Merezi duelakoan
Merezi duelakoan –
Bi hitzekin laburbildu zuen EITBko En Jake programan Carlos Cue El País-eko kazetariak egun bat lehenago (2023-12-10) Pedro Sánchez Espainiako gobernuburuak emandako elkarrizketa baten mamia: merezi du. Alegia, Sánchezek uste du procés-en parte hartu dutenei amnistia-legea aplikatzea merezi duela. Zergatik merezi du, ordea, halako aplikazio horrek, jakinaren gainean egonik estatuko jende askok, beharbada gehiengoak, ez duela begi onez ikusten halako eginkizunik, eta gutxienez oposizioak beltz jarriko diola agintaldia? Zer lortu nahi du Pedro Sánchezek bere alderdia mendean hartuz, oraintsu arte amnistiari buruz esandakoari buelta emanez, bere jarraitzaileei esandakoaren kontrakoa nabarmenki esanaraziz. Zeren ados egongo gara erabaki hori ez dela konbentzimendu sakon baten fruitu, ez dela konbertsio baten ondorio…
Bere adierazpen publikoetan Espainiako Gobernuko presidenteak beti aipatu izan du arrazoi bat: «konbibentzia» lortu beharra, bake sozialaren premia, Kataluniako gizartearen «baketzea», «zatiketa amaitu» beharra. Irmoki eta erabakimen osoz saiatzen ari da presidente sozialista Espainiako gizarteari neurri ezohiko horrek dituen bertuteak erakutsi nahirik, eta, Konstituzioaren barruan kabitzen delarik, daukan kaltegabetasunari erreparatu diezaion; izan ere, askoz hobea izango da lege hori Katalunian aplikatzea, horrekin estatuaren lasaitasuna erdiesten bada. Zer xede du agintari batek hori baino desiragarriagorik, behingoz erreibindikazio-giroa, zalaparta eta pretentsio gehiegizkoak isiltzea lortzen badu? Indultuekin giroa lasaitu bazen, gauza bera lortu nahi da amnistia-lege honekin.
Bada, ordea, Sánchezek argi adierazten ez duen beste zerbait, eta eskuineko indarrek igartzeko gaitasuna ez daukatena. Ikusteko gai izango balira, eurak ere neurriaren alde jarriko lirateke. Zein da Kataluniako gizartean bake sozial horrek daukan prezioa? Ondo begiratzen bada, konbibentzia urratzen dutenak independentziaren aldekoak dira. Independentzia nahi ez dutenek ez dute sekula bake-girorik urratzen. Edozeinek dauka bere ideiak lasai eta demokratikoki betetzeko aukera aski jende biltzen badu, independentzia nahi duenak izan ezik. Independentziazaleak legearen harresiarekin egingo du topo: gizarte demokratikoan, printzipioz, eskubidea, izan badu, baina ezin du erdietsi, legeak debekatzen diolako. Berdin dio gehiengoa izan, zein ez. Zinez uste dena praktikara eramateak, berez, konbibentzia lasaia desegiten du, edo desegiteko moduan uzten du. Independentziak banandu egiten du, familiak elkarrengandik urruntzen ditu, jendearen artean giro txarra sortuz. Independentziak, edo autodeterminazio-eskubideak; beste inork, beste ezerk, ez. Beste guztiak haren biktima dira.
Gauzak horrela, amnistia-legearen aplikazioaren helburua da independentziaren aldekoek beren asmoak alde batera utz ditzaten, bestela ez dago modurik konbibentzia hobetzeko, zatiketarekin bukatzeko. Tristeena da helburu hori soilik ezkerrak lor dezakeela. Eskuina bortitza da, egurra predikatzen du, errepresioa du bere botika bakar, basatia da; eta basakeriak ez du ezer baketzen. Asko jota epe baten barruan isilarazten du erreibindikazioa. Ezkerrak soluzio imajinatiboagoak dauzka beti. Ezkerrak bakarrik du ahalmena, Katalunian eta edonon, erreibindikazioak apaltzeko, independentziaren aldekoak kaletik ateratzeko. Amnistia-legea aplikatu ondoren, neurri politikoagoak «aginduko» dira: Katalunia estatuan txertatu behar da, «enkajatu», eroso sentitu dadin, Espainia plurinazionala izan daiteke, federala, konfederala, auskalo zer besterik. Edozer gauza inork ez dezan alde egiteko, bere buruaz erabakitzeko, gogorik edo premiarik ikusi. Kontua da, hori lortzeko, independentziaren aldekoen borondatea ere behar dela…; hori ez dago estatuaren esku soiletan. Imajinatu daiteke, ordea, zenbatek, partiduen artean batik bat, pentsatuko duen «oraingoz» aski lorpen badela hori dena erdietsiko balitz: zigorgabetuta amnistiaturik eta autonomismo ahalik eta zabalenean bizi, batik bat independentziaren aldekoak elkarrekin lehian eta sakabanaturik badaude. Sánchezek aski ongi ezagutzen du amnistiak izango duen botere desmobilizatzailea. Nola ez du, bada, mereziko.