Lennon eta Che
Lennon eta Che –
Ziurrenez orain zuetako askok hartu duzuen bezala, ezuste galanta hartu nuen nik aurrekoan, interneten saltseatzen ari nintzela argazki hau ikustean. Googleren kontuak. Inoiz ikusi gabea neukan. Che eta Lennon inoiz elkartu zirenik ere ez nekien. Noiz izan zen? Nola? Zergatik ez ote zegoen XX. mendeko ikonografian: Einsten mihia ateratzen, Yaltako konferentzia, napalak erretako neskatila vietnamdarra herritik ihesi, Oswald tirokatua… baita Lennon eta Che beraiek ere, hamaika iruditan, baina nor berean beti, milaka kilometrora bata bestearengandik. Orain, ordea, elkarrekin, aurrez aurre gitarra jotzen. Argazkia ezin ederragoa da, gainera. Lennon eta Che, Che eta Lennon, biak XX. mendeko ikononoak, garaikideak, agian 60ko hamarkadako pertsonaiarik esanguratsuenak, beste inork baino hobeto laburbiltzen baitute garai hura: iraultza kulturala eta iraultza politikoa.
Beste inork baino hobeto laburbiltzen dute garai hura: iraultza kulturala eta iraultza politikoa
Baina nik argazki eta topaketaren berri izan gabe. Ba ote dago beste argazkiren bat Chaplin eta Hitlerren arteko solas atsegina betikortu zuenik? Agian Einsten arbelaren aurrean Marilyn arretatsu bati erlatibitatearen teoria azaltzen?
Jakina, susmo txarra segituan piztu zitzaidan, argazkia benetakoa ote zen. Sarean ikertzen hasi nintzen, eta erraz aurkitu nituen irudiaren nondik norakoak:
“Jesus baino ospetsuagoak gara”
Topaketa 1966ko abuztuaren 11n gertatu omen zen, Chicagon. Beatlesak Estatu Batuetan kontzertu bira egiten ari ziren eta, bat-batean, iskanbila piztu zen Lennonek gazte aldizkari batean egindako adierazpen zahar batzuk zirela-eta: “Jesus baino ospetsuagoak gara”, esan zuen hartan, ospearen eta ospetsuen eraginaren gaineko hausnaketak egiten ari zela. Eta esan bezala, geroago, biraren erdian, esaldia testuingutik atera eta bazter kontsebadoreetan antikristoa aurkitu uste izan zuten, hau da, soka luzea zekarren inmoralitate hari guztiari aurre egiteko aitzakia. Dylanek arrazoi zuelako, “garaiak aldatzen ari ziren”, baina deabruaren norabidean edo.
Tornadoak sortzen diren barneko lautadetatatik apaizek Beatlesen diskorik ez erosteko eskatu zuten, betiko kondenazioa saihestu nahi bazen, San Juan bezperan bezala milaka binilo metatu eta su ematen zieten bitartean. Beatlesak nora joan, neskatila saldoek garrasika eta kuleroetan txiza eginez maitasuna aitortzen jarraitzen zieten arren, amorru berberaz, baina gorrototik, ehundaka lagun ere biltzen ziren lintxamendurako prest, KKK-ekoak lehen lerroan, noski. Polizia tartean eta Liverpoolekoei heldu ezinik, Jainkoaren beldur jokatzen zuten haiek jarraitzaileak makilarekin joz lasaitzen zituzten barne kristauak, eta beatlesak kamerinoan prestatzen kontzerturako. Beisbol zelaian, Brian Epstein managerren kezka nagusia emanaldian frankotiratzaileren batek tiro egitea zen, bereziki, Lennoni, eta eszenatoki albotik, txikleak konpultsiboki murtxikatzeari utzi gabe, begi zorrotzez miatzen zituen harmailak, ikuskizuna hasi orduko noiz amaituko luze iritzita. Hiru urte eskas ziren Kennedy hil zutenetik.
