Leku Urrunen Atlasa: Issyk Kul lakua (II. atala)
… aurretik: I. atala
Uda heltzen denean Ipar Hemisferioan bizi garen askok klima hobearen bila egiten ditugu bidaiak hegoaldera. Hondartza aukeratzen duen orok badaki hobe dela eguraldia ziurtatzea eta, horretarako hegoalderako bidea hartu ohi dugu. Horrela Europako iparraldetik Mallorca, Andaluzia edo Tunisiarako bidea egiten da; Ekialdeko Europatik Kroazia eta Egiptora; Ekialdeko Errusiatik Vietnam eta Tailandiara; eta zer egiten dute erdialdeko Errusian, Kazakhstanen eta Siberian bizi direnek?
Issyk Kul ez da izozten eta ura epela da. Horregatik milaka dira bertara turismoa egitera joaten diren errusiar eta, batez ere, kazakoak. Cholpon-Ata eta bere inguruak dira turismoa erakartzeko lekurik garrantzitsuenak. Goi-mailako hotel batzuez gain bere malekoi txikia ere badu, hondartza eta apartamentuak. Flotadoreak eta igeriketa egiteko beste hainbat tramankulu slatzen dira Bixkek-Karakol errepidearen bi bazterretan.
Sobietar Batasunaren garaian izozten ez zen lakuaren inguruan hainbat “sanatorium” ireki zituzten. Stalinen garaian turismoa era antolatuan egiten bazen ere, Brezhnev eta Khrustxeven garaietan turismo librea ere garatzen hasi zen. Hala ere Issyk Kul masa-turismorako gunea izan zen. 1980ko hamarkadan 350.000 turista jasotzen zituen urtero, SESBeko beste lurraldeetatik etorrita. Asko funtzionarioak ziren, baina baziren Alderdi Komunistako aparatuko kideentzako leku berezi eta “sanatorium“ak ere. Horietako batean hartu zuen atseden Juri Gagarin lehen kosmonautak espaziotik bueltan, adibidez. Baina bere lasaitasun, klima eta uraz gain, Cholpon-Ata badu beste atrakzio bat: Sakek (eszitak) egindako petroglifoak. K. a. 800. urtetik 1200. urterarte hainbat petroglifo eta monumentu megalitiko eraiki zituzten bertan, eszitek lehenengo, turkoak ondoren, herritar garaikideek orain.
Petroglifoen museoa
Museoa deitzen diote, baina zelai bat da, antzinako glaziar batek utzitako morrena eta boulder ugarirekin. Ez da erraza iristea, bertako turismoa hondartzara orientatuta baitago. Imaginatu Benidormera joatea eraikin historikoak ikusteko. Zaila da, beraz, inor joaten ez den “museo” horretaraino iristea. Taxi bat negoziatzen dugu herriko zentrotik, Bixkeketik Karakolera baikoaz motxila eta guzti. Negoziazio txiki baten ostean prezioa erdira jaisten dugu eta aireportu zaharreko bidea hartzen du: lur-hartze pista karril indeterminatuak dituen bide bat da orain. Zirkoa dago pistaren hasieran, eta urrun ikusten da bukaera.
Iristen garenean harriz beteriko zelai bat da. Hesi batekin inguratuta dago eta sarrera irekita, handik metro batzuetara etxola sinple bat. Etxolara iristerako bere atzean siesta egiten dagoen zaindaria ikusten dugu, larri, ziurenik ez zuelako egun osoan inor han espero. Kamiseta bat jartzen du, ur trago bat hartu eta jasotzen gaitu. Estatistikak direla eta, nondik garen galdetzen du errusieraz. Ez diogu ulertzen eta herrialdeak esaten hasten da: “Errusia, Germania, Frantzia…”. Espainia, esaten diogu, azalpen luzeagorik ezin dugulako eman.
Petroglifoak gizon honi bost. Futbolaz hitz egin nahi du. Espainiako talderik onenak Real Madrid eta Sevilla direla esaten digu eta Georgiako Tbilisi hirian Europako finala jokatuko dela adierazten du nazioarteko hitz estandarrak erabilita. “Barselona – Sibilia”, antza. Espiniarrak bagara, Sevillarekin joan beharko ginatekela esaten du, Bartzelona ez delako Espainiako taldea. To eta no. Ulertu du. Gu Athletic de Bilbaoren zaleak garela argituta, han zaltzen digu ezin garela igo arroketan (horretarako arroka batera igotzen da eta besoak X bat eginez gururatzen ditu) eta mapa bat sarreran dagoela esaten digu. Mapa hain da generikoa eta alferrikakoa, hobe dela, sinmas, zelaitik paseoa egitea eta egitura ezberdinak ikustea.
Petroglifo gehienek animaliak dituzte. Badira gutxi batzuk gizakiak dituztenak, ehizan. Eta modernoagoak diren hegazkinik ere badagoela irakurtzen dugu. Eszitek VIII. menderarte egin zituzten petroglifoak. Ondoren herri turkikoren batek (hau da, kirgizak edo kazakoak, ziurenik) egin zituen besteak, XIII. menderarte. Petroglifoez gain badira ere cromlechak eta harrespilak, lekuaren sakratutasuna markatzen dutenak.
Euria egingo duela dirudi, baina egun beroa da. Buelta egitea erabakitzen dugu, bertatik ordu erdi pasatxo eman eta gero. Oinez egiten dugu hegazkin pistatik bide erdia, ahalik eta norbaitek gelditu eta autostopean taxi paradaraino eramaten gaituen. Bertatik egingo dugu Karakolerako bigarren txanpa… baina hori kontatu aurretik, baditu Issyk Kulek argitu beharreko beste misterio batzuk… adibidez aurrekoan aipatutako katalanek ezagutzen zuten armeniar eliza misteriotsu horrena.