Leku Urrunen Atlasa: Panfilov parkea, Bishkek
Kirgizistaneko hiriburua den Bixkekeko zentroan dago Panfilov parkea, gaur egun Kirgizistango parlamentuaren atzealdean eta Leninen estatuaren ondoan. Bixkeken dauden parke ugarietako bat da. Herritarrek diotenez Bixkek SESBen garaian “hiriburu berdea” goitizena zuen. Ez da kasualitatea, zentro osoa ez ezik etxeen artean eta kale nagusi guztietan zuhaitzak daude nonnahi. Parkeak bost puntako izar baten itxura du, eta horrek galdera bat egitera behartzen gaitu: nor zen Panfilov horrelako parke bat merezi izateko?
Ivan Panfilov
Ivan Vasilievitx Panfilov gaur egun Errusiako Federazioan dagoen Petrovsk hirian jaio zen. Sobietar Batasuneko militar garrantzitsua izan zen eta, hil ondoren, SESBeko Heroi izendatu zuten. Urriko Iraultzaren ostean Armada Gorrian boluntario izan zen, eta Uraletara bidali zuten Gerra Zibilaren garaian Kosako Zurien aurka borrokatera. Bertan tifusarekin gaixotu eta gerra utzi behar izan zuen. 1920an Poloniara bidali zuten gerran parte hartzera, eta boltxebikeen alderdian izena eman zuen. 1921an Ukrainara bidali zuten eta bertako hainbat gerrillen aurkako borrokatan parte hartu zuen.
Basmakiak
Errusiako Inperioak Turkestan eskualdea kontrolpean hartu zuen, leku gutxi batzuk kenduta, XIX. mendearen bukaeran. Turkestan musulmanean uzbekiar, tadjikar, turkmeno, kazako eta kirgiak bizi ziren, oso erlazio korapilotsuetan, baina ekonomia eredu ezberdinekin. Errusiak kotoia landatu zuen, lehen proletargo bat sortuz lurrik ez zuten nomaden artean. Musulmanak izanda ez zuten zertan Errusiako Armadan parte hartu: Nafarroan bezala kintetatik at bizi ziren. 1916an Errusiako Inperioak behar handia zuen bere armada indartzeko, eta kintak sartu zituen, musulmanak ere armadan parte-hartzera derriigortuz. Gertakariak haserre handia piztu zuen eta “Basmakien matxinada” gisa ezagutzen den gertakaria hasi zen. Hurrengo urtean boltxebikeek boterea hartu zuten Errusiako Inperioan zehar, eta Gerra Zibila hasi zen. Egoera probestuz musulmanen mugimendu politikoek estatu independienteak lortzen saiatu ziren eta kontrola bereganatu zuten Fergana bailaran (beranduago bisitatuko dugu atlas honetan).
Errusiarrek hainbat lekutan autonomia onartu zieten (adibidez Taxkenten bizi ziren musulmanen gainean) eta Turkiako “Gazte Turkiarrak” mugimenduan oinarritutako hainbat gazte talde ezkertiarrak ere babestu zituzten bertako botere tradizionalaren aurrean.
Itzuliko gara beste momenturen batean Basmakien altxamendura, lasai.
Panfilov basmakien aurka
1924ko martxoan Turkiak ere hauspotutako basmakien aurka egiteko Turkestanera bidali zuten Panfilov. Urtez urte eskailera militarrean gorantz joan zen, Turkestanen zehar SESBen boterea ezartzen zuen bitartean. 1938an Kirgizistaneko SESaren komandante militar izendatu zuten. 1940an General Nagusi izendatu zuten. Hurrengo urtean Alemania naziak SESB inbaditu zuen eta Panfilov Moskuren defentsan hasi zen buru-belarri. Bertan hil zen, 1941eko azaroaren 18an, 48 urte zituela. Hil ondoren SESBeko Heroi izendatu zuten.
Volokolamsk Autobidea: Israelen sorrera eta Kubako Iraultza
1944an Alexander Bek izeneko idazleak trilogia bat idatzi zuen Panfilov “pertsonaia” oinarri hartuta. Bere lehen liburua “Volokolamsk Autobidea” da, eta nik behintzat inoiz entzun gabeko zerbait bada ere, agian XX. mendeko liburu irakurrienen artean egongo da.
1946an hebreeraz itzuli zuten, eta sortu berria zen Israelgo Armadak oinarrizko liburu gisa hartu zuen bere soldadu guztientzat. Errusiak ere bere bidea egiten zuen liburu honekin, Panfiloven figura indartuz. Txinako Alderdi Komunistako militante orok irakurri beharreko liburua zen Armadan parte hartu behar bazuen. Alemania Demokratikoan ere eskuliburu izan zen.
Fidel Castrok dio liburua irakurtzen bururatu zitzaiola Kubako Iraultzarako ideia garrantzitsu bat, gerora ere Euskal Herrian bere eragina izango zuena (Kubatik, ez SESBetik!): “herriak ni babesteko Aberriarekiko maitasuna hedatu behar nuen, ideia hori nobela irakurri ostean bururatu zitzaidan”.
Panfilov parkea gaur egun
Parkearen sarreran Ivan Panfiloven eskultura dago, baina hori ez da bere punturik interesgarriena. Zentroan egonda aisialdirako leku bikaina da, eta bertan jartzen dituzte umeentzako barrakak (udan, gutxienez!). Gaztetxoek ere bere lekua dute “gizontasuna” frogatzeko. Igotzeko eskailerak, punteria frogatzeko tirapitxoiak, indarra frogatzeko boxeo makinak. Bere izar formako parkearen erdian iturri eder bat dago, argiekin gauean, eta jateko zein garagardo bat hartzeko hainbat leku. Bixkek bisitatzen baduzu, zaila izango da bertatik ez igarotzea, egia esan. Baina zentroa bisitatu baduzu eta ez baduzu ikusi… pasa zaitez bertatik, merezi du eta!