Agian ez zuen taldearanak egingo
Abuztuaren 11 hartan Chicagoko irrati batean pentsaurrekoa egin zuten berriro azalpenak eman eta berriro barkamena eskatzeko. Ez zuen zerikusirik izan aurretik egin zituztenekin: inork ez zuen galdetu noiz moztu behar zuten ilea, zein janari zuten gustuko, neskalagunik ote zuten…; horrenbestez, beatlesek ez zuten inolako ateraldi barregarririrekin erantzun. Estu hartu zituzten kazetariek, eta estu erantzun zuen Lennonek, apal eta umil, bizitzan inoiz apal eta umil izan bazen. Agian barkatuko zituzten, agian ez zuen taldearanak egingo…
Topaketaren berri urteak pasata jakin zen
Pentsaurrekoa bukatuta, Lennonek irratiko estudio batean bilatu omen zuen babesa arnasa hartzeko. Gitarrari heldu eta abestiak kantatzen hasi zen. Halako batean, begirada altxatu eta aurrez aurre Che Guevararekin egin zuen topo. Eta ezer gutxi gehiago dakigu: elkarrekin eman zuten tarte laburrean, abestu egin zutela baino ez, eta Chek ez omen zekiela ez abesten ez gitarra jotzen, hobeto iraultza egiten. Topaketaren berri urteak pasata jakin zen, lekuko bakarra orain dela gutxi behingoz argitara aterako argazkia. Irratiko langile batek egin omen zuen.
Irratiko langile batek egin omen zuen argazkia.
Baina non egon da gordeta orain arte? Brian Epsteinek ezkutatu ote zuen? Argazkia ere bahitu ote zuen Kristoren iskanbilari Che komunista ez gehitzeko? Logikoa izango zen. Alde horretatik jakin-mina ase, eta horrekin batera argazkiari irribarrez begiratzeko baimena, markoan jartzeko baimena. Zein ederra den! Lennon eta Che, iraultza biolentoa eta iraultza baketsua, metafora ederragorik! Harik eta beste zalantza bat pizten den arte: zer demontre egiten zuen Chek Chicagon 1966an eta beatle batekin gitarra jotzen?
Brian Epsteinek ezkutatu ote zuen?
Congoko porrotaren ondoren, Chek bost hilabete eman zituen Praga inguruko herri batean, Ladvin. Gero, urte hartako udan, Kubara itzuli zen Boliviarako bidaia prestatzera. Dena sasian egin zuen, sekretupean. Inork ez zekien non zegoen Che, Cuban Fidelek eta beste gutxi batzuek baino ez, harik eta 1967an CIAk Bolivian kokatu zuen arte. Boliviara jo baino lehen, joan-etorri azkarra egin al zuen Estatu Batuetara? Halako bidaia egin bazuen, sekretupean behar izan zuen, horren berririk ez baitago. Baina, sekretupean eta Lennonekin bildu, beatle batekin?
Che beatle batekin?
Musika ez, baina Chek Lennonen letrak miresten zituela ere irakurri dut sarean, han hemen argazkia azaldu nahi duten testutxoetan. Chek “musika inperialistaz” eta Beatles taldeaz esan zuena gorabehera, arazo objektiboa da 1966ra arte John Lennonek eta Beatlesek maitasun abesti txepel bikainak baino ez zituztela egin. 16 urteko neskatilen amets aitorrezinak deskribatzen maisuak izan ziren, desio ezkutuak pizten, baina ez desio iraultzailerik, ez Cherenak, ez politikorik zentzu hertsian, “eskutik heldu nahi dizut” mutilari esaten neska baten ahoan jartzea bestalako iraultza izan baitzen.
Egia da 1966an Lennon aldatzen hasi zela eta musikan mugak puskatzen hasi zela, Rain, Tomorrow never knows eta harrezkero egosten ari zen Strawberry Fields forever abestiak lekuko, baina oraindik oso urrun zebilen aldaketa politiko-intelektual batetik, oso urrun erreginari Britaniar Inperioko Domina itzultzetik. Esan liteke 1968 urtean, Che hil eta urtebetera, hasi zela intelektualki interesgarria izaten intelektoa zer zen ere ez zekitenentzat.
