzita, Pariseraino iristea adibidez. Zentzugabea da. Ez dute egiteko asmorik. Ez dute interesik horretan. Errusian egondako edonork badaki han inork ez duela gerrara joateko interesik. Putini buruz, ez dut uste azken 100 urteetan Errusiako boterearen gailurrean egon den inor gehiago saiatu denik gerrak ekiditeko. Errusia oparoa eta egonkorra nahi du. Azkenaldian adierazi duen bezala, ez dute lurralde gehiago behar.

youtu.be/xFqE9VYZ3yOjWWl

Militar baten iritzia

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

9 pentsamendu “Militar baten iritzia”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2025-04-02 13:47

    Bada, urte asko eman badu erakunde horretan, NATOn, iritsi den egoerara zergatik eta nolatan iritsi den, izanen du erantzunkizunen bat berak ere… hobe luke bere herrialdeari begiratu bat ematea…
    Zelensky Ukrainako herritarren inoizko babes edo gutxienez inoizko errespetu handiena duelakoan nago ni, ordea. Datozela hauteskundeak, eta ez dadila aurkeztu… ikusiko genuke jendeak zer baloratzen duen.
    Gero eta Europar gehiago ohartzen ari dela gerrara joanda deus ez dugula irabazteko? Ukrainak ere ez du deus irabazteko… ez bada bere existentzia bera ez galtzea, horretan saiatu baita Putintxo. Honek, berriz, orain dio ez duela asebetetzen bestaldeko bakezale Trumpen planak, ez duela kontutan hartzen Errusiar etniako jendea, Ukrainaren nazionalismo handiak itota… Berak, bitartean, milioi bat lagun zafraldira doan bidali eta gero… nazionalismorik gabe, noski…
    Propaganda zabaltzea oso merke da egun…

  • Amonamantangorri 2025-04-03 14:19

    Ba omen dago Estatu Batuetako kontserbadoreen artean sektore bat, uste duena haien nazioari komeni zaiola bere baitara bildu eta isolamendurantz jotzea. Gainera, badago halako diskurtso bat, “zer uste dute europar horiek, eskuzabalegiak izan gara haiekin hamarkadetan zehar, gugatik ez balitz alemanez egingo zuten denek, edo errusieraz”, etc. Sektore horrek bere hondar alea paratu omen du Trump presidente hautatzeko.

    Baliteke Douglas McGregor jenerala amerikar kontserbadore horien artean egotea.

    Ez direla hain gerrazaleak, ez dutela haien herkide batzuek daukaten obsesio hori munduan barna “Demokrazia zabaltzeko”. Eta hori ona izan daiteke munduarentzat, oro har.

    Bestalde, isolazionista horiek beharbada ez dira konturatzen, edo latzegia zaie beren buruari aitortzea, baldin “Americak” ez baldin badu atzerrian base militarrik, ez mundu osoan bere produktuak banatuko dituen konplexu militar-industrial erraldoirik, ez estatu morroi guztiek erosiko dioten espioitza software-ik, ez mundu osoan erreferentziatzat hartuko den dibisa-dirurik, ezta USAID, NEFD eta Freedom House bezalako erakundeen bitartez lortzen den “botere beratzik”… https://en.wikipedia.org/wiki/Soft_power
    (Hori GUZTIA Europa osoari aplikatzen ahal zaio)
    “Americak” ez baldin badio pultsuari eusten Europa ekialdean, Ozeano Barean, Latinamerikan eta mundu osoan, ezin izango da atzera “America Great Again” bihurtu. Horiek gabe, akabo “America”: “America” David Simonen serieetan islatzen den hondamena besterik ez da izango. Beti ere, gizarte eta ekonomia ereduaren eraldatze erradikala burutzen ez badute behintzat: eta ez dirudi egingo dutenik.

    Europaren armatzeari dagokionez, iruzurra iruditzen zait. Ez dago Errusiarekin gerrarik hasteko potrorik ez egiazko indarrik; zerbitzu publikoak eskastu, jendeari errazago ahoa itxi eta industria militarrari milioiak oparitzeko aitzakia besterik ez da izango.

  • Mikel Haranburu 2025-04-03 14:49

    “Europaren armatzeari dagokionez, iruzurra iruditzen zait. Ez dago Errusiarekin gerrarik hasteko potrorik ez egiazko indarrik”.
    Ez eta beharrik ere. Inork ez du esan Europan arma gehiago ekoiztea Errusiari erasotzeko asmoz eginen dutenik. Errusiari dagokionez, aski zaio Ukrainatik alde egitea eta bere zaborrak eramatea. Horretaz ari da Europa, eta gainera AEBk eta Errusiak (eta Txinak, Turkiak, Pakistanek, Indiak…) hamarkadatan zehar egin dutena egitekotan da, ez besterik. NATOren ibileran ikus daiteke horixe: Europak ez duela bestek bezainbeste dirurik gastatu armatan. Denbora horretan, dirua zerbitzu publikoetan gastatu bide du (eta Erasmus programetan…).
    Bestalde, eskema ez dirudi “industria militarrari” sosak oparitzea denik, baizik eta industria askori, orain armak fabrika dezaten eskatu eta horiek erostea. Errusiari tankeak, obusak, artillleria, misilak eta bonbak agortzen zaizkionean, desmilitarizazio galanta egindakotzat jo genezake, antimilitarismoaren irabazpen handia. Ez dakiguna da ea Errusiak horrela pentsatzen duen…

