McBride, murrizketak eta euskal etxea

 

McBride txostena delakoa, 1980. urtean Unescok argitaratutako dokumentu mamitsua da. Komunikazioaren inguruko hamaika datu biltzen dira bertan, baita mundu mailako legedia antolatzeko gomendioak ere. Estatu Batuek errefusatu zuten eta ez zen proposamena hezur-mamitu, baina hainbat gogoeta zabaldu zituen, baita gaiaren inguruko ikuspegi kritikoa izeki ere –honaino azalpen wikipedikoa–.

Bada aipatu txostenak hizpide duen kontzeptu bat, agerikoa izanagatik, aintzat hartzekoa dena: hedabideak eta ekoizpen kulturala kudeatzen dituenak, iritzi publikoan eta gizarteen balio-multzoan eragin nabarmena du. Gurera etorrita, baita ezaugarri soziolinguistikoetan ere.

Hots,  Europako eta batik bat Espainiako masa-komunikabide eta berri agentziek  Euskal Herriaz munduak duen irudia ia nahi bezala marraz dezakete, eta baita,  hein handi batean, euskaldunok beste estatu batzuetaz duguna ere.  Aldi berean,  soilik  –edo batez ere– Hollywoodeko film zein telesaiak kontsumitzen baditugu,  industria amerikarraren galbahea igaro duten ikuspuntu eta jarrerak ari gara barneratzen.

Ikus-entzunezkoak aipatu ditut, eta ez alferrik. Izan ere, telebista da –ia dena irauli duen interneten baimenarekin– azken 30 urteotan gure etxeetan   jaun eta jabe izan den hedabidea. Testuinguru honetan ulertu behar dira EAJk kulturara eta EiTBra bideratutako aurrekontuetan egin dituen murrizketak.

Globalizazioa –hala deitzen diogu “kultura” anglosaxoiaren kontsumoaren zabalkundeari– inoiz baino hedatuagoa dagoen honetan, hizkuntza eta identitatea mantendu nahi badira, ezinbestekoa da euskarazko euskal komunikabideak zein kultur eragileak artatu eta indartzea.  Hori horrela, azpiegitura “faranoikoak” lehenetsi izana larria da oso. Ez ote da Urkullu eta enparauei mesede gehiago egiten dietela “made in USA” balioek,  euskarak eta kultura propioak baino?

Arestian esan bezala internetek eta batez ere sare sozialek  komunikazioaren mundua irauli dute, eta amiñi bat bada ere, masa-hedabide tradizionalen boterea mugatu, informazioaren demokrazizaziora hurreratuz –ZuZeu bera kasu–.

Ezegegonkorra izanagatik, sarea abagune bat ere bada euskara eta euskal kulturarentzat. Tenorez horretan jarriz gero, orain gutxi arte ezukutuan gelditzen ziren iritzi eta sorkuntzak zabaltzeko eta publiko berriengana iristeko tresna izan daiteke, eta askori esker, dagoeneko bada. Haatik, amaigabea da lasterketa. Pasa den astean Bartzelonako Euskal Etxean osatutako mahai-inguruan Vicent Partalek (Vilaweb) hurrengo erronka gure hizkuntzak mugikorretara eramatea zela aipatu zuen esaterako.

Sarean zabaldutako edukiak ekonomikoki errentagarri bihurtzea beste kontu bat da, eta tamalez, instituzio publikoak hortan laguntzeko prest agertzea, pentsaezina. Alta, laguntza ezak ez luke ehundaka eragile eta bolondresen lana gelditu behar, Lander Arbelaitzek (Argia) mahai-inguru berean azaldu zuen gisan, sarean lehenengo iristen denak irabazten baitu.

NIRE KONTRA ESANAK