M17 Manifestazioa Iruñean
M17 Manifestazioa Iruñean –
Nakbak darrai: manifestazio nazionala Iruñean Palestinarekiko elkartasunez eta Israelekin harreman oro etetea aldarrikatzeko
…
Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 17rako, Iruñean. Ekintza Nakbaren 77. urteurrenaren harira antolatu dute, Israelek herri palestinarraren aurka daraman genozidioa salatzeko eta Palestinaren askapena aldarrikatzeko.
Plataformaren esanetan, Nakba —”hondamendia” arabieraz— 1948an hasi zen, Israelgo Estatuaren sorrerarekin eta milaka palestinar euren lurrak uztera behartuta izan zirenean. “77 urte geroago, Nakbak ez du etenik”, diote. Azken asteetan Israelek su-etenaren amaiera iragarri eta egun bakarrean 400 palestinar baino gehiago hil ditu. Erasoak etenik gabe jarraitzen dute Gazan, Zisjordanian eta inguruko herrialdeetan.
Komunikabideek bakearen diskurtsoa zabaldu duten arren, plataformak salatu du egungo genozidioaren aurrean nazioarteko instituzioek ez dutela benetako irtenbiderik emango. “Israeli armak saltzen dizkioten estatu eta enpresek ez dute genozidioa geldiaraziko”, adierazi dute.
Horregatik, boikotaren eta presioaren bidea indartzeko deia egin dute. “Israel hemen hasten da, eta hemen eraiki behar ditugu haren amaierarako baldintzak”, adierazi dute. Manifestazioa maiatzaren 17an izango da, Iruñean, eta herritarrei dei egin diete kaleak Palestinaren aldeko aldarriz betetzera.
…
Irakurketa M17
Egoeraren azterketa egin eta maiatzaren 17an, Nakba egunaren astean, manifestazio nazionalaren berri eman nahi dugu hurrengo lerroen bitartez.
1947aren azaroan, NBEk palestinarrek inoiz onartu gabeko Zatiketa Plana onartu zuen. 1948an, milizia sionisten sarraskien ondoren, Israelgo Estatuaren aldebakarreko sorrera eta britainiar okupatzaileen irteera gertatu ziren. Kanporaketa eta suntsipen prozesu horretan zehar, ehunka mila palestinarrek euren lurrak atzean utzi behar izan zituzten, itzultzeko esperantzarekin. Nakba izenez ezagutzen da garai hori, hondamendia esan nahi duena arabiar hizkuntzan. 77 urte beranduago, Nakbak darrai.
Hala ere, komunikabideek Israelen krimenak bi hilabetez ezkutatu eta bake giroaren errelatoa sinestarazi digutenez, hainbatek itxaropenez bizi izan ditu su-etenaren aste hauek. Martxoaren 18an, ordea, su-etena ofizialki bukatu zen eta entitate sionista garbiketa etnikoarekin jarraitzeko borondatean berretsi da. Egun bakarrean 400 palestinarretik gora erail zituen eta hamarnaka dira handik aurrera eraildakoak. Horretaz gain, Zisjordanian ere eraso etengabeak ematen ari dira eta bonbardaketek ez dute etenik Libanon, Sirian edota Yemenen.
Testuinguru horretan, herri palestinarraren aurkako genozidioak asaldatzen gaituen sektoreok bidegurutze argi baten aurrean gaude. Berriz ere atsekabea hedatu da nazioartean, zuzeneko emisio bidez jasotzen dugun genozidio bortitzaren aurrean. Noiz arte iraungo du genozidioak? Zer egingo dute palestinarrekin? Eta zer egin dezakegu? Galdera hauek bolo-bolo dabiltza gure artean, eta hauei erantzun egokiak ematea ezinbestekoa ikusten dugu Plataformatik, inpotentzia egoeratik atera eta palestinar herriari eta erresistentziari ekarpen erreal eta efektiboa egin nahi badiogu.
Nazioarteko gatazka eta botere-egituren aurrean gure burua hain txiki ikusita, aukerarik azkarrena da konponbidea gobernari eta nazioarteko instituzioen esku uztea. Horrela, gure papera haiei exigentziak egitera mugatuko litzateke, su-eten faltsuaren egoerara bueltatzeko. Ibilbide laburra du aukera horrek. Izan ere, nork finantzatzen eta armatzen du Israel? Nork finantzatzen du NBE eta Nazioarteko Justizia Epaitegia? Agerikoa da Nazioarteko instituzio politiko eta judizialak Israel finantzatzen duten estatu berdinen kontrolpean daudela, hau da, Mendebaldeko potentzien menpe, eta hortaz, haien interesei erantzungo diete.
Horren adibide garbia dira, adibidez, Estatu Batuek, Erresuma Batuak edo Frantziak NBEren Segurtasun Kontseiluan duten beto-eskubidea, edo Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak, Poloniak eta berriki Hungariak Nettanyahuren atxilotze-aginduari emandako erantzuna. Hortaz, argi izan behar dugu: genozidioaren amaiera ez da etorriko Israel indartzea bilatzen duten estatuengandik eta euren estatuz gaindiko instituzioetatik, eta haiei erreguka aritzea alferrikakoa da. Espainiako eta Frantziako Estatuak, noski, ez dira salbuespena, ezta euskal instituzioak ere.
Kontrara, beste bide baten alde egiten dugu guk, aurretik ere beste askok jorratu dutena. Ez da biderik errazena, ezta azkarrena ere, baina bai aterabide erreal bakarra. Palestina osoaren deskolonizaziora eta estatu sionistaren desagerpenera bidean, Israelen konplize guztiak konfrontatu behar ditugu, boikota bultzatuz eta entitate kolonialarekin harremanak hausteko presio eginez. Israeli armak erosten dizkioten enpresa eta instituzioak; armaz, trenez eta autobusez hornitzen dutenak; bere irudia garbitzen laguntzen duten instituzioak eta kirol- zein kultur-ekitaldiak; arazoaren erroa desitxuratzen eta erresistentzia kriminalizatzen duten alderdiak eta komunikabideak; palestinarren aldeko erretorikaz Israel indartzen duten gobernuak eta haiek osatu edo babesten dituzten alderdiak… Horien guztien aurkako borroka da Israel ahultzeko aukera bakarra.
Israel eta bere genozidioa hemen ere hasten dira eta hemen jarri behar ditugu bere desagerpenerako baldintzak. Borroka hori, eraginkorra izatea nahi badugu, ezin dugu instituzio eta alderdi konplizeen eskutik egin. Borroka horri Mendebaldeko potentziei eta euren interesei men egingo ez dien indar batekin ekin behar diogu, bai Euskal Herrian eta baita gainerako herrietan ere.
Hortaz, palestinar herriarekin eta erresistentziarekin elkartasunez, hurrengo asteetan Israelen konplize guztiek harremanak eteteko presioa eta boikota indartzeko deia egiten dugu. Horrekin batera, maiatzaren 17an, bi egun lehenago den Nakba egunaren harira, manifestazio nazionala egingo dugu Iruñean, kaleak Palestinaren askapenaren aldeko, Israelen aurkako eta harreman konplize guztiak etetearen aldeko aldarriz betetzeko.