Milei eta gu
Milei eta gu –
Floren Aoiz, ERRIAn.
Bolsonaro, Trump, Bukele, Orban… zerrenda luzea da, eta, atzera baldin bagoaz, ikusiko dugu neoliberalismoa bera autoritarismoaren bidetik nagusitu zela, Chicago Boys izendatukoekin Pinocheten erregimenean, edo Reagan zein Thatcherren eskutik Estatu Batuetan eta Britainia Handian. Kapitalismoaren narratiba publizitarioek beti aurkeztu dute egiturazkotzat demokraziarekiko lotura, diktaduretatik eta jarduera autoritarioetatik urrundu nahian, baina errealitate historikoak beste zerbait esaten digu.
Kapitalismoa erabat bateragarria izan da, eta da, era guzietako erregimen autoritarioekin, nazismoa, italiar faxismoa eta beren ondorengo formula guziak barne, jakina. Azkenean, estrategia autoritarioak biderkatu egin dira munduan barna, aurre egiteko kapitalismoa ezartzeko eta erresistentzia eta eraldaketarako saio guztiei.
Autoritarismoarekiko lotura sendo eta sakon horren beste aldean, kapitalismoaren demokraziarekiko harreman korapilatsua dugu. Dituen muga, ilun eta kontraesan guziak ahantzi gabe, gaur egun demokraziatzat hartzen dena jendarte borroken kristalizazioa da batez ere, hau da, behekoek goikoei inposatutako lorpenen isla. Hainbat kasutan, eliteek lorpen horiek berenganatzen dituzte, herritarren parte hartzearen itxura zainduz, matxinadaren arriskuak mugatzeko, baina hautu hori aldatzen ahal da uneko indar harremanen arabera, ez baita apustu etiko bat, komenigarritasunak ezarritakoa baizik.
«Autoritarismoa ez da kapitalismotik at agertzen den zerbait, muinean errotutako joera bat baizik»
Ikuspegi horretatik, autoritarismoa ez da kapitalismotik at agertzen den zerbait, muinean errotutako joera bat baizik: ezkutuan ala agerian, oinarrian funtsezkoa da gutxi batzuen borondateak eta interesak inposatzeko determinazioa. Kapitala ez da gauza bat, harreman bat baizik, eta gehiengoen desjabetzea da haren aldaera neoliberalaren logikaren mamia. Neoliberalismoak denon ondareak, denon desirak eta denon bizitzak jarri nahi ditu logika horren menpe, dena nahi du kokatu merkatuaren arabera. Horrela, jendartea, harremanak, sinesmenak, loturak, oinarriak eta balioak astintzen eta desartikulatzen ditu, etorkizun ezberdin baten espektatiba oro txikitzen du.
Atmosfera horretan, bizitzak eta lan baldintzak makurtzen dituen bitartean, errotik mugatzen du sorrarazten duen egonezina emantzipazioaren bidez adierazteko aukera. Horren ordez, zirkuitu madarikatu bat hauspotzen du, zeinean suntsipen neoliberalak piztutako haserreak logika neoliberala bera indartzen baitu, emantzipazioaren diskurtso, iruditeria eta egitasmo ororen kontra zuzenduz.
Jorge Alemán pentsalariak idatzi du eskuin muturra agenda bat dela, eragile bat baino. Agenda den heinean, ez da eragile bakar batera mugatzen, eta jende askoren desira atzematen ahal du, eta amorruaren leherketari ateak irekitzen dizkio, betiere, zapalkuntzaren funtsa kolokan jarri gabe.
