Michel Foucault eta Daniel Defert

Michel Foucault eta Daniel Defert –

Michel Foucault 1926ko urriaren 15ean jaio zen Poitiersen, familia burges katoliko batean. Kirurgilariak zituen aita eta amaren aita. Ikasle bikaina, etxean jakinarazi zuenean ez zuela Medikuntza ikasiko aita zapuztu zuen. Mesfidantza erakutsiko zuen beti Medikuntzari dagokionez, batik bat Psikiatriari. Foucaulten anaia txikia ere kirurgilaria izan zen. Foucaultek, gerora, Psikologiako irakasle zelarik, idazlan hauxe agindu zien ikasleei: “Idatzi folio bi familia neurotikoari buruz, hau da, familiari buruz”.

1936ak ekarri zion lehenbiziko harridura eta ezinegon handia: Espainiako gerra zibiletik ihesi, errepublikazale asko errefuxiatu baitzen Poitiersen, euskaldun asko tartean. Berehala nagusituko ziren naziak Foucaulten herriaz.

1946an utzi zuen Foucaultek Poitiers, 19 urte zituela, Parisko École Normal Supérieure ospetsuan onartu baitzuten. Onarpen hori zen garai hartan ikasle batek Frantzian lor zezakeen kontsakrazio gorena. Lau urtez bizi izan zen Ulm kaleko egoitzan. Liberazioaren poza gorabehera, ordea, gaizki pasa zuen han Foucaultek.

Bere homosexualtasunak barne gatazka mingarriak zekarzkion, puritanoa eta moralista baitzen gerraosteko Frantzia hura. Batzuetan, anbienteko lokaletara gauez irten eta egoitzara itzulirikoan ohean etzanda gelditzen zen hainbat egunez, errudun eta depresioak jota. Erasokor, intolerante eta asoziala dugu bolada hartako Foucault. Egun batean, ikaskide baten atzetik ibili zen korridoreetatik garrasika, labana eskuan. Zurrutari eman zitzaion. 1948an bere burua hiltzen saiatu zen. Psikologo eta psikiatrek tratatu zuten. Aurrenetakoa izan zen neuroleptikoen errezetak jasotzen. Edonolako drogek pizten zioten jakin-mina. Inoiz adikzioan jausi ez bazen ere, muturreko esperientziak egin zituen. Ezagunena, 1975ean Kaliforniako Heriotzaren Ibarrean LSDarekin egin zuena, inoizko bere bizipenik zoragarriena, Foucaultek berak esatera.

Behin batean adierazi zuen bere liburuen oinarrian bultzada biografikoren bat dagoela; besteak beste, eromena, eritasuna, psikiatrikoa, heriotza, kriminala, perbertsoa, kartzela, sexualitatea, anormalak aztertuko zituen bere liburuetan. Foucault agertu arte, Filosofiak egundo jorratu gabeko aztergaiak ziren horiek guztiak. Hori bai, liburuetan ez zuen bere buruaz hitz egiten. “Autore” funtzioa auzitan jarri zuen. Bere buruaz askatu eta ahazteko idazten omen zuen, bere aurpegia galtzeko, bera ez bezalako beste norbait bilakatzeko. Foucaultek idatziriko testu garrantzitsuak dabiltza oraindik harat-honat “Maurice Florence” batek izenpetuak. “Louis Appert” ere izan zen.

Michel Foucault eta Daniel Defert

Pixkanaka armairutik atera eta 70eko hamarraldian bere gay izaeraz eta zaletasun sadomasokistaz libre mintzatzen amaituko zuen aldizkari eta elkarrizketa publikoetan. Gay gisa, uste zuen kontua ez zela gay identitatea azpimarratzea, baizik eta gay bizimoduak sortzea. Sadomasokismoari dagokionez, Foucaultentzat ez da, esan ohi den legez, botere-egituren erreprodukzioa harreman erotikoaren baitan, ez da jarduera bizarro edo perbertsoa, baizik eta botere-harremanen antzerkiratzea eta gozamen ineditoen iturria. Plazera desexualizatu eta botere-harremanak erotizatzeko modu bat ei da. Sadomasokismoan botere harremanak, gizartean ez bezala, alderantzikagarri bilakatzen dira. Jolas sadomadoa hasten denean, protagonistetako bat nagusia izan daiteke, eta bestea esklaboa, eta amaieran alderantziz. Rolen transgresioa aldez aurretik adosten da.

