Lurralde okupatuei buruzko testigantzak, istorioak eta protagonistak Gasteiz Konexioan

Lurralde okupatuei buruzko testigantzak, istorioak, protagonistak –

Lurralde okupatuei buruzko testigantzak eta istorioak, protagonistak Gasteiz Konexioan sentsibilizazio-jardunaldiaren bederatzigarren edizioan

  • Testigantzek, musikak eta istorio inspiratzaileek Gasteizen eta lurralde okupatuen arteko loturak ezagutaraziko dituzte, eta hausnarketa eragingo dute honen inguruan: zer dago gure esku giza eskubideen alde mobilizatzeko?
  • Territorios ocupados, non daude giltzak? izenburu iradokitzailepean, jardunaldia azaroaren 28an izango da Gasteizko Aldabe Gizarte-Etxean, 18:30etan. Olga Rodriguez kazetariak aurkeztuko du ekimena, eta La Basuk kontzertua emango du.

Lurralde okupatuei buruzko testigantzak, istorioak, protagonistakAzaroaren 28an, osteguna, Gasteiz Konexioan jardunaldiaren bederatzigarren edizioa ospatuko da, Territorios ocupados, non daude giltzak? titulupean (kartela atxikita). Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak antolatutako sentsibilizazio jardunaldia da. Nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 83 euskal GKE biltzen ditu sare horrek (horietako 30 Araban daude).

Mendebaldeko Saharak eta Palestinak hainbat hamarkada daramatzate okupaziopean bizitzen beren lurraldeetan, eta, horren ondorioz, murrizketak jasaten dituzte etengabe eskubideetan, mugitzeko muturreko mugak dituzte, eta mugatuta dute funtsezko zenbait baliabide eskuratzeko aukera, hala nola, ura, hezkuntza, osasuna eta enplegua eskuratzekoa. “Bi kasuetan, lurralde okupatu horietan bizi diren pertsonak indarkeriarekin eta segurtasunik ezarekin bizi dira, eta mehatxatuta dituzte oinarrizko eskubideak”, gogorarazi dute antolatzaileek.

Aurten, Gasteiz Konexioan ekimenak egunerokoak egoera horretan bizi diren pertsonen giza eskubideetan nola eragiten duen azpimarratu nahi du. Horretarako, Palestinako eta Saharako zenbait aktibistaren testigantzak izango dira jardunaldian, eta okupaziopean nola bizi diren kontatuko digute bertatik bertara. Era berean, herritarrek Gasteizen abian jarritako esperientzien berri ere emango da (genozidioaren aurkako kanpaldia unibertsitatean, Saharako haurrentzako Oporrak Bakean programa, eta Palestinaren aldeko Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpaina).

“Testigantzaz, istorioz eta esperientziaz betetako jardunaldia izango da, herritarrei aukera emango diena gogoeta egiteko errealitate horiek betikotzen dituzten arrazoiei buruz, bai eta herritarrek mobilizatzeko eta bidegabekeria horiei amaiera emate aldera antolatzeko dituzten moduei buruz ere”, iragarri dute. Olga Rodríguez kazetariak aurkeztuko du, eta La Basuk bere rap aldarrikatzailea partekatuko du.

Gasteiz Konexioan jardunaldiaren xedea da gure lurraldearen eta urrutiko beste leku batzuen arteko loturak erakustea, bereziki Arabako garapenerako GKE-ek lan egiten duten tokietan. Hala, gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzen esku hartzen duten herritar aktiboak eta parte-hartzaileak sortzen lagundu nahi dute. “Lotura horien ondorioz, gure kontsumo ekintzek, -jarrerek eta -ohiturek ondorioak dituzte gure ingurunetik haratago. Dena lotuta dago mundu globalizatu honetan: arropa, elikadura, energia, klima-aldaketa, osasuna, hezkuntza, pobrezia, aberastasuna, desberdinkeriak, eskubideak, aukerak, migrazioak, elkarbizitza…” diote.

Jardunaldia azaroaren 28an, ostegunean, izango da, 18:30etan, Gasteizko Aldabe Gizarte Etxeko antzokian. Saiorako sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte.

Jarduera honek Vitoria-Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Agentziaren laguntza du.

Lurralde okupatuei buruzko testigantzak eta istorioak, protagonistak Gasteiz Konexioan sentsibilizazio-jardunaldiaren bederatzigarren edizioan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude