Megaproiektuen aurkako borroka ez da berriztagarrien aurkakoa izan behar, neurritasunaren alde baizik

Megaproiektuen aurkako borroka ez da berriztagarrien aurkakoa izan behar –

Petrolioari eta nuklearrari esker energia gure bazterretan “ikusezina” zen XX. mendeko parentesia dagoeneko itxia da, baina gizarte mailan ez gara horretaz ongi ohartu. Presazko egoera horretan goldea idien aurretik jartzen dute erabakitzaileek, eta egitura handien egitasmoek bazterrak astintzen dituzte, batzutan literalki: ingurune batzuk sakonki alda ditzakete megaproiektuek edota mineral meategiek. Arazoaz ongi jabetzeko oso garrantzitsua da gaiak ezberdintzea: zenbat ekoitzi behar den, zertarako, nola, eta hori dena nork erabaki. Honen arabera ahalbidetuko baita benetako energia burujabetza.

Megaproiektuen aurkako borroka ez da berriztagarrien aurkakoa izan behar
Iberdrolak Badajozen iaz eraikitako Nuñez de Balboa parke fotovoltaikoa, Europako handiena. Arg.: The Luxonomiist

IPCCaren arabera (Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldea), trantsizio justua ezinbestekoa da klima hondamendia saihesteko. Hots, aldaketaren ahalegina ez zaie txiroenei nagusiki inposatu behar: trantsizioaren justizia sozial mailak trantsizioaren eraginkortasun materiala bera baldintzatzen duelako. Horrek berarekin dakar kontsumo desorekak zuzentzea: Frantziako Estatuan 2030erako berotegi efektuko gasen (BEG) isurketen murriztapen xedea lortzeko, %50 pobreenek beraien isurketak %3 jaitsi beharko dituzte,  eta %10 aberatsenek, aldiz, %61.

Desoreka hori zuzentzeaz gain, egiturazko kontsumo maila aztertzea ezinbestekoa da: lehentasuna eraikinen isolamendu termikoa dugu, eta Ipar Euskal Herria bezalako eremuetan gutxiegi garatuak diren garraio publikoak. Arlo horietan berant gabiltza: isolamenduari dagokionez, 2008ko Grenelleko helburuak bete balira, 2022ko otsaila baino lehen Errusiatik Frantziak inportatzen zuen gasaren baliokidea aurreztuko litzateke. Gutxien kutsatzen duen energia erabiltzen ez dena da. Behar gabeko kontsumoak identifikatu eta murriztu ondoren soilik pentsa daiteke zenbat ekoitzi eta nola, jasangarritasun ekologiko eta soziala ardatz izanik.

Ipar Euskal Herrian potentzial handia dago energia fotovoltaikoan, gune artifizializatu edo andeatuetatik hasiz: teilatuak, aparkalekuak, harrobiak, Baionako portualdea, autobidearen eremua. Argi izan behar da gune horiek guztiak erabiliz eta gure beharrak doituz ere, azalera gutxiegi izanen dela, eta laborantzaren kontribuzioa beharrezkoa dela. Horretarako badira janari ekoizpena eta elektrizitate ekoizpena ahalbidetzen dituzten sistemak, lurrik artifizializatu gabe (kiwietan, adibidez, eta beste ekoizpenetara molda daitezke). Eguzkiaren energiarekin batera haizearena egon behar da, bakoitzak duen aldizkakotasuna konpentsatzeko. Horretarako, eredu ez-brutalistak daude, hots, bazterrak suntsitzen ez dituztenak. Hala ere ez dira ikusezinak izanen, eta horrek neurritasunera bultzatu behar gaitu: megaproiektuen aurkako borroka ez da berriztagarrien aurkakoa izan behar, baizik eta neurritasunaren alde.

Hiri eremuen ur beltzak baliatu daitezke metanoa ekoizteko, landa eremuan egurraren biomasa modu neurritsuan erabili, itsasoan bero-ponpak etxebizitzen berotzeko… Eredu sendo bat eraiki nahian, anizkoitza izan behar da, eta biztanleekiko elkarlanean egina. Berant gabiltza, baina abantaila izan daiteke ere akats ezagun batzuk saihesteko, eta oligopolioen megaproiektuen eredua zabaltzen utzi baino, herritarren parte-hartzearekin gure eredu propioa sortzeko.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Megaproiektuen aurkako borroka ez da berriztagarrien aurkakoa izan behar

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria