Liberalek irabazi dituzte Poloniako hauteskundeak
Poloniaren demokrazia garaiko hauteskunde estuenetakoa izan zen atzokoa. Gaueko ordu txikietan argitaratutako emaitza ofizialen arabera, eskuin liberaleko hautagai Bronislaw Komorowski izan da garaile bozen bigarren itzulian, botoen %52,6a eskuratuz. Bere aurkari Jaroslaw Kaczynski ultrakontserbadorea ez da urrun gelditu liberalarengandik, botoen %47,4a lortu baitu.
Hortaz, Herri Plataformako (PO) hautagai Komorowski izango da Poloniako estatuburu datozen bost urteetan. Inkestek botoen %51-53aren babesa aitortzen zioten liberalari eta Legea eta Justizia alderdi tradizionalistako (PIS) lehiakideari berriz, botoen %47-49a.
Bere anaia Lech Kaczynskiren gobernuaren politika ordezkatzekotan aurkeztu zuen bere burua ordezkari azken honek. Presidente ohia hegazkin istripu batean hil zen iragan apirilean eta, hain zuzen, hark utzitako hutsunea betetzeko aurreratu zituzten bozak.
“Demokrazia poloniarra izan da garaile”, adierazi zuen Komorowskik boto asmoaren azken zenbatezpena jakin bezain laister. Izan ere, ekainaren 20an ospatutako bozen lehen itzulian baino zabalagoa izan da herritarren parte-hartzea; edonola, ezin dugu pentsatu %56 hutsak herritar guztien iritzia ordezka dezakenik.
Osasun, gizarte segurantza, adiministrazio publiko eta hainbat sektore ekonomikotan ezarri gura ditu erreformak Komorowski liberalak. Bestalde, murrizketa esanguratsuak burutu beharko ditu gobernuburu berriak defizit publikoa %3an utzi eta Eurozonan sartu ahal izateko, 2010aren azkenetan %6,9koa izango dela aurrikusten baita.