MASS zinema zikloa bultzatuz Buenos Airesen eta Montevideon
MASS zinema zikloa bultzatuz Buenos Airesen eta Montevideon –
Donostia Zinemaldiak, Málagako zinema-jaialdiak eta Orca Films ekoiztetxeak MASS zinema ziklo espainiarra bultzatu dute Buenos Airesen eta Montevideon
Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzarekin, ‘La casa’, ‘Los destellos’, ‘Mugaritz. Sin pan ni postre’, ‘Nina’, ‘Segundo premio’ eta ‘Soy Nevenka’ pelikulak emango dira azaroan eta abenduan
Donostia Zinemaldiak, Málagako zinema-jaialdiak eta Orca Films ekoiztetxe argentinarrak MASS bultzatzen dute, Buenos Airesen azaroaren 28tik 30era programatuko diren ekoizpen espainiarreko sei filmen zikloa. Emanaldiak abenduaren 2tik 4ra errepikatuko dira Uruguain, eta egun horietan Ventana Sur Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu garrantzitsuena hartuko du herrialde horrek. Jarduera horrek Espainiako Kultura Ministerioaren lankidetza du, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) bitartez, eta zinema espainiarraren nazioartekotzea babestearen eta bi zinema-jaialdiak Argentinako industriarekin lankidetzan aritzearen esparruan gauzatzen da.
José Luis Rebordinos eta Juan Antonio Vigar Donostia Zinemaldiaren eta Málagako zinema-jaialdiko zuzendariez gain, Espainiako ordezkaritza bat Buenos Aires eta Montevideo hirietara bertaratuko da pelikulen ordezkari gisa. Donostia Zinemaldiak Sail Ofizialeko bi film emango ditu: Soy Nevenka/I Am Nevenka –Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria– Iciar Bollain zuzendariak aurkeztuko du bi hirietan, eta Los destellos/Glimmers –Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra–, berriz, Pilar Palomero zinemagileak. Mugaritz. Sin pan ni postre filmak –Culinary Zinema Sariak– osatuko du programazioa, eta filmaren errealizadore Paco Plaza eta Andoni Luis Aduriz sukaldaria –dokumentalaren protagonista– izango ditu aurkezle.
Málagako zinema-jaialdiaren programazioari dagokionez, honako hauek aurkeztuko dira: Segundo premio / Saturn Return filma –Espainiako Film onenaren Urrezko Biznaga eta Zuzendari eta Muntaketa onenaren Zilarrezko Biznaga–, haren zuzendaritako batek –Pol Rodríguezek– eta haren ekoizle Cristobal Garcíak aurkeztuko dutena; Nina –Kritikaren Epaimahaiaren Sari Berezia–, Aina Picarolo aktoreak aurkeztuko duena, eta La casa –Gidoi eta Musika onenaren Zilarrezko Biznaga eta Publikoaren Saria–, Lorena López eta Marta Belenguer aktoreen presentzia izango duena.
Pelikulak Buenos Airesko Complejo Teatral eremuan (San Martín antzokiko Leopoldo Lugones aretoan) eta Montevideoko Movie Montevideo Shopping eremuan programatuko dira. Emanaldiei lotuta, prentsaurreko bat, Donostia Zinemaldiko eta Málaga zinema-jaialdiko zuzendarien arteko eztabaida bat Banco Macro dorretxeko auditoriumean, solasaldiak, bilerak eta topaguneak antolatuko dira Espainiako, Argentinako eta Uruguaiko industrien artean; halaber, eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin, Roberto Ruiz sukaldariak (Hika) Euskal Herriko eta Andaluziako produktuekin egindako koktel bat zerbitzatuko da bi hirietan.
Argentinan dauden bitartean, Donostia Zinemaldia eta Málagako zinema-jaialdia Buenos Aires, Entre Ríos eta Santiago del Estero probintzietako ordezkariekin bilduko dira, zinema espainiarranen eta argentinarraren arteko trukea eta harremana sustatzeko lankidetza-hitzarmen baten diseinuan lan egiteko.
MASS zinema zikloa bultzatuz Buenos Airesen eta Montevideon