Maltan erreferenduma: dibortzioa ezbaian
2004. urtean Malta irla txikia Europar Batasunean sartu zen. Hala eta guztiz ere, Europan orain hamarkadak onartu ziren dibortzio legeek ez dute eraginik izan. Larunbat honetan erreferendumean erabakiko dute bertako milioi erdi bizilagunek dibortzioa onartu ala ez. Harrigarriena: hiru egun falta direla ez dago emaitzaren iragarpen ziurrik.2004an Malta Europako Batasunean sartzearen alde %53k bozkatu zuen. Estatu katolikoa da eta elizaren eragina indartsua. Gobernuko alderdi kideen adierazpenak horren erakusle: “Ama Birgina oso minduta egongo da”, adierazi du Ekonomia Ministroak. Arthur Galea eliza buruak berriz, “Kristoren hitza okerrekoa dela esan nahi digute, Kristok inork baino gehiago dakienean zer den gizartearentzat onena”
Oposizioko alderdi laboristak ez du jarrera finkorik eta hiritarrei utzi die erabakia hartzeko ardura. Ostera, Alderdi Komunistak azaldu du erreferenduma gora behera dibortzio legea behar bat dela. Iskanbila areagotu egin da Maltan Europako Alderdi Berdeari erreferenduma ikuskatzeko eskaera atzera bota zaiolako.
Bitartean, Stand up! izeneko herritar mugimenduak dibortzioaren aldeko kanpainari ekin dio. Xelebrea da talde honek publikatu duen bideoa. Izan ere, erreferendumean dibortzio legea atzera botako den susmoa dute… Txapeldunen Ligako Finalak abstentzioa ekarriko duelakoan!