  • Ilya Brudakis intelektuala eta errusiar ezkerreko erreferentzia. Hauxe dio (neuronaletik itzulia)

    “Ukrainari saakrifizio handiak kostatu zaizkion gerra izugarri honen hiru urteetan, herrialdea gai izan da bere independentzia defendatzeko erasotzaile inperialistaren armada izugarri gorenaren aurka. Jakina, hori ez zen posible izango Mendebaldeak armak hornitzen ez baditu, baina faktore nagusia Ukrainako herritarren ausardia eta motibazio handia izan dira. Gaur egun, nazioaren baliabideak mugan daude, eta Ukrainako gobernuak bakea onartu beharko du lurralde galeren truke.
    Ukrainaren patuak mundu osoari eragiten dio orain, estatu txikien eskubide eta subiranotasunaren auzia pizten baitu. Trumpek Putinekin duen itunak aurrera jarraitzen badu Ukrainako lurraldearen eta baliabide naturalen zatiketari dagokionez, 1938ko Municheko itunaren antzeko aurrekari bat sortuko du, eta erakutsiko du estatu txikiak peoi hutsak direla potentzia handien jokoan.

    Putinen Errusiak ez bezala, gerra honetan helburu argia baitu Ukraina estatu independente gisa desagerraraztea eta bere lurraldeak, era batera edo bestera, bere eragin-eremuan sartzea, Trumpek ez du bake-plan espezifikorik. Ukraina bere interesen periferian dago, eta beste helburu geopolitiko batzuk lortzeko negoziazio-objektu bat da, lehenik eta behin, AEBk Txinarekin duen konfrontazio ekonomiko eta politikoan duen posizioa indartzea.
    Hala, negoziazioen egungo egoerak Kremlinen aldeko aldebakarreko kontzesio batzuen antza du (oraingoz, erretorikaren mailan), eta, Trumpek uste duenez, Moskuren eta Washingtonen arteko konfiantzazko harremanak berrezartzea ahalbidetuko diote. Aldi berean, bi herrialdeen arteko funtsezko desberdintasunak ulertu behar ditugu: Errusia diktadura zapaltzaile bat da, doktrinamendu ideologiko masibo bat duena, sentipen antiozidental batean oinarritua eta, batez ere, estatubatuarren aurkakoa. Kanpo politikaren arloko Kremlinen doktrina ofizial guztiek NATO eta AEB mehatxu nagusitzat jotzen dituzte, eta Errusia, bereziki 2022tik, Txinako esportazioen menpe dago erabat. Oso zaila da imajinatzea Trumpen negoziazio-trebetasunak Errusiaren kanpo-politika errotik aldatzea lortuko duenik.”

    Nire aldetik. Beloki jauna: A ze azala behar da esateko: “Putini buruz, ez dut uste azken 100 urteetan Errusiako boterearen gailurrean egon den inor gehiago saiatu denik gerrak ekiditeko.”

  • Mikel Haranburu 2025-04-04 13:53

    “Militar baten iritzia”. Gogoan “Militarren jakinduria” izeneko liburua, Txalapartak aspaldi argitara eman zuena? Bada, horixe.
    Errusiak hilabeteak daramatza “gerra irabazten”, eta Ukrainako gaitz guztien erruduna Zelensky da…

  • Zergatik doa jendea gerrara? Lanik ez duelako? Jendea armadan sartzera behartzen dute? Nork, non, noiz? Agian geure buruari galdetu beharko genioke zertan ari den hainbeste jende armadetan. Lanpostuagatik bada, eskaini ditzatela enpresek-eta ordainsari hobeak!

    Hori guzia, noski, Ipar Korea bezalako tokietan izan ezik.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2025-04-04 22:13

    Iriarte jauna: behingoz ikas ezak euskaraz irakurtzen. Nire ezpainetan jartzen duan esaldia Douglas McGregorrena duk, ez nirea. Artikuluan azaltzen diren gainerako esaldi guztiak bezala.
    Hortaz gain, baduk besteen iritzia errespetatzen hasteko garaia. Ez haiz umea, baina ume kaskarinek bezala hitz egiten duk askotan.

  • Harrigarria zait irakurtzea hemen analista burutsu batzuk nola harritzen diren herrialde txikiak herrialde handien “peoiak” direlako, eta are harriatuago ikusita benetan sinesten dutela Ukrania noizbait “independentea” izan dela. Ukraniari peoi izatea dagokio, eta gainera, haren aukeran ez dago ezta noren peoi izan nahi duen erabakitzea ere, real politik delakoak oso argi uzten baitu Errusiaren peoi izatea beste aukerarik ez duela. Noizbait izan zuen nolabaiteko neutraltasuna aukeratzea, baina tren hori galdu zuten Euromaidan kolpea nagusitu zenean.

  • Mikel Haranburu 2025-04-07 14:46

    Zurtuta, diozun hori ez dator bat mundu multipolarrarekin, Belokik sarri aldarrikazten duen horrekin. Errusiak ez omen du lurralderik behar, eta ez du asmorik inperioa berritzeko, eta ez omen du inor zapaltzen, autodeterminazioaren aldekoa delako-edo… zertarako nahi luke peoi bat ondoan…?
    Batzuk peoi eta gutxi batzuk nagusi, kar, kar, kar… Nafarroa bezalaxe…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude