Metrika eta errima bakoa
Metrika eta errima bakoa –
Joan den egunean Pio Baroja izeneko enparantzan dauden ziboetan pasa genuen arratsaldea, eta han gure alabaren jira-birak uztartu ziren noizbait idazlearen hitzekin. Idazlea ez zen, ordea, joan den mendeko elaberrigile ospetsuaren islada, bere kezka literarioak arintzen zituen gizon ileurdina baizik. Ni lepoz nengoen aurreko bankuan jesarrita, gure umearen jogurt preziatua zaintzen, eta nekez ikus niezaiokeen aurpegia poeta misteriotsuari, poesiaz ari baitzen. Itxura batean, beste idazle batekin ari zen hizketan, bideodeian hain zuzen, eta bere ahots ozenak esaten zuenagatik, premiazkoa zuen orain gutxi idatzitako poemarioaren feedbacka jasotea.
Elkarrizketaren xehetasunak ez dakizkit, beharrik ez, izan ere ez zen nire asmoa euren intimitatean kuxkuxeatzen ibilitzea. Edozelan ere, umeak azkaria noiz hartu egon nintzen bitartean, poeta ileurdinak bere kideari esandako esaldi batekin geratu nintzen: ¿Tiro todo a la papelera? ¿Métrica y rima? Ondotxo ezagutzen ditut poesia idazteak ekar ditzakeen burukominak. Badakit zer den poema perfektuaren bila aritzea, eta bat-batean berau irakurri ondoren delete teklari sua ematea.
Tira, ez dira gutxi gizakiok bizitzan ezagutuko ditugun porrotak, baita zerotik hastea egokituko zaizkigun aldiak ere. Kasurako, harreman batean metrikak kale egiten baldin badu, harremana apurtzen bada, bi pertsonak bertso aske bilakatzen dira eta halabeharrez hoskidetasun berri baten bila birsortu beharko dira. Bestetik, inoiz astiro eta patxadaz eraikitako karta-gaztelua haizeak hankaz gora jartzen duenean, zerotik hasi beharra dago nahi eta nahi ez. Edota seme-alaba batek, askatasun gosea medio, bere gurasoen besoetatik alde egiten duenean, berorrek sortutako hutsunea nekez bete daiteke; kasu horretan familiako kide guztiei dagokie zerotik hastea.
Gaurkoan, zoritxarrez, Afganistango biztanleei ere EEBBek utzitako anabasa konpontzea tokatu zaie, historian zehar beste haimaika herrialdek, geurea barne, egin behar izan duten bezala. Gaur-gaurkoz, ordea, ez dirudi poema horren metrika eta errima askeak izango direnik; neuk, behintzat, aspaldi ez diot hango aferari metrikarik eta errimarik aurkitzen.
Metrika eta errima bakoa