Leninen inperialismoari buruzko teoria eta Marxen Kapitala (I)
Leninen inperialismoari buruzko teoria eta Marxen Kapitala (I) –
Arteka Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren (EHMS, aurrerantzean) aldizkari teorikoan argitaratutako Inperialismoa eta iraultza: kapitalismo aurreratuari buruzko eztabaida sozialdemokrata argitaratutako artikuluan Leninen inperialismoari buruzko teoria kritikatzen da. Kritika honen mamia, nik uste, laburtzen da honako pasarte honetan:
Leninen Inperialismoaren lehen akatsa da nolabait ekoizpen eredu kapitalistaren legeen historizazioa egiten duela. (…) Marxen Kapitalaren helburua, aldiz, ez da gizarte kapitalistaren historiako aldi jakin bateko legeak esplizitatzea –lehia askeko kapitalismo liberala, esate baterako–, baizik eta kapitalak dominatzen duen gizarte oro gidatzen duten legeak azaltzea, lege horien garapen maila edozein izanik ere.
Izan ere, artikuluaren egilearen arabera, Leninen teoriaren gainontzeko ustezko akatsak lehendabiziko honen ondorioak dira. Ene aburuz, baina, Leninen kapitalismoaren legeak historizatzea egia den arren, ez du egiten hori artikuluan esaten den moduan. Hots, ez du esaten sistema kapitalistaren garapen-urrats ezberdinek lege ezberdinen mende daudela. Aldiz, hauxe da Leninen sistemaren legeak historiatzeko modua:
“…lan honen azken helburua-Marxek dioenez Kapitalaren prologoan-da, jakina, sozietate modernoa zuzentzen duen mugimendu legea aurkitzea” (..) Historikoki determinatutako sozietate baten produkzio-harremanen ikertzea, haren sorrera, garapena eta gainbeheraren zehar (Lenin, Carlos Marx, 12. orrialdea)
Honen arabera, beraz, legeak dira, batez ere, kapitalismoaren garapen historikoaren legeak. Kapitalismoa sortzera, garatzera eta gainbeherara daraman mugimendu-legeak. Mugimendu honetan kontserbatzen da, noski, kapitalismoaren esentzia. Baina, Freemanek (The limits of Ricardian value: law, contingency and motion in economics, 14.orrialdea) dioen legez, bai Hegelentzat bai Marxentzat legea objektiboki emandako erlazio bat da, zeinaren bitartez esentziak itxuraren bidez bere burua adierazten duen. Eta, bistan denez, kapitalismoaren esentziak ez dauka bere burua modu berean adierazterik sorrera-, garapen- eta gainbehera-garaiotan. Lege kontzeptuaren ulermen positibista dutenentzat, noski, hau guztia aztoragarri samar izan daiteke.
Izatez, Marxen Kapitalaren Leninena bezalako irakurketa “historizistak” (nik dialektikoak esango nuke) piztiarik beltzenak dira mendebaleko marxismo akademikoarentzat zein bere adar militante troskistak edo ezkerreko sozialdemokratak. “Marxismo” hau, baina, langile-aristokraziaren adierazpen politikoa ezker muturrean denez, objektiboki, eta klase honek haren bizimodu pribilegiatua gainirabazi inperialistei zor dienez, ez da harritzekoa Leninen inperialismoari buruzko teoria arbuiatzea.
Hemen kritikatzen ari den artikulua aipatutako langile-aristokraziaren ideologia horren eraginpean dago. Testu honetara soilik mugatzen ez dena, tamalez. Zantzu argiak ditugu eragina hori EHMSren ildo politikoan txertatuta dagoela pentsatzeko. Esaterako, Lenin1924-2024 teoria iraultzailearen gaurkotasuna deritzon kongresura gonbidatutako hizlarien jitea: aipatutako mendebaleko marxismo akademikoa ukitu troskizante nabarmenarekin. Bestalde, oro har, mugimendu horren joera “beharginzale”, operaismo italiarraren zentzuan. Badago, ordea, joera horretatik aldentzen den datu positiboren bat: Palestinarekin Elkartasun ekimenaari emandako sostengua, alegia. Orokorrean, baina, mundu-sistema kapitalistaren erdigune inperialistako beste nazioetako sozialisten artean bezala, EHMSan ere eurozentrismoa eta internazionalismo abstraktua nagusi dira.