Mundu Gerraren amaierak eta liberazioak AEBetako bizimodu eta kultur ereduen lilura piztu zuten Frantzian; aldi berean, pentsalari gehienak Alderdi Komunistak erakarri zituen. Ospe itzela zuen orduan Frantziako Alderdi Komunistak, erresistentziaren eta fusilatuen Alderdia baitzen. Louis Althusser adiskidearen eraginpean egin zen Foucault Alderdi Komunistako kide 1950ean. Edozelan ere, urte bi ere ez zituen egin alderdikide gisa, Moskuko agintekeriaren berri izan bezain laster utzi baitzuen. Aurrerantzean, etengabe saiatuko zen ezker berri antiautoritario bat asmatzen. Garaitsu hartan ezagutu zuen hil arte maiteko zuen Daniel Defert.

Maiz egiten zitzaion Paris itogarri. Ihes egin eta Suedian, Polonian, Alemanian eta Tunisian ibili zen irakasle. Herri horietara bizitzera joan zelarik, epe labur samarrerako baino ez bazen ere, Foucaultek egin zuen aurreneko gauza bertako hizkuntza ikasten ahalegintzea izan zen, nahiz eta harentzat beharrezkoa ez izan.

Tunisiako Unibertsitatean harrapatu zuen Foucault hango 67ko erreboltak. Ikasle matxinoei lagundu zien. Urte haietan irakurri zituen Rosa Luxemburg, Che Gebara eta Pantera Beltzen testuak. 68ko maiatzak Frantzia zeharo aztoratu eta betirako aldatuko zuen. Boterean zentratuko zen aurrerantzean Foucaulten gogoeta, eta oso eragingarria izango zen protesta eta erreboltak antolatzeko orduan. Gaur egun, Foucault iraultzaile hiperraktibo hura da, ziurrenik, haren aurpegi ororen artean ezagunena.

1969an Vincenneseko Unibertsitate esperimental ezkertiarreko irakasle izendatu zuten eta 1970ean Frantziako hezkuntza-erakunderik ospetsuena den Collège de France-rako hautatu zuten. Bizikletaz joaten zen klaseak ematera, garai hartan Parisen deigarria baitzen, Franco Ministro Kontseilura patinetez joan balitz bezain. Foucault beti egon zen prest goi-mailako jakintsu izateak ematen zion prestigioa kale gorriko borroka zailetan arriskuan jarri edota sakrifikatzeko.

1971n “Espetxeei buruzko informazio taldea” sortu zuen, Daniel Defertekin batera, presoek berek hitz egin zezaten beren izenean, ordezkari barik. Botereak, ziurtasunaren izenean, bere buruari baimenzen dizkion irregulartasunen aurka jaiki zen Foucault, adibidez aginteak berehala zuritzen dituen gehiegikeria polizialen aurka: tortura, etorkinen, langileen edo militanteen hilketa “zoritxarrekoak”… Idatziz zein jardunez, behin eta berriz salatu zituen polizien eta Estatuen botere-abusuak.

1973an Libération egunkari ezkertiarra sortu zuen, Sartrerekin eta beste lagun zenbaitekin batera. Zero alean, Foucaulten eta Renaultek kanporatutako langile militante baten arteko eztabaida agertu zen.

