Mailukada baten zain
Zazpi hilabete daramatzagu mailukada baten zain, laster, zortzi izango dira, gure lagun Asel Luzarraga 2009eko abenduaren 31an atxilotu zutenetik.
Asel, lagun, seme, irakasle, iloba, idazle, maitale, aktibista. Milaka adjektibo daude gure laguna definitzeko. Badaude beste asko guztiz kontrakoa adierazten dutenak: hiltzaile edo terrorista, adibidez, nahiz eta Txileko justizia makinariak kontrakoa adierazi izan duen behin eta berriro, lehergailuak jarriz terrorismo ekintzak burutzea egotzirik.
Denborarekin, baina batez ere lan gogorrarekin, lagunok, sendiak, erakunde ezberdinek eta Jaime Madariaga bere abokatuak, bere askatasunerantz urratsak egitea lortu dugu, lehendabizi espetxetik atera eta etxeko atxiloaldia lortuz, ondoren, etxeko atxiloaldian kalera ateratzeko baimena lortuz, eta azkenik, kalean egoteko baimenaren orduak luzatzea eskuratuz.
Argi daukagu Txiletar estatuaren estrategia, Maputxeen alde lan egiten duen oro kriminalizatzea. Asel ere guda honetan borrokatu da, maputxeen alde, baina bere armak ez dira lehergailuak, pistolak ez fusilak. Bere arma bakarra, D’Artagnanek bere floretearekin duen trebezi berberarekin erabiltzen duen luma da. Luma, bolaluma edo teklatua, berdin da, hitzak, azken finean.
Ez dugu errugabetasuna ez den bestelako sententziarik onartuko, ez bait dago beste biderik deliturik egin ez duen inorentzat. Orain arte uste genuen, Txileko demokrazian, idaztea ez zela delitua, mailukada honek emango dizkigu erantzunak. Eta mailukada honek esango digu, Txiletar justizia sistemaren atzean oraindik mamu Pinotxetistak dauden edo ez.
Maputxeen mezua zabaltzen duenaren ahotsa itxi izan nahi bazuten, guztiz kontrakoa lortu dute, Aselen egoerarekin batera Maputxeena ere herriari zabaltzea lortu dugulako. Jendeak kultruna ikustean, herri maputxearekin erabat identifikatzen du, beraien gatazka gogoratuz. Aselen kasuarekin batera, ikur hau euskal herri osotik zehar eraman dugulako.
Epaiketa abuztuaren 25ean hasiko da eta bost egunez luzatuko da.
Bitartean, gure lagunaren etorkizuna erabakiko duen mailukadaren zain gelditzen gara.
Epaia emateko prest.
Euskal Herrian, 2010eko abuztuaren 24ean.
Joseba Martos.
Hau guztia dela eta kontzentrazioa deitu dugu abuztuaren 25erako, Bilboko Arriaga plazan, arratsaldeko 7:30etan.
Informazio gehiago aselaskatu.org webgunean.