Leku Urrunen Atlasa: Kochkor
Ordu batzuk mashrutkan igaro eta gero Balykchyra iristen gara. Bertan aldaketa egin behar dugu eta Kochkorrera doan taxi partekatu bat hartu. Denboratxo bat hartuko digu, baina aukera ederra da taxistekin prezioen inguruan hitz egiteko. Beno… ulertzen saiatzeko. Izan ere eurek kirgizera eta errusiera hitz egiten dute, eta gure nazioarteko hizkuntza ingelera da. Hala ere badira hitz unibertsal batzuk: benzin (gasolina edo…), jleb (ogia), vodka, pivo (garagardoa)… badira ere zeinuz adierazi daitezkeen beste batzuk: etxea, kotxea, soldata… horien inguruan taxistekin hitz eginez Balykchyko autobus geltoki hustuan igaro daiteke arratsaldearen zati handia.
Balykchyk ez du ikusteko ia ezer ere ez. Behinola bertara iristen zen trena, eta Sobietar Batasunak bertan egiten zituen torpedoen frogak, mendebaldearen begiradatik oso oso urrun. Gaur egun krisi larrian, industriarik gabe eta inongo perspektibarik gabe bizi dira, nahiz eta badirudien Errusia eta Indiak berriro nahi dituztela bertan torpedoen frogak egin, itsasoetatik urrun.
Iritsi dira gure taxikideak. Emakume nagusi bat, ume-gaztetxo bat eta mozkor dagoen bikote bat. Garagardoarekin igotzen dira kotxearen aurrealdean, eta gu hirugarren lerroan jartzen gara: 6 pertsonentzako taxi partekatua da, nahiz eta kotxe familiar bat baino ez den. Kochkorrera bidea hartzen dugu. Bikote mozkorrak garagardoak irekitzen ditu eta emakumeari botila erortzen zaio umearen gainean. Leihotik paisaia bitxia ikusten da: ez dago etxerik, harriak eta bailara irekiak baino ez. Laster iritsiko gara Chu ibaian sortu duten urtegira. Bertan ikusten ditut, lehen aldiz nire bizitzan, gameluak. Ez dromedarioak… bi konkordun baktriar gameluaz ari naiz.
Eta hara iritsiko gara Kochkorrera. Herria hedaduraz ertaina da, baina etxe baxuak direlako. Zentroa ere errepide gurutze bat baino ez da, pare bat tabernarekin eta merkatu batekin. Taberna horietako batean garagardoa eskatuko dugu, eta kañeroa dute, baina kañeroak mahaira ematen du zuzenean, egurran botaz garagardo soberakinak.
Fama irabazten ari da Kochkor. Bertatik joan daiteke gure helmuga den Song Kol lakura. Eta hamarnaka dira trekkinga eskaintzen dituzten enpresak. Gure aukera CBTa da (Community Based Tourism). Besteak baino pixka bat garestiagoa da, baina seguruagoa izateaz gain, ordaindutako diru guztia harremana duzun familientzat da. Turismo kooperatiba bat, azken finean.
Prezioa eta ibilbidea aurrez adostua genuen. Eta ez zen merkea Kirgizistaneko prezioetarako. Baina bertara iritsita koooperatibaren kudeatzaileak hartzen gaitu. Eta prezioa aldatu dela ikusten dugu: askoz merkeago. Uste dugu, oraindik, aurrekoak zaldian egiteko prezioa eman zigula eta guk ez genuen gure burua ikusten egunero 6-7 ordu zaldi gainean emateko.
Etxe baten helbidea ematen diote taxistari. Eta han familia batek hartzen gaitu, afari oparoarekin. Lehen eta azken aldiz ikusi nituen bertan tomatearekin egindako “orejoiak”. Eta gure gelak pareta guztiak tapizekin estalita ditu. Han pasako dugu gaua, hurrengo goizean Kochkorretik Song-Kolerako hiru eguneko txangoaren zain.