1975ko irailean, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide heriotza-zigorrera kondenatu zituztenean, Madrilen agertu zen Simone Signoret, Costa Gravas, Yves Montand eta beste batzuekin. Aurretik ez zen antzekorik egin eta arriskutsua izan zitekeen. Kazetarien aurrean, Montandek testu bat irakurri zuen, Foucaultek idatzia, kondenatuentzako eskatuz berme juridikoak beteko zituen epaiketa bat. Halako batean, polizia aretoan sartu zen. Hainbat kazetari atxilotu zituen. Foucaultek zeuzkan eskuan panfletoak. Polizia batek kendu nahi izan zizkion. Foucaultek amorruz egin zion aurre. Parisa itzuli eta heriotza-zigorren aurka ondoko egunetan egin ziren manifestazio jendetsuetan ibili ziren Defert eta Foucault.

Jasangaitza zitzaion edozein poliziaren kontaktu fisikoa eta poliziaren edozein aginduri obeditu beharra. Foucaultekin zeregin militanteetan ibilirikoak bat datoz haren adore fisiko harrigarria deskribatzeko orduan, manifestazio eta protestetan polizia gainera zetorkiolarik bere gorputza jokoan jarri eta defentsan zein erasoan zerabilen biolentzia arraroa. Basakeriaz atxilotu eta ankerki jipoitu zuten. Behin batean, polizia batek saihetsezur bat hautsi zion. Foucaultek zioen polizien lana goitik datozkien aginduak betearazteko indar fisikoa erabiltzea dela, eta muga horretaraino heltzera behartu behar ditugula. Azkazalen azpiko zikinkeria aterarazi behar da edozein giza harremanetan.

80ko hamarraldian, Foucault eta bere lagunak (Defert, Deleuze, Guattari, Châtelet) Iparraldeko euskal errefuxiatuak deportatu eta Espainiaren esku uztearen aurka ere borrokatu ziren. Lagunarte hartako kideek zein haien ondorengoek, hala nola Emily Deleuze zinemagileak, Josu Urrutikoetxea libre uztearen aldeko eskaerak izenpetu dituzte berriki.

Azkeneko urteak erretiratzeko nahiak markatuko zituen. Foucaultek sumatzen zuen arrakastak eragozten ziola bere ikerketetan behar bezala sakontzea. Libreago sentitzen zuen bere burua Kalifornian Frantzian baino, eta Paris abandonatu eta Defertekin batera San Frantziskon bizitzen jartzeko proiektua zeukan. Gainera, hainbeste ordu igarotako liburutegiak behin betiko uzteko asmoa ere bazuen. Eta idazteko ohiturari ere despedida eman nahi zion sekula betikoz.

1984an Foucault ohartu zen eri zela eta hiltzera zihoala, baina berdin jarraitu zuen kurtsoekin eta idazten; eta bereziki hunkigarria gertatzen da zein modu finean aztertu zuen azkeneko ikastaroan, “Egiaren ausardia” deitua, Sokratesen heriotza Platonen “Apologia”, “Kriton” eta “Fedon” elkarrizketetan, eta bereziki Sokratesen azkeneko hitzak: “Kriton, ez ahaztu oilar bat zor diogula Asklepiori”.

1984eko ekainean hil zen, Parisen, hiesak jota. Ordutik aurrera, Daniel Defert hiesaren aurkako aktibismoari ekin zion. 2023ko otsailaren 7an hil da Daniel Defert.

Michel Foucault eta Daniel Defert Michel Foucault eta Daniel Defert

13 pentsamendu “Michel Foucault eta Daniel Defert”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2023-03-21 20:19

    Michel Foucaultek defendatu zituen kausa ohoragarriak aipatu dituzu, haren konpromiso politikoaren adibide. Baita ere, konta liteke haurren eta helduen arteko sexu-harremanak despenalizatzearen alde sutsuki mintzatu zela. Irizkide eta lagun eduki zituen Louis Aragon, Jean-Paul Sartre, Jacques Derrida, Louis Althusser, Roland Barthes, Simone de Beauvoir, Gilles Deleuze, Félix Guattari, Michel Leiris, Alain Robbe-Grillet, Philippe Sollers, Jacques Rancière, François Châtelet, Jean-François Lyotard, Francis Ponge eta beste.