Lennon ez zen inoiz izan intelektualki interesgarria izan.
Argi esanda: Lennon ez zen inoiz izan intelektualki interesgarria izan, ez garaiko intelektualentzat, ez intelektualak izan nahi zutenentzat. Bere hausnarketarik sakonena Sarrionandiak maisuki deskribatutako kontzientzia tragikoaren jabe izatea izan zen, Prometeok bezala, gorenean zegoela bere status pribilegiatuari uko egitea kontzientziak eskatzen ziona betetzeko. Ez da gutxi, areago, historian gutxik egin dute horrelakorik. Zentzu horretan, Lennon Chek inoiz aldarrikatu zuen benetako iraultza egin zuen, berak bakarrik, bakartasunean. Baina Chek ez zuen inoiz hori ikusi, lehenago hil zuten. Lenonnen zigorra Prometeorena bazain ankerra izan gabe ere, Cherena bezain heroikoa izan gabe, azkenean berak sortutako munstroak jan zuen. Ghandi berria bihurtu zuten, IRAri diruz eta musikaz eskuzabal lagun ziola ahazturik. Azkenean, ero batek hil zuen, mito bihurtu, Che bezala. Baina, 1966 hartan, Che eta Lennon hain urrun zeuden elkarrengandik, hain urrun gela berean elkarrekin gitarra jotzetik…
Argazkia faltsua da, noski. Ezinezkoa da dena: lekua, denbora, pertsonak… Lennon bera zaharra da 26 urte izateko. Itxura, ilea, arropa… ez datoz bat garai harekin, are gutxiago prentsaurreko mitiko eta egiazko hartatik etortzearekin. Irratiko estudioa baino grabazio estudio da hori. Lennonen fender telecaster modelo hori 1966an?
Zergatik jarraitu egiaren bila?
Internetek gezurra eta egia gordetzen ditu bere baitan, gutako bakoitzak bezala. Zergatik jarraitu egiaren bila? Baina nola egin traizio norberari? Benetako argazkiak bi dira. Nagusia 1972koa da, “Some Times in New City” diskoaren grabaziokoa, eta Cheren ordez Wayne Tex Gabriel da Lennonen aurrez dagoena, kontratatutako musikaria.
Bigarrena 1960 urtearen inguruan Cheri egindakoa da. Burua moztu eta bestaren gainean itsatsita dago, Cheren buruan makurtuta eta txima ederrak gehituta ertzak zuritzeko:
Faltsua, ametsa bukatu da, the dream is over, eta halere, hain ederra! Faltsifikazio bikaina da, begiari baino, arimari egiten baitio ziria, desioari. Egileak engainatu nahi izan gaitu, ala hausnartarazi? Nolanahi ere, irudia sortuta dago, orain erreala da, inoiz geratu ez zen arren, hortxe dago. Metafora ederra da, baina ez da bakea eta biolentziaren metafora txepela. Desioa eta ekintza dira, esan eta egin. John Lennon eta Ernesto Che Guevara.
Bi hitz: Ze ona.
Eskerrik asko, Iñaki.
Aupa!
Ez dut artikulua irakurri (desiatzen nago), baina jada kezka bat: Che Bolivian hil zuten 1967an, eta esango nuke Lennonen argazki hori 1967 baino gerogokoa dela. Gero irakurriko dut oso-osorik, orain tarterik ez dut eta!! 🙂
Oops! Ezin izan dut ebitatu irakurtzea, eta ikusten dut erridikulua egin dudala aurreko komentarioan. Ken dezakezue nahi baduzue! 🙂
Bestalde, gustatu zait testua, baina zoritxarrez Lennonen inguruko topiko gehiegitxo ikusi ditut: uste dut bere figura konplexuagoa dela, baina garbi dago idatzi batean zaila dela hori adieraztea. 1966ko Chicagoko agerraldia mitikoa izan zen, Lennon berak negar egin omen zuen bukatu eta gero, eta, bai, izan zen komentario barregarririk, youtuben bila dezakezue.