Eskuin autoritarioaren eginbehar historikoa izan da agenda eraldatzailea blokeatzea, indargabetuz edo, horren ezinean, bere eraginkortasuna mugatuz. Xedea argia da, eta ez dute ezkutatzen. Eta estiloan, emantzipazioaren tradizio historikoen formulak, ideiak, pasioak eta estetika bahitzen ditu ondare historiko horien kontra erabiltzeko. Stefanonik dioenez, eskuindarrak errebelde gisa agertzen dira; Wendy Brownen arabera, autoritarismoa askatasunaren ikurraz aldarrikatzen da gaur egun. Neoliberalismoa mutatzen ari da eta oldartze autoritarioak testuinguru horretan ulertu behar ditugu, atxikimendu «alaiak» pizteko gero eta zailtasun handiagoak dituelako.
Beraz, lehen beltxarga beltzak aipatu baditugu ere, egokiagoa da Milei eta antzeko lider autoritarioak neoliberalismoaren adierazpenetan kokatzea. Horrek ez du esan nahi plan borobil baten aurrean gaudenik: ederki dakigu munstroak fenomeno historiko errealak direla. Ez dago jakiterik eragile eta mugimendu autoritario horiek nola artikulatuko diren kapitalarekin, baina gogoan izan behar dugu suntsipen pribatizatzaile eta indibidualizatzailearen ondorioz indartu direla. Arrazionaltasun neoliberalean oinarritzen dira eta hura berrekoizten laguntzen dute.
Bizi garen garaiotan, gehiegitan sentitzen dugu gure burua astinaldi orokor baten menpe, mundua eta bere azelerazioa ezin ulertuz, ustekabe batetik bestera, luzera begiratzeko zailtasun handiz. Gauzak horrela, zaila da pasio tristeetatik ihes egitea, baina, une berean, inoiz baino beharrezkoagoa dugu, ofentsiba autoritarioari aurre egin behar diogulako dimentsio defentsibotik haratago. Modu bakarrean lortuko dugu: egungo neoliberalismoan korapilatzen diren esplotazio eta zapalkuntzak kolokan jarriz eta gainditzen ahal dituen zerumuga bat formulatuz.
Pasio tristeek mundua eraldatzeko aukerak mugatzen dituzte. Aipatu dugun zirkuitua elikatzen da horrela, zapalkuntzarekiko haserreak zapalkuntza indartzen duelarik. Eten behar dugu kate hori, alternatiba bat eraikiz eta irudikatuz, baina hori ez da soilik zerumuga ausart eta utopikoen arabera egiten, ezinbestekoa bada ere, jendeak proposamen bideragarriak ikusi nahi dituelako. Pasio alai eraldatzaileak pizteko gaitasuna duten egitasmoak eraiki behar ditugu, beraz, beste mundu baten proposamena eta hara iristeko trantsizio bide errealak uztartzen dituena. Amorrua energia eraldatzaile bilakatu behar dugu, itxaropenaz lotuz, gaur egun emantzipazioa ezin baita fede kontutzat hartu.
Baina, une berean, jakin behar dugu badagoela amorru taupada bat borroka emantzipatzaileekiko erreakzioarekin lotuta. Antifeminismoa, arrazakeria eta larrialdi bioklimatikoaren ukapena ez dira bideragarriak emantzipazio terminoetan, ezta diskurtso obrerista zaharkituen terminoetan formulatzen bada ere. Badago bataila bat derrigorrean gertatu beharrekoa, ezin diogu ihes egin: indar horien parean indar potenteagoak jarri behar ditugu. Eta hori ezin da egungo diagnostiko zuzenik gabe egin.
Sakonean, taupada autoritarioari aurre egitea kapitalismoaren barru barruko taupadari aurre egitea da. Eta ezker eraldatzaileak demokraziaren izenean egiten duenean, ez da formulazio liberal-burgesa zerumuga hartuta, baizik eta bertsio mugatu eta ahul hori jendarte konkistatzat hartuta. Ez baita, arestian azaldu bezala, eliteen mesede bat, herriaren lorpena baizik. Lorpen mugatua, ez baita benetako herriaren jabetza, baina, zalantzarik gabe, aurrerapen estrategiko indartsua. Horregatik, hain zuzen, hartu du neoliberalismoak demokraziaren deuseztapenaren bidea. Ez du egin gaur egun denaren arabera, izan daitekeena aintzat hartuta baizik: demokrazia mugatu horretan konkista berrien hazia eta bidea dagoelako, konkista soziala den heinean.