    Dirudienez gaur egun ez da korrektoa galdetzea ea egia ote den Michel Foucaultek, Tunisiako egonaldietan, maiz adin txikiko mutikoen konpainia bilatu zuela.

    Roman Polanskyk, AEBetan 13 urteko neskato bati droga eman eta ahotik, alutik eta uzkitik penetratzeagatik bere burua errudun deklaratu ondoren, Frantziara ihes egin zuenean, Foucaultek esan zuen, besteak beste, “She seems to have been a consenting party”.

    Haren pentsaerari dagokionez, egungo zozokeria posmodernisten aitabitxia da, Deluzekin batera.

  • Amonamantangorri 2023-03-22 13:06

    Zehaztasun bat aipatu ditudan izen horiei buruz, Foucaultek “irizkide eta lagun” eduki zituenak 70eko garaian, umeekiko sexu tratuak despenalizatzearen aldeko kanpaina mediatikoetan. https://fr.m.wikipedia.org/wiki/P%C3%A9titions_en_France_concernant_la_majorit%C3%A9_sexuelle

    Haietako askok, zinez, gazteen arteko harreman legitimoak (batez ere homosexualak) zigor kodetik ezabatzearen alde zeudelako eman zieten beren atxikimendua gutun horiei. Beste batzuk, ordea, benetan ari ziren beren sexu-apetak legezta zitezen saiatzen. Tartean, Foucault. Bakarren batek barkamena eskatu izan du esanez, izan ere, badakizue, 70eko urteak baitziren…

    Zer ote du Frantziar intelektualitateak beretarren arteko pedofilia, prostituzio eta oro har sexu-gehiegikeriak onartzeko joera horrekin? Transgresioaren mozorroaz, moral burgesaren koartada darabilte, baina ez da deus burgesagorik pentsaera egoista hori baino, hurkoa erabiltzea norberaren irrikak asetzeko bitarteko soil gisa, egin dezakezun minaz axolarik gabe.

  • Foucault eta’ delinquent hutsac.

    Adeitsuqui

  • Benat Castorene 2023-03-22 23:23

    Frantziar intelektualitate hori araurik eta mugarik gabeko askatasun eta eskubide indibidualak liluratua da. Nondik datorren? Joera urrundik dator eta iturriak anizkoitzak dira. Historian sobera urrun igo gabe, Frantziaren kasuan “argien” ideiaren, iraultzaren eta Kristautasunaren kontrako muturreko erreakzioaren alboko ondorioa izan liteke partez bederen. . Baina joera eta korronte bakarrik frantsesa ote dira? Jon Mirande (haur besoetakoa) euskaldun ‘”frantsesa” bazen, sustengatzaile euskaldun euskaldunak ere zituen Hegoaldean.

  • Tunisiakoari buruzko salaketek ondo erakusten dute egiaosteko garaiotan nola erabiltzen diren hedabideak. Hurrengo datuak Wikipedia frantseseko Michel Foucault-etik moldatu ditut.

    Guy Sorman kazetari eskuindarrak, ABC eta Le Figaron idazten duenak, 2021ean bota zuen Foucaultek umeekin sexu harremanak izan zituela Sidi Bou Saïd-eko hilerrian, 1969ko Aste Santuan. Delitua gertatu eta berrogeita hamabi urteren buruan, beraz, Foucaultek hogeita zazpi urte zeramatzala hilik.

    Sormanek jakinarazi zigun Foucaulten obra eta konpromiso politikoa, azken batean, ez zirela izan bere “deprabazioaren zurigarria” baizik.

    Salaketa horiek ikaragarri zabaldu zituzten Valeurs actuelles, Le Point, Le Nouvel Observateur eta Twitter bezalako hedabideek.

    Handik pixka batera, Jeune Afrique aldizkariak Sidi Bou Saïden bertan ikerketa bat egin eta Sormanen hitzak gezurtatu zituen.

    Orduan, Arrêt sur images telebista-programak gauzak argitzeko eskatu zion Sormani, baina honek uko.