Eztabaidatzen dena, beraz, ez da kontu eskolastiko hutsa. Aitzitik, kritika honetan planteatu gura den eztabaida teorikoa beharrezkoa delakoan nago, hain zuzen ere, gainditzeko kritika honen jomuga den artikuluan seinalatzen den egoera:
… estrategia iraultzailean modu koherentean txertatutako inperialismoaren kontzeptu teoriko bat izan gabe jarraitzen dugu. Sozialismoaren iragana, oraina eta etorkizuna azalduko dituen narrazio zientifikorik gabe jarraitzen dugu, oro har. Nolanahi ere, egungo politikaren ortzimugan gero eta indar handiagoz ageri zaigu iraganean baino askoz ere ondorio zorigaiztokoagoak izango lituzkeen mundu mailako gerra. Eginbehar ukaezin modura ageri zaigu agertoki hori saihesteko gaitasuna duen subjektua berrantolatzeko agindua, edo, halakorik ezean, subjektu horretan garaipen asmotan interbenitzea.
Ondo planteatura dago arazoa, beraz, ebazpenerako bidean, Ondo hasitako bide honetan Leninen inperialismoaren teoria zabortegira botatzen den arren, oker handia dena. Areago, artikuluak, era inplizituan izan arren, planteatzen du ere Leninen teoria horrek duen arazo erreal bat. Izan ere, 1916ko liburu famatu hartan:
Leninek ez du inperialismoa teorizatzen kapitalaren konposaketa organiko gorakorraren edo irabazi-tasaren joera beherakorraren arabera, Dusselek [1] dioen bezala. Inperialismoaren azterketan dagoen osagabetasun teoriko hori atipikoa da Leninengan, eta kontraste nabarmenean dago Errusiako garapen kapitalistari buruzko bere analisi ekonomikoekin, kapitalismoaren kategorietan sendo oinarritzen baitira, batez ere kapitalismoaren faseen antolaketa eta edukia;…
(Andy Higginbottom, Gold Mining in South Africa Reconsidered: New Mode of Exploitation, Theories of Imperialism and Capital, 9. orr.)
Inperialismoari buruzko teoria leninistak behar du, beraz, funtsatze teoriko sendo bat Marxen Kapitalak soilik eman diezaiokeena. Honela eraikitako teoria batek eta ez beste ezek eman ahal digu behar beharrekoa dugun estrategia iraultzailean modu koherentean txertatutako inperialismoaren kontzeptu teoriko hori. Eraikuntza teoriko hori komunisten arteko debatearen fruitua izan daiteke bakarrik. Sarrera hau eta etorriko diren beste batzuk debate hau sortzeko ekarpen xume bat dira.
[1] Towards an Unknown Marx: A commentary on the ‘Manuscripts of 1861–63, 2001′, London/New York: Routledge; Marx and the Concept of Dependency, 2003, Development in theory and practice : Latin American perspectives liburuan, Chilcote, Ronald H. (ed)Lanham, MD. : Rowman & Littlefield.
Leninen inperialismoari buruzko teoria eta Marxen Kapitala (I)
Inteligentzi Artifizialari buruz, ze nolako eztabaida izan zuten??? XXI.garren mendeko lurra planetara jeitsi zaitezte, arren!!!!!
Monk, proposatutako eztabaida hau komunistentzat da ez teknologiaren fetitxistentzat. Ez bazaizu guztatzen ikusten duzuna ez begiratu eta kito.
Mesedez Monk!! Eztabaida hau ez da teknologiaren fetitxistentzat, ez eta historia pixka bat ezagutzen dutenentzat ere. Bakarrik ezjakinek edota miloika heriotz sortu eta aspaldian porrota demostratu zuen sistema baten nostalgikoek har dezakte parte.
Ez, ez da historia “made in Hollywood” adituentzat ere.
Apaizei eta monjei esaten nien bezala: utzi gure gazteak pakean! Gorde zuen ideiak zuen kastakoentzat.
Joanikot, zure eskuzabaltasuna eskertu nahi dut: nahiz eta Ipar Koreara bizitzera joan izan, hango sistemaren onurez gozatzeko, gogoan duzu Euskal Herria eta bidea erakusten diguzu.
Euskal McCarthysta maiteok, erantzun hau guztientzat da eta izango duzue azkena iruzkin antikomunistetan bizitza adimentsua detektatu arte behintzat. Ez zarete nor niri esateko nori utzi dudan behar baketan, non bizitzeko, zer idatzi behar dudan etab. Eta erlaxa zaitezte, sarrera gehiago argitaratzeko asmotan nago eta.
Horrela hitz egiten da, Joanikot. Ez etsi!
Euskal Herriak umoristak behar ditu!
So will der Spitz aus unserm Stall/Uns immerfort begleiten,/Und seines Bellens lauter Schall/Beweist nur, daß wir reiten. (J.W. Goethe)
Kontuz drogekin Joanikot.