Egia da, eta horrela esan behar dugu, batzuentzako demokrazia liberal ahul eta mugatu hori zerumuga bakarra dela. Hori autoritarismoa edozer ontzat emateko amu gisa erabiltzen da, begibistakoa da gure garaiotan. Ikuspegi horretatik autoritarismoaren mehatxua baliagarria da emantzipazioaren espektatibak kamusteko. Baina hori ez da taupada autoritarioari aurre egiteko bidea, eta posizio horretan daudenak gaindituta gelditzen ari dira, ez baita bideragarria erdian gelditzea lehia bizkortzen denean, Espainiar Estatuan gertatzen ari den moduan.
«Kontua da, gustatu ala ez, bidea moztea derrigorrezko baldintza dela urrats berriak eman ahal izateko»
Euskal ezker subiranistak autoritarismoari laguntzen dionean ateak ixten, ez dago autoritarismoa mamu gisa hartzen duen posibilismo ahularen logikan. Kontua ez da «edozer» egitea autoritarioei bidea mozteko, edozer hori delako azken hamarkadetan autoritarioei bidea ireki diena. Kontua da, gustatu ala ez, bidea moztea derrigorrezko baldintza dela urrats berriak eman ahal izateko, «zenbat eta makurrago orduan eta hobe» aurreikuspena ezkerraren impasse historikoaren arrazoi nagusietako bat delako.
Mahai gainean dago eliteen ofentsiba erraldoia azken mendeetako konkista sozial guziak itzularazteko, noiz eta logika kapitalistak bizitzaren egungo baldintzak amildegiaren ertzera eraman dituelarik. Hori da agenda autoritarioaren funtsa. Konkista sozial guzien suntsiketak mendeku krudel baten forma hartzen du, konkista horiek ahalbideratu dituzten ideiak, tradizioak, jendarteko loturak, utopiak, estrategiak, diskurtsoak, antolakuntza formak eta eragileak suntsitu nahi dituztelako. Mugarik gabeko suntsipena jarri dute abian, eta horren aurrean ez dago epe laburreko kalkuluetan jarduterik, ez eta estrategiarik gabeko errotikotasun formalean atertzerik ere.
Konkista sozial berriak behar ditugu demokrazia liberal-burgesa gainditzeko, eta hori nekez gertatuko da orain arte lortutakoa suntsitzen uzten badiegu. Horregatik, olatu autoritarioari aurre egitea, egungo garaiotan, kapitalari aurre egiteko ezinbesteko estrategia da.
Bolsonaro, Bukele, Trump, Orban,… Sarrera eskasa. Denak saku berean sartu ezkero, hasieratik kale. Eta kontuz autoritarismo hitza erabiltzen duzunean, are gehiago herritarren ehuneko larogeitamarraren babesa daukatenean. Zuen olatu autoritarioetan ezkertiarrek ez daukate lekurik??? Arras bitxia.
Tximinorekin erabat ados. Zerikusi gutxiago du Trumpek (kontserbadorea, merkatuan eskua sartzearen zalea) Mileirekin (liberala, estatu minimo baten aldekoa), Espainiako eta Euskal Herriko politikoekin baino.(Airera botatako afirmazioa, ez hartu serioegi).
Eta ni ez naiz bereziki hauen aldekoa, baina hauen lehiakide direnek berdina edo lan kaxkarragoa egin dute. Trumpen ez zuen Mexikoko harresiaren eraikuntza hasi, eta begira nola dagoen Argentina ezkerreko gobernu progresista batzuen ondoren.
PD: Euskal Herrian nabari ditudan autoritarismo zantzu gehienak ezkerrean izaten dira, nahiz eta ez izan Milei edo Trump bezalako bullosoak