    Gero, Sormanek, Die Zeit-i emandako elkarrizketa batean, onartu zuen ez zela gertakarien lekuko izan eta zurrumurru batean oinarritu zela.

    Ondoren, Phillippe Chevalier-ek L’Express-en erakutsi zuen Sormanen salaketek ez zutela bat ere funtsik. Aldatu ere egin zituen Sormanek denboran barrena.

    Chevalierrek hori idatzi zuen salatzaileari elkarrizketa bat egin ostean, non Sormanek atzera egin eta Foucaulten kontrako bere salaketei garrantzia kendu zien.

    L’Express-en lerroburua: “Michel Foucault eta pedofilia: nahasmendu mediatiko bati buruzko ikerketa.”

    Urak bere bidea ordea, eta hemen gabiltza Sormanek eragindako zurrunbiloan harrapaturik. Oinarririk izan ez arren, edo ederki jakin arren erabat faltsua dela, badaezpada ere bota: jende mordoa dago gisakoak sinesteko eta zabaltzeko irrikaz, eta, gezurtatzeak gorabehera, luzaro ibiliko da musika hori airean. ZuZeuraino ere iritsi da, atera kontuak.

    Foucaulten biografiarik serio eta sinesgarrienak, nik dakidala, Didier Eribon eta David Macey-renak jarraitzen dute izaten.

  • Amonamantangorri 2023-03-25 10:59

    Arrazoi. Erabat zikina eta fundamentu gabekoa, frogatu gabeko esamesak aipatzea. https://www.clarin.com/revista-enie/guy-sorman-foucault-ciego-propia-pedofilia-_0_2w8uquoeZ.html

    Orain: haren obra eta jendaurrean emandako iritziei dagokionez, zer.

  • Benat Castorene 2023-03-25 12:13

    Gezur horrek ez du kentzen denbora batez pedofiliaren aldera bazela Frantzian beharrik beti gauzatzen ez zen gogo zabaltasun intelektual bat orai gehiago miretsi ez dena. Ez dakit Foucaultek zer errola jokatu zuen giro horretan.

  • Sormanek hau dioenean, badaki ez dela egia. Emakumeen edo presoen aldeko manifestu bat izenpetzeak ez zaitu emakume edo preso egiten. Inoiz ez da “un pedófilo declarado” izan.

    Revelar que el filósofo Michel Foucault era pedófilo tampoco es dar una noticia… El mismo Foucault, en el 1977, firmó un manifiesto, donde se reclamaba que ninguna ley prohibiera las relaciones sexuales con niños. Era un pedófilo declarado en su época y no le chocó a nadie. Ahora de pronto todo el mundo está impresionado.

  • Erabat ados Beñatekin. 68koaren ostean geunden, Deleuze eta Guattariren diferentziaren eta desiraren jario librean, Lacanen ez amore eman zure desirari dagokionez hartan, pedofiloen kasuan hain problematikoa.

    68koaren osteko garai hartakoak dira, adibidez, Mourir d’aimer abestia eta izen bereko filma, 1971koak. Gabrielle Russier irakaslearen kasua dute kontagai, 16 urteko ikasle batekin maitasun-harremana izan eta bere burua hil zuena, gurasoen salaketak, jazarpen orokorrak eta urte betez espetxeratzeko aginduak itota. Ikasleak, Christian Rossik, behin eta berriz aldarrikatu irakaslea maite zuela eta adostuak izan zituztela sexu-harremanak. Ordea, 16 urte zituenez, legez kanpokoa zen harremana. Zigor kodearen arabera, Rossiren adostasunak ez zuen ezertarako balio. Dirudienez, irakaslea gizona izan balitz, ez zatekeen arazorik sortuko. Gisako arazoak zeuden airean. Russierren aferak eta antzeko beste batzuek legearen erreforma ekarri zuten, eta adostasuna 15 urtetara jaitsarazi, baina soilik heterosexualen kasuan.

  • Foucaultek pedofiloen eskubideak errespetatzeko eskatzeak ez du frogatzen pedofiloa zenik. Foucault ez zegoen Armada Gorriaren Frakzioaren atentatuekin ados, baina Armadaren abokatu Klaus Croissant, Frantzian erbesteratua, estradizioarekin mehatxatu zutenean, Foucaultek asilo-eskubidearen aldeko manifestu bat izenpetu zuen, hiritar orori zor zaiolakoan berme juridiko guztiekin egingo den epaiketa, eta Croissant Armadako kideak bezain matxakatua zeukaten. Azkenik, Frantziak estraditatu eta urte bi eta erdiko kartzelaldia jasan behar izan zuen Alemanian. 1977an gertatu zen hori, pedofiliaren inguruko manifestuaren sasoian.

  • Foucaulten aurkakoa bezalako salaketa larriak zabaldu baino lehen, manifestua bera irakurri beharko litzateke, behintzat.

    Simone de Beauvoir, Sartre, Roland Barthes, Robbe-Grillet eta bestek izenpetu zutena ez da inondik inora “pedofiliaren aldeko izkribu bat”, gaur egun Luc Ferry, Michel Onfray eta beste batzuek halakotzat saltzen duten arren. Francoise Dolto psikoanalistak ere izenpetu zuen, eta Doltok berak idatzi zuenez, “umearen eta helduaren arteko sexu-harremana beti izaten da traumatikoa”.

    Foucaultek eta eskatzen zutena zen, batik bat, argitzeko behingoz zenbat urterekin balio duen sexu-harremanak izateko zeure adostasunak; eta heterosexualen eta homosexualen arteko agrabio konparatiboak bertan behera uzteko.

  • Guy Hocquenghem izan zen homosexualen eskubideen aldeko borrokalaririk aktiboenetakoa. 16 urte zituenean René Schérer idazle helduarekin harremanak zeuzkan (Schérer otsailean hil da), eta ausarki exijitzen zuen harreman horiek izateko eskubidea. Ez helduek baizik adin txikikoek berek eraman zuten sarritan aurrera helduen eta adin txikikoen arteko sexu harremanak zigorgabetzeko borrokaren zuzia, oroz lehen lizeoetako ikasleek. “Adin txikiko” horrek 16 edo 18 urte esan nahi baitzuen maiz.

    Frantzian, 1974ra arte, homosexualak ez zuen adostasunerako adinik 21 urte bete arte. 20 urteko homosexualaren adostasunak 22 urtekoarekin oheratzeko ez zuen tutik ere balio. Erruki barik espetxeratzen zituzten homosexualak 21 urte baino gutxiagoko beste homosexualekin harremanak izateagatik. 1974an, homosexualentzat, 21etik 18ra jaitsi zuten adostasunerako adina. Heterosexualentzat, aldiz, 15era arte jaitsi zuten. Agrabio konparatibo hori ere salatu nahi zuen Foucault eta gainerakoen manifestuak.

    Homosexualen eskubideen aldeko borrokari esker, 1982an, Mitterand presidente zela, homosexualentzat ere 15 urtera jaitsi zuten adostasunerako adina.

  • Legeak erabaki behar du adin-txikiko izatetik nagusi izatera noiz igarotzen zaren, eta muga beti da konbentzionala, eta neurri batean arbitrarioa. Frantzian, hamalau urteko batekin oheratzea zigortua zegoen sasoian, adostasuna gorabehera, epaile batek pilula antikontzeptiboak hartzeko baimena ematen zien hamahiru urteko neskei. Epailea, horrenbestez, krimenaren kolabo (“krimena” deitzen zitzaion 19 urtekoa 15 urtekoarekin oheratzeari). Foucaulten manifestuan desfase hori ere salatzen zuten, epaile kolaboaren adibide horrexekin.

    Konbentzionala denez, biziki aldakorra izaten da adostasunaren muga denboran eta espazioan: Europan, gaur egun, Alemanian eta Portugalen 14 urte, Frantzian eta Suedian 15, Espainian eta Errusian 16, Zipren eta Irlandan 17, Turkian eta Vatikanoan 18.