Libiako ezegonkortasuna gure patriketan

Libiako ezegonkortasuna gure patriketan –

“Askatasunaren prezioa” esango du baten batek. Herria altxatzeak, baina batez ere Gadafik herriaren aurka eman duen erantzun basatiak erabat ezegonkortu du Libiako egoera. Gaitza baina egonkorra zen lehen: gaitza, aginte-boteretsuen eta herritarren arteko eskubide-baliabide-ekonomia desberdintasunak ikaragarriak zirelako, baina egonkorra bere erara eta bere nahietara Gadafik kontrolatua zuelako Libiaren ekonomia, eta horrek nazioarteari “laguntzen” zion berarekin negozioak egitera, petrolioa eta gasa baititu Libiak. Horrexegatik babestu du Europak Gadafiren Libia. “Ez dugu zure diktadura, zure gehiegikeriak, eskubide-urraketak salatuko, negozioak egiten ditugun bitartean”.

Mendebaldearen zinismo eta zurikeriaren erakusgarri da Munduko Diru Funtsak argitaratu berri duen txostena. Libiako ekonomiari buruz iragan urrian hasi zuen txostena argitaratu du iraultza lehertu bezperetan, eta txostenak “ongietorria” ematen dio “jarrera makroekonomiko indartsuari eta sektore pribatuaren rola indartzeko egindako garapenari”, eta baita “bankuak pribatizatzearen eta jaiotzen ari den finantza sektorearen alde egiten ari den programa handinahitsuagatik” ere. Begi horiek begiratu izan dio bada, oraintxe arte, Mendebaldeak Libiari, kasu, txostenak ez du aipatu ere egiten Libiako langabezia tasa altua, %30ekoa.

Herria altxatzearen atzetik, egonkortasuna hautsi da. Eta orain, Libiak ez die balio Europari eta AEBei negozioak arriskurik gabe egiteko. Bi adierazle argi daude: petrolio upela azken bi urteetako maximoetara iritsi da eta enpresa-petrolerek lurraldea utzi dute. Gaur arte, Libian 1,6 milioi kupela petrolio ekoizten ziren eguneko Libian.

Analistek adierazi dute Ekialde Hurbileko egoera egonkortu bitartean “mugimendu handiak” egongo direla petrolioaren prezioan. Petrolioaren prezioa 107 dolarrera iritsi zen atzo, eta horrela jarraituz gero, 2008ko krisi ekonomikora irits daitekeela aurreratu dute. Argi dago, beraz, guregana iritsiko dela gorakada.

Afrikako iparraldean petrolioa eta gasa ekoizten duten ehun birfindegik ekoizpena gelditu dute, eta Libia laga dute Repsol-YPF espainiar-argentinarrak, ENI italiarrak (Libiatik ateratzen du produzitzen duen petrolioaren %14), OMV austriarra (%9), Total frantsesa (%3), eta Statoil norvegiarrak(%0,2), besteak beste. BP eta Shellek ere utzi egin dute lurraldea, nahiz eta landa azterketan ari ziren soilik.

Tunisiak, Egiptok eta Libiak badituzte antzekotasunak, gizarteak oso era desorekatuan garatu dira, klase sozialen arteko zatiketa ikaragarria izan arte; botereak ahalegin guztiak egin ditu oposizio politiko egituraturik egon ez dadin; eta Europak erregimen horiek guztiak babestu egin ditu. Baina desberdintasunak ere handiak dira, Tunisian eta Egipton baino korrupzio handiagoa dago askoz Libian, esate baterako.

Orain arte iraultzak eta aldaketak errepublika izan diren herrialdeetan gertatu dira Tunisian eta Egipton, eta Libian, ez monarkietan. Horrela jarraiki, hurrengoa Aljeria izan liteke.

Gadafik ez duela Libiako Gobernua utziko esan du

Irudia | Gadafik ez duela Libiako Gobernua utziko esan du | z | LGPL
Libiako ezegonkortasuna gure patriketan