Leninen inperialismoari buruzko teoria eta Marxen Kapitala (III eta azkena)
Leninen inperialismoari buruzko teoria eta Marxen Kapitala (III eta azkena) –
Aurreko sarreran, Lenin inperialismoari buruzko teoria eta Marxen Kapitala (II), esan zen kapitalismoa dekadentearen iraupen luzearen sekretua inperialismoa edo, gauza bera dena, monopolio-kapitalismoa izan dela. Egokitzen zaigu orain, beraz, azaltzea zergatik den horrela, beti ere, Kapitalaren teoria eta, batez ere, Balioaren Legea oinarri hartuta.
Kapitalaren zentralizatzeko eta kontzentratzeko joerak ahalbideratzen du merkatuaren funtzionamendu “normala” baldintzatzeko nahiko handiak diren kapital batzuk sortzea. Hala ere, kapitala hauek ez daukate, inola ere, Balioaren Legea erabat indargabetzerik. Euren alde manipula dezakete lege hori eta ez beste ezer.
Egin dezaketena eta egiten dutena da, funtsean, oztopatzea indar produktiboen garapena. Irabazi-Tasaren Joera Beherakorraren Legearen (ITJBL, aurrerantzean) ondorioak arintzen dute honela. Kapital horiek, noski, ez dute hau egiten nolabaiteko “altruismo kapitalista” bategatik. Euren irabazi-tasei eustegatik baizik. Gainirabazi monopolisten alde borrokatzen edota beste kapital monopolista batzuekin adiskidetsu adosten irabazien banaketa. Egia da, bestalde, estatu kapitalistak, burgesia osoaren interesen ordezkaria den aldetik, ITJBLaren ondorioak arintzeko neurriak har ditzakeela. Hala ere, ez dago mundu-estatu kapitalista bat, ez eta mundu-burgesia bat ere. Daudena dira burgesia “nazional” ezberdinak munduan zehar eta bakoitzaren interes komunak ordezkatzen dituzten estatu independenteak. Horiek hala, estatu bakoitzak egin ahal duena da haren burgesiari gainirabaziak eskuratzen laguntzen edota, berriz ere, irabazi horien banaketa adiskidetsua munduko beste estatu kapitalista batzuekin ituntzea. Laburbilduz, kapitalismoaren bizitza luzatzeko neurriek kapital monopolisten gainirabaziak eskuratzeko borrokaren ondorioak izan behar dute.
Dena den, ITJBLa ahultzeko modu bakarra da produkzio-kapitalean egindako inbertsioa murriztea. Kapital-Metaketa, ordea, erabat eragotzi ezin denez, produkzioan metatu ez den kapital horrek finantza edota merkataritzara joan behar du, nahi eta nahi ez.
Azken kapital hau zein produkzioan erabilitakoa balioztatzeko behar da, jakina, langileei ordaintzen ez zaien produkzio-lana, gainbalio-forman. Lehenean, baina, ez da, definizioz, gainbaliorik ekoizten eta bigarrenean, berriz, gainbalio erlatiboaren ekoizpena (Marx, El Capital Libro 1, 256. orrialdea) mugatuta dago, indar produktiboen garapena mugatuta dagoen neurri berean, gainbalioa ekoizteko beste bi modu geratzen dira soilik beraz: gainbalio absolutua (Marx, ibid., 256. orrialdea) eta langilearen soldata bere lan-indarraren balioaren azpitik murriztea (Marx, ibid., 255. orrialdea)
Kapitalismoak bere bizitza luzatzeko, beraz, langileen esplotazioa areagotu behar du. Suposatzen duena estatu burgesaren aparailuak indartzea, errepresiboak batik bat, eta langileen erresistentzia ahulduko duen gainpopulazio erlatiboa handitu behar da. Azken hau kapital-metaketaren berezko ondorioa bada ere, (Marx, ibid., 473-547 orrialdeak), kapital handien jarduera monopolistak indartzen du. Hala ere, egoera hau sistemaren egonkortasunerako laster jasanezina izango litzateke mundu-proletariotza zatitu barik. Alde batetik, gutxiengo pribilegiatu bat, orokorrean, teknologia aurreratuak lanean erabiltzen dituena eta, bestetik, masa handi bat txarto ordaindutako lan astunaren eta gainpopulazio erlatiboaren artean oszilatzen dena. Langileriaren zatiketa honek nazio zapaldu eta zapaltzaileen arteko mundu-zatiketa (Lenin, II Congreso de la Internacional Comunista) forma historikoa hartu du. Ideologia burgesak langileen pobretzea porrot pertsonal baten ondorioz (langile batzuk saiatuak dira, beste batzuk alferrak, batzuk “ekintzaileak” dira beste batzuk pasiboak…) aurkezten digun antzeko moduan “azaltzen” dira nazioen arteko ezberdintasun izugarriak: nazio batzuk modernoak dira beste batzuk atzeratuak, batzuetan lanaren eta ahaleginaren kultura sendoa dute beste batzuetan alferkeria da nagusi, batzuetako instituzioak sendoak beste batzuetakoak ahulak etab.
Mundu-Sistema kapitalistaren antolatzeko modu hau da haren iraupena ulertzeko gakoa. Bera izan baita mundu-iraultza proletarioaren oztopo objektibo nagusia. Izan ere, egia da kapital-metaketak baduela honako joera hau:
… areagotu egiten da miseriaren, zapalketaren, morrontzaren, endekapenaren eta esplotazioaren masa, baina langile-klasearen errebeldia ere areagotu egiten da, klase horren kopurua etengabe handitzen baita eta produkzio-prozesu kapitalistaren mekanismoak berak diziplinatzen, batzen eta antolatzen baitu.
(Marx, ibid., 581. orrialdea)
Baina inperialismoak, monopolio-kapitalismoak, lortu du joera hau arintzea. Nahiz eta egia izan proletarioen kopurua etengabe handitzen dela, miseriaren, zapalkuntzaren, morrontzaren, endekapenaren eta esplotazioaren masarekin batera, burgesia inperialistek, alde batetik, lortu dute produkzio-prozesu kapitalistaren mekanismoak berak gehien diziplinatzen, batzen eta antolatzen duen proletariotzaren sektorea klase horren gutxiengo bat izan dadila, eta, bestetik, gutxiengo hori burgestu eta usteldu dute, munduko langileriaren gehiengoaren gainesplotazioari esker. Horiek hala, iraultza proletarioa nazio zapaltzailetatik, Mundu-Sistema Inperialistaren erdigunetik, urrun mantendu dute eta gotorleku hori seguru egon denean periferian, nazio zapalduetan, iraultza mugatu ahal izan dute ere bai.
Kapitalismoari metamorfosi inperialista, beraz, oso errentagarri izan zaio orain arte. Galerak izan diren arren. Lehena, aski ezaguna denez, 1917koa: Tsarren inperioa zena galdu zuten. Gainera, iraultza hau estatu inperialista batean gertatu zen, nazio zapalduen multzo bat bilakatzeko arrisku gorrian zegoen bat izan arren. Handik gutxira iraultza erdigunetik hurbil ibili zen: Alemania, Hungaria… Eta gehiago hurbildu zen Bigarren Mundu Gerrarekin eta handiagoak izan ziren galerak: Ekialdeko Europa, Balkanetan, Korea, Txina, Vietnam… Hala ere, inperialistek irakasgai garrantzitsu ikasi zuten XX mendeko lehen erdialde nahasi horretatik: oso arriskutsua dela euren artean borrokan ibiltzea.
Harez geroztik, eutsi diote, kosta ala kosta, fronte inperialista bateratu bat mantentzeari. Estatu eta mugimendu sozialisten zein nazio zapalduen nazionalismo antiinperialisten aurka. Honela, deskolonizazioaren periodoan kalteak mugatzea lortu zuten eta geroago arrakasta handiak: Sobiet Batasuneko, Ekialdeko Europako eta Balkanetako kontrairaultzak, nabarmenak. Izan ere, bazirudien arrakasta erabatekoa izango zena. Hau da, garai bateko koloniek eta erdi koloniek, Txinak barne, otzanez eta apalez onartuko lukete euren lekua munduan. Nazio Zibilizatuen azpian noski. Eta hor ere, azpian, egongo lirateke Sobiet Batasuna izan zenaren zatiak, gehienak behintzat. Honela, gainirabaziak behetik gora arazo handirik gabe joango lirateke, nazio zibilizatu beraietan bake sozial santua bermatzeko. Gogoratu behar da beti, baina, mundu-mailako aberastasunaren banaketa ez dela, inola ere, intrintsekoki eskasak diren bizitzarako baliabideak eskuratzeko borroka “natural” baten ondorioa, kapital-metaketaren beharren ondorioa baizik.
Bestalde, egun fronte bateratuaren inperialismo hori edo inperialismo unipolarra, globalizazioa ere deitzen zaiona, krisi larrian aurkitzen da. Zeinaren azken buruko kausa masa esplotatu eta zapalduen erresistentzia den. Eta krisi horrek hartu duen forma komunistoi gehien gustatuko litzaigukeena ez bada ere, ezin diogu ez ikusiarena egin edo guretzat erosoak diren molde teoriko abstraktuen bortxaz sartu.
Aitzitik, Lenin parafraseatuz, esan genezake historiak berretsi dituela Marxen ideiak:
… oro har; baina konkretuki gauzak ezberdin funtzionatu dira; inork espero zezakeen baino originalagoak, bereziagoak, aldakorragoak izan dira.
(Lenin, 1917, Letters on Tactics)
Egia esan, aurreko aipamena ez da Marxen ideiei buruzkoa, Errusiako iraultza demokratikoari buruzko teoria boltxebikeaz baizik. Hala ere, balio du armen bidezko kritikarako arma kritikoa izan gura duen edozein teoriarentzat eta ederto osatzen da Leninek testu bereko honako aipamen honekin :
… ezinbestekoa da marxista batek bizitza errealaz eta errealitateko egiazko gertakariez jabetu beharraren egia eztabaidaezin hura argi izatea, eta ez atzoko teoria bati atxikitzea, zeinak, teoria guztiek bezala, kasurik onenean, garrantzitsuena edota orokorra dena baino ez duela zirriborratzen eta soilik hurbiltzen dela bizitza islatzera bere konplexutasun guztian.
“Teoria, adiskide, grisa da, bizitzaren zuhaitz eternoa, ordea, berdea da”.
(Lenin, ibid., komatxoen arteko esaldian Leninek Goethe Fausto bere antzezlanean aipatzen du)
Hauxe da, ene ustez, gure aurrean dugun ataza teorikoa une historiko honetan. Aukera bat dena, zeren eta inperialismoaren krisi honek iraultzen olatu berri bat ekar bailezake, baina arrisku handia ere bai, faxismoa eta mundu-gerra emaitza posibleak ere badirelako, humanitatearen suntsipena ekar diezaguketenak. Gure espeziaren geroa, beraz, komunisten belaunaldi berrien esku dago.
Leninen inperialismoari buruzko teoria Leninen inperialismoari buruzko teoria