Maiatzaren 15a: Al-Nakbaren eguna

1948ko maiatzaren 15ean NBEren 181 Ebazpena gauzatzeak ekarri zuen Palestina historikoa estatu judu batean (lurraren % 55 eman zitzaion) eta arabiarrentzako estatu palestinar batean (lurraren beste % 45arekin) zatitzea. Herri Palestinarra bere herri eta hirietatik ateratzea izugarrizko indarkeriarekin burutu zen armada eta milizia sionisten eskutik, eta palestinarren erbesteratze masiboa eragin zuen, egun Palestinatik kanpo 4,5 milioi errefuxiatu egotea ekarri duena. Data horri, aurten 62 urte bete dituena, palestinarrek “Al Nakba” (Hondamendiaren Eguna) deitzen diote.

62 urte horiek igaro ondoren, lurraldearen hasierako proportzio hori era ikaragarrian murriztu da, eta egun ia-ia ez da % 14 ziztrin batera iristen, Israelek Lurralde Palestinarren gainean garatzen duen okupazio erregimen basatiaren ondorioz; horretarako, lurrak bereganatu, baliabideak bere egin, Palestina barneko mugimendu askatasuna kontrol-gune eta blokeo bidez zorrotz murriztu  eta herrien arteko komunikabideak moztu egiten ditu. Bestaldetik, oinarrizko azpiegiturak suntsitu eta milioika lagun Apartheid Harresiaren atzealdean ixten ditu, honen 750 kilometro luzek Zisjordania osoa zokoratuko baitute.

Bitartean, Lurralde Palestinarretako bizimoduaren narriadura gero eta handiagoa da eta biztanleriaren sufrimendua jasanezin bilakatzen ari da. Israelek indarkeria ekintzekin jarraitzen du, modu ezin lotsagabean hilketa “selektibo edo estrajudizial” deritzenak, edota palestinar herriaren kontrako zigor kanpaina kolektiboak garatzen ditu, palestinarrak era bidegabean atxilotu eta espetxeratzearekin batera. Israelgo espetxeetan 12.000 palestinar preso baino gehiago daude.

Baina, egun arreta berezia eskaintzen duena, pasa den urteko sarraskiaren ondoren, Gazako Zerrenda da, bertan inguratu eta setiatutako milioi eta erdi lagun erabat egoera ankerra jasatera zigortuta daudelako. Oinarrizko elikagairik, ur edangarririk, osasun artapenik eta indar elektrikorik gabe eta Israel zehatz-mehatz suntsitzen ari den azpiegitura batzuekin, egoera hondamendi hutsa da, eta biztanleak etsita eta, txarragoa dena nazioarteko utzikeriaren tamainaren ondorioz, itxaropen oro galduta daude. Izan ere, genozidio hau ez legoke garatzerik AEBen eta Europar Batasunaren laguntzarik zein onarpenik gabe, bigarren honek Israel “lehentasunezko merkataritza-bazkidetzat” jotzen jarraitzen baitu.

Hori dela-eta, ezinbestekoa da gure agintariei eskatzea palestinar herriaren genozidioaren aurrean Israelekiko laguntzaren ordez boikot ekonomikoa eta politikoa ezar dezatela estatu sionistari presioa egiteko eta konponbide zuzen baten aldeko tresna gisa.

Al-Nakba

Irudia | Al-Nakba | Magne | Creative Commons By SA
al-nakba, Palestina

Elkartasun politikorako euskal erakunde internazionalista

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude