Malkoen uhartea
Ander Izagirre / www.anderiza.com
(Deia eta Noticias de Gipuzkoa, 2011ko martxoak 12).
…
Transatlantikoaren sotoetan pilatuta hamar edo hamabi egun igaro ondoren, emigranteak kubiertara igo eta Askatasunaren Estatua ikusten zuten. Eskuan ezpata bat zeukala iruditzen zitzaien askori. Hori da emigrante izatea, Georges Perec idazleak dioenez: ezpata bat ikusi zuzi bat dagoen lekuan… eta oker ez egotea. Nekazari europar haietako asko zur eta lur gelditzen ziren Manhattango etxe orratzen silueta ulertezinarekin: lerro zuzenetako mendikate bat zela uste zuten.
Amerikara joatea Ilargira emigratzea bezala zen, esan zuen Golda Meir emigrante eta gerora Israelgo lehen ministroak.
Ontziak ez ziren Manhattanen porturatzen, Ellis uhartetxoan baizik, han baitzegoen etorkinak jasotzeko zentroa. 1892 eta 1924 artean, hamabi milioi pertsona sartu ziren eraikin hartan miseria beltzetik, gosetik, gerratik, arrazakeriatik eta jazarpenengatik ihesi: ehunka milaka italiar, irlandar, ingeles, alemaniar, austrohungariar, ukraniar… Azken diruak eta ilusioak gastatzen zituzten Ameriketako apustua egiteko eta hantxe, Ellis uharteko areto zabalean, jokatzen zuten euren patua.
Oso urduri, larri, estu egoten ziren ilaran, jendetza arrotz batean murgilduta, berriketa ulergaitzek inguratuta, elkarren beldur, etxetik zekartzaten fardelak bistatik galduta, negar bizian uluka hasten ziren haurrak eskutik tinko helduta zango oihan hartan gal ez zitezen. Bost edo hamar minuturo pauso bat aurreratzen zuten, areto zentraletik funtzionarioen mahaietarantz sigi-saga egiten zuen ilaran. Begietako azterketen beldur ziren, trakoma arrasto batek kanporatze agindu automatikoa zekarrelako; sendagileek klarionarekin sorbaldetan marrazten zizkieten letren beldur, osasun arazoak adierazten zituztelako (H: bihotza; C: tuberkulosia; K: hernia; X: gaitz mentalak…); inteligentzia eta logika azterketen beldur, eta lau minututan 29 galdera egiten zien itzultzailearen beldur.
Ellis Island-eko harrera zentroa museo hunkigarri bat da gaur egun. Argazki galerian duela ehun urteko emigranteak ageri dira, funtzionarioen azterketa pasatzeko solemnitate handienaz jantzi zirenak: kosakoz jantzitako errusiarrak, tunika eta durbantedun aljeriarrak, senar-emazte hungariarrak traje berdinaz jantzitako ume mordoarekin… Zori onekoek lau edo bost ordu besterik ez zituzten irlan pasatzen. Beste batzuek zenbait egun igaro behar zituzten, azterketa zehatzagoak egiten zizkietelako. Eraikin zentralaren inguruko pabilioietan kanporatutako zaharrak egoten ziren, Europara bueltan eramango zituen ontziaren zain. Betiko banatu edo denok elkarrekin amore ematea erabaki behar zuten familiak. Emaztegai bakartiak, Amerikara zenbait hilabete edo urte lehenago emigratu zuen gizona euren bila azaldu arte uhartetik atera ezin zutenak. Eta egunak egunen atzetik, ez zuten notiziarik jasotzen –zergatik ez dator nire bila, zerbait gertatu al zaio, ez ote du nire eskutitza jaso, ala honez gero ez al du nigana etorri nahi?-, etxera itzultzeko berriz ontziratzen zituzten arte. Han atxikita zeudenen nerbioak lehertu egiten ziren tarteka, negar uholdetan. “Negar batean pasa nituen Ellis uharteko egunak”, gogoratzen du Fannie Klingerman errusiarrak. “Nire anai-arrebek negar egiten zuten, ni ere zotinka hasten nintzen. Ez nekien zergatik, baina negar egiten genuen etengabe. Hain tristea zen leku hura… ezin zen besterik egin. Denak aritzen ziren negarrez”. Uharteari island of tears, tränen insel, wispa lez, isola delle lagrime deitzen zioten: malkoen uhartea.
Hala ere, gehiengoak Ellis Island-eko bahea igaro zuen: etorkinen %2a soilik kanporatu zuten. Beste guztiek uhartea utzi, New York zapaldu eta bizitza berri bati ekin zioten, askok izena aldatuta: nortasun agiri berrian, Goldensternweiss abizena zeukanari Gold jarri zioten, Perinowsky Perry bihurtu zen, eta funtzionarioari ingeles itxurako abizena esan behar zion judutar aleman harri (“izena?”, “schon vergessen”, ez dut oroitzen) John Ferguson jarri zioten. Emigrante askok uste zuten Estatu Batuetako kaleak urrez zolatuta zeudela, baina azkar deskubritu zuten: 1) ez zeudela urrez zolatuta; 2) ez zeudela zolatuta; 3) eurek zolatu behar zituztela, egunean hamar edo hamabi orduz lan eginez soldata ziztrin baten truke. Ellis Island-eko Ohorezko Hormak ehunka milaka pertsona horien izenak erakusten ditu, Estatu Batuetako fabrikak, zelaiak eta hiriak bultzatu zituztenen memoria gordetzeko.
Kanporatu zituztenei buruz ez dakigu ezer. %2 txiki hori 250.000 pertsona dira, azken itxaropena galdu eta ozeanoan zehar bidali zituztenak, atzean utzi nahi izan zuten infernura bueltan berriz, irudika daitekeen bidaiarik ankerrenean. Ez ditugu euren historiak ezagutzen. Itsasoan desegin zen haien uhara.
Datu ikaragarri bat besterik ez zaigu gelditu: hogeita hamar urte pasatxo haietan, kanporatutako 3.000 etorkin suizidatu ziren Ellis Island-en.
Zuri-beltzean izoztuta, 1910eko argazki batetik begira daukagun amona italiar ikaratuaren eta gure artean amildegi bat zabaltzen da, inolako zubirik zeharkatu ezin duena. Baina Ellis Island-eko museoaren bisitak, digestio luzea eskatzen duenak, adibide gisa balio dezake Donostian 1976an jaio izanaren txiripaz jabetzeko. Eta gaur zabalik dauden beste amildegi horiek zeharkatzeko lanean lehen harri bat jartzeko.
[…] (Para leer el texto completo sobre Ellis Island: “La isla de las lágrimas” / “Malkoen uhartea“) […]
Wyoming-en finkatutako Martin Goikoetxea bertsolari gorritiarra 2010eko otsailaren 6an Ellis Island-en lau bertso kantatzen, euskaldunei buruzko ‘Hidden in Plain Sight: the Basques’ (Ezkutatuak begibistan: Euskaldunak) erakusketaren inaugurazioan.
http://www.youtube.com/watch?v=vkkJ3klrjhQ&feature=related
Ederra, Nehor